Biziaren osagaiak, zerutik erorita

Juanma Gallego

Bi meteoritotan materia organikoa aurkitu dute, gatz kristaletan babestuta. Zientzialariek proposatutakoaren arabera, ura zegoen ingurune batean sortu ziren biziaren osagai hauek, eguzki-sistema jaio eta gutxira.

Seguruenez, zientziak eta gizateriak aurrean duten erronkarik zirraragarrienetakoarekin lan egiten dute Lurretik kanpo bizia ote dagoen aztertzen dutenek. Urratzeko duten bidea, ordea, ez da erraza. Milaka argi-urtez bidaiatu duten fotoiei etekina atera behar diete, espektrografiaren bitartez, bertan bizirako oinarri izan daitezkeen molekulen islak ote dauden igartzeko. Halere, horrek ez du ziurtatzen argiaren bitartez atzemandako molekula horiek lurretik kanpoko biziaren testigu direnik.

1. irudia: Marokon 1998an eroritako Zag meteoritoan agertutako kristal gatzak. (Argazkia: Queenie Chan / The Open University)

Astrobiologoek Lurrean bertan ikertzen dute ere, eta espazioan izan daitezkeen antzeko baldintzetan gure planetan biziak aurrera nola egiten duen aztertzen dute, batez ere, organismo extremofiloen bizimodua arakatuta. Halere, horrek ez du ziurtatzen organismo horiek lurretik kanpoko biziaren testigu direnik.

Alabaina, noizean behin, meteoritoetatik berri onak datoz. Horrek esan lezake nonbait, noizbait bizia egondakoa dela unibertsoan. Halere, horrek ez du ziurtatzen… bai, jakina. Astrobiologoek etengabeko zalantzarekin lan egin behar dute. Aparteko adierazpenek aparteko frogak behar dituzte, eta “apartekotasun” hori astrobiologia beraren jatorrian dago.

Itxaropenak pixkana pilatzen dira, ordea. Horren adibide da Science Advances aldizkarian plazaratutako ikerketa bat. Asteroide gerrikoan jatorri duten meteorito pare batean biziaren sorrerako oinarri izan daitezkeen materialak topatu dituzte. Ura zein konposatu organikoak batera dituzten meteoritoak aurkitzen diren aurreneko aldia da.

Emaitza berriak orain atera badituzte ere, duela 20 urte aurkitu ziren meteorito horiek, bakoitza toki eta une desberdinean. “Monahans” izenekoa Texasen (AEB) erori zen, 1998ko martxoan. “Zag” deitutakoa, berriz, Marokon jaso zuten, urte bereko abuztuan.

Arroka puska horiek erori eta bi urtera izan ziren lehen ezustekoak. 2000ko ekainean Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian utzi zuen bi meteorito hauetan eguzki-sistema eratu zen garaiko ura zegoela. Ikerketa horretan bertan argudiatu zen bizia sortzeko baldintzak bazirela eguzki-sistema sortu eta gutxira. 17 urte geroago, meteorito horien analisiari esker, zientzialariek informazio berria eskuratu dute orain.

Denbora kapsula

Karbonoa, oxigenoa eta nitrogenoa aurkitu dituzte espazioko arroketan, eta baita hidrokarburoak eta aminoazidoak ere. Urarekin batera, bizia sortzeko beharrezkoak diren osagaietako batzuk, hain zuzen. Material organiko hori gatz kristalen barruan gordeta mantendu da. Ikerketa taldeko kide David Kilcoyne zientzialariak anbarean harrapatuta gelditzen diren intsektuekin alderatu du kontua. Kilcoyne Lawrence Berkeley (Kalifornia, AEB) laborategiko zientzialaria da. Bertan egin dituzte, hain zuzen ere, gatzen azterketa, X-izpiak erabilita.

2. irudia: Zeres planeta nanoan (irudian) eta Hebe asteroidean kokatu dituzte meteoritoen jatorria. (Irudia: NASA)

Lortutako datuek ideia argi bat babesten dute: materia organiko hori ura egondako toki batean sortua dela. Egileek uste dute material hauek duela 4.500 milioi urte inguru sortu zirela, eguzki-sistema eratu eta gutxira. Proposatu dutenez, meteoritoen jatorria Zeres planeta nanoan eta Hebe asteroidean egon daiteke. Orain bi objektu horiek Marte eta Jupiterren artean dagoen asteroideen gerrikoan kokatuta daude. Gogoratu beharra dago, Nazioarteko Astronomia Batasunak duela hainbat urte finkatutako irizpideen berrien arabera, planeta nanoa dela Zeres; baina, funtsean, asteroide gerrikoaren objekturik handiena dela ere.

Antzinako eguzki-sisteman materialen garapena aztertzeko bidea emango duela uste dute zientzialariek. Zehazki, eta egileek babestu dutenez, gatz kristal hauek ikertzea lagungarria izan daiteke Europa edo Entzelado bezalako ilargietan izan zitezkeen hasierako prozesu biologikoak hobeto ezagutzeko. “Halitazko kristalek eta euren barruan dauden material organikoek eguzki-sistemaren hasierako materialen mugimenduari eta hasierako historiari begira dagoen leihoa” zabaltzen dutela azaldu dute ikerketa artikuluan.

Ikerketa hau, funtsean, panspermiaren hipotesi ezaguna babesteko beste argudio bat litzateke. Espaziora jaurtikitako arroka hauetan gorde litezke bizia garatzeko beharrezkoak diren hainbat konposatu. Bestalde, gatzen barruan egoteak espazioaren ingurune latzetik babesteko bidea emango lieke konposatuei.

Ikerketa artikuluan babestu dute izotz-sumendietan egon daitekeela abiapuntua: “Europa edo Entzelado bezalako ilargiak ulertzeko bidean, kriobolkanismoaren bitartez sortu diren eta gero espaziora jaurtikiak izan diren halita kristalak eredu bikainak dira objektu hauetan sor daitezkeen prozesu aurrebiotiko eta balizko prozesu biotikoak aztertzeko”.

Azpimarratu beharra dago konposatu horiek berez ez dutela ziurtatzen… bai, hala da. Ez dute ziurtatzen bizia garatu daitekeenik. Dena dela, eguzki-sistemaren hasiera nolakoa izan zen eta bizia sortzeko zer nolako aukerak zeuden igartzeko bide aproposa da. Eta, zergatik ez, gure eguzki-sisteman bertan bizia aurkitzeko ametsera ere hurbiltzen gaitu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Queenie et al. Organic matter in extraterrestrial water-bearing salt crystals. Science Advances 10 Jan 2018. Vol. 4, no. 1, eaao3521 DOI: 10.1126/sciadv.aao3521

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #186 - Zientzia Kaiera

[…] gerrikoan jatorri duten meteorito pare batean biziaren sorrerako oinarri izan daitezkeen materialak topatu dituzte. Ura zein konposatu organikoak batera dituzten meteoritoak aurkitzen diren lehen […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>