Asteon zientzia begi-bistan #186

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Arkeologia

Ezaguna zen Mexikon uraren azpian leize handi askoak zeudela. Izan ere, azken glaziazioaren ondorioz uholdeek kobazulo asko urperatu zituzten. Azken urteotan hainbat antzeman dituzte zientzialariek eta asteon Sustatun azaldu digute urpeko kobazulo sistema handiena aurkitu dutela Yucatanen. 347 km-ko luzera du sistemak eta biodibertsitate aberatseko ingurunea omen da.

Astronomia

Asteroide gerrikoan jatorri duten meteorito pare batean biziaren sorrerako oinarri izan daitezkeen materialak topatu dituzte. Ura zein konposatu organikoak batera dituzten meteoritoak aurkitzen diren lehen aldia da. Orain lortu dituzte emaitzak baina meteorito horiek 1998an erori ziren: bata Texasen eta bestea, Marokon. Erori eta bi urte geroago hasi ziren lehen emaitzak agertzen. Orain informazio berria erantsi diote horri. Karbonoa, oxigenoa eta nitrogenoa aurkitu dituzte espazioko arroketan eta baita hidrokarburoak eta aminoazidoak ere. Egileek uste dute material hauek duela 4.500 milioi urte inguru sortu zirela. Esan dutenez, Meteoritoen jatorria Zeres planeta nanoan eta Hebe asteroidean egon daiteke.

Genetika

AKT1 du izena eta gene bat da. Historian zehar asko ikertu da gene hau, izan ere ikertuenen artean 10. postua dauka. Koldo Garcia genetistak hurbiltzen digu gene honen ezaugarriak Edonola blogean. 14. kromosoman kokatuta dago AKT1 eta Cowden eta Proteus sindromeekin, eskizofreniarekin eta minbizi mota batzuekin lotua izan da. Honez gain, aipatzekoa da gene honen zeregina ez dela nolanahikoa, zelulen biziraupena, tumoreen eraketan eta glukosaren aurreko erantzunean zerikusia baitu berorrek. Xehetasun guztiak Generik ikertuenak: AKT1 artikuluan.

Klima-aldaketa

Azken hiru urteak neurtu diren beroenak dira Munduko Meteorologia Erakundeak aditzera eman duenez. 2017ko munduaren batez besteko tenperatura 14,3 gradukoa izan zen, hau da, 1981etik 2010era bitarteko aldiko epeko batez besteko tenperatura baino 0,46 gradu beroagoa.

Medikuntza

EHUko ikerketa batek frogatu du faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoa parkinsonaren sintomak arintzeko eraginkorra dela. Parkinsonaren eredu batekin egin dute lan, zehazki, bi faktore aplikatu dituzte eta frogatu dute bi horiek emanez gero, neurona dopaminergikoen endekapena nabarmen murrizteaz gain, zelula berriak sortzea eta bereiztea bultzatzen dutela.

Zientzia Kaierak eman du honen berri ere. Testuan azaltzen den moduan, eredu esperimentala gaixotasunak eragiten dituen aldaketa morfologikoak eta funtzionalak aztertzeko balio duela egiaztatutakoan, faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoak aplikatu dira. Bi faktore aplikatu dira: endotelio baskularraren hazkunde faktorea (VEGF) eta zelula glialetatik eratorritako faktorea (GDNF). Faktore horiek parkinson gaixotasunean dituzten efektu onuragarri eta sinergikoak frogatu dira.

Nazioarteko ikerketa batek lipidoen sintesian parte hartzen duen entzima bat identifikatu berri du. Badirudi, hori inhibituz gero, saguetan prostatako minbiziaren metastasia geldiarazten duela. Horrek agerian utzi du lipidoak minbizi-zelulen hazkuntzan eta metastasian inplikatuta daudela. Arkaitz Carracedo Pérez CIC bioGUNEko ikertzaileak parte hartu du ikerketa horretan. Bere iritziz, minbizi-zelulen elikadura bere osotasunean ulertzeko aurrerapauso bat izango da.

Geroz eta ikerketa zientifiko gehiagok babesten dute kannabisa beste gaixotasun askotarako irtenbide garrantzitsua izan daitekeela, hala nola minbiziak sendatzeko, epilepsia tratatzeko… Kannabis landarea oso konplexua da: 554 konposatutik gora identifikatu dira bertan; horien artean, 113 kannabinoide eta 120 terpeno. Kannabinoide horietako bakoitzak aktibitate terapeutiko ezberdina du eta, ondorioz, aplikazio ezberdinetarako erabil daitezke. Egindako lan honek etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman ditu.

Kimika

“Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat?” galderarekin abiatu du artikulua Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Clark eta Tilman ikertzaileek 2017an nekazaritza sistema ugari aztertu ostean, ikerketa bat publikatu zuten eta eztabaida sortu du bi sistema horien artean. Zein da modurik onena, orduan? Lopez-Gazpiok hiru ondorio atera ditu ikertzaileek argitaratutako txostenetik: lehenik, eta datuen arabera, nekazaritza ekologikoak konbentzionalak baino eragin kaltegarriagoa du aztertutako esparru gehienetan. Bigarrenik, dio, ulertu behar dela zenbait egoeratan bat bestea baino hobea izan daitekeela eta beste egoera batzuetan alderantziz izan daitekeela. Azkenik, kimikariak dio “askoz ere garrantzitsuagoa da zer jaten den pentsatzea, eta ez hainbeste jaten den hori nola ekoiztu den. ”.

Ekologia

Afrikako gatazka armatuek eremu babestuetako belarjaleetan izan duten eragina zenbatu dute zientzialariek. Joshua Daskin eta Robert Pringle ikertzaileek 253 populazio aztertu dituzte eta 1946. eta 2010. urteen artean jasotako datuak baliatu dituzte. Joshua Daskin ekologoa baikor agertu da eta Mozambikeko Gorongosa parkean gertatutakoa izan du oinarri Berrian emandako azalpenean: “1977 eta 1992 bitartean izandako gerra zibilean, ugaztun handien %90 hil zituzten, baina fauna horren populazioa gerra aurretik zegoen egoeraren %80ra iritsi da orain. Naturari aukera eman zaio bere bidea egin dezan”. Beste zientzialari batzuk ez dira hain itxaropentsu agertu. Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Emakumeak zientzian

Tu Youyou doktorea malariaren aurkako terapia bat aurkitu zuen medikuntza eta ohiko medikuntza txinatarra uztartuz. Artemisinina (qinghaosu gisa izendatu zuten hasieran) aurkitzeagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel Saria orain dela hiru urte. 60 hamarkadan, Txinak abian jarri zuen proiektu sekretu batean (Project 523) parte hartu zuen. Ikerketak bi metodologia jarraitu zituen: alde batetik, antipaludiko sintetikoak garatzen hasi zirenak zeuden; bestalde, ohiko medikuntza txinatarra oinarri izan zutenak. Bigarren talde horretan zegoen Youyou. Aztertutako sendabelarren artean (380 landareen estraktu aztertu zituen guztira), atentzioa eman ziona Artemisia annua landarea izan zen, malariaren kontrako terapiaren oinarri.

Mikrobiologia

Kosmetikaren arloan oso ezaguna egin da botoxa. Botulismo-toxina da eta Clostridium generoko zenbait bakteriok ekoizten dute. Zimurrak kentzeko hori erabiltzen dute baina aurretik gaizki kontserbaturiko elikagaiek sorturiko pozoitzeengatik zen ezaguna. Testuan azaltzen diguten moduan, sinapsi neuromuskularraren funtzionamenduan eragiten du botulismo-toxinak. Motoneuronak (nerbio-zelula) egiten duen azetilkolinaren jarioa oztopatzea da botulismo-toxinak duen eragina eta neurotransmisorearen jarioa oztopatzen bada, zelula muskularrak ez ditu motoneuronak garraiatu dituen nerbio-bulkadak jasotzen. Ondorioz, muskulu-paralisia sortzen du.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.