Asteon zientzia begi-bistan #168

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Eskizofreniaren aurkako farmako antipsikotikoek arazo kognitiboak sortzen dituzte. Dosi handietan eta etengabe hartzen dituzten pertsonetan narriadura kognitiboa eragiten duten mekanismo zelularrak aurkitu dituzte. Objektu ezagun eta berrien artean bereizteko zailtasuna edota lan memorian zailtasunak bezalako aldaketa kognitiboak sortzen dituzten anomalia sinaptikoak detektatzeaz gain, ikerketak frogatu egin du defizit kognitibo hauek hainbat generen burmuin-espresioaren birmoldaketaren ondorio direla.

Eskizofrenia gaixotasunari jarraiki, Juanma Gallego kazetariak ekarri digu gai interesgarria: eskizofreniak eragiten dituen barruko ahotsak eta horien identifikazioa. Izan ere, zientzialariek iradoki dute garunaren eremu zehatz batean sortzen direla horiek. Eskizofreniaren sintomarik ezagunenetakoa da ahotsak entzutearena; eskizofrenia dutenen %70ek entzuten dituzte. Pultsu magnetikoak erabilita, hainbat pazientetako osasun egoera hobetzea lortu dutela diote. Zientzialariek ondorioztatu dute tratamendua jaso dutenen %34,6k hobekuntza “nabarmena” izan dutela. Hortaz, bi gauza azpimarra daitezke aurkikuntza honetatik, Sonia Dollfus ikerlariak azaltzen duen legez: ahotsak gertatzen diren eremu anatomiko zehatza topatu dute eta frekuentzia altuko pultsu magnetikoak erabiltzeak gaixo batzuei hobekuntza dakarkie.

Emakumeak zientzian

XX. mendearen hasieran, komunitate zientifikoak uste zuen oraindik izar baten konposizioa Lurra planetarena bezalakoa zela. 1925ean, baina, Cecilia Payne-Gaposchkinek astronomia alorrean egindako tesiak frogatu zuen hidrogenoa zela horien oinarrizko osagaia. Konposaketa kimiko horretan, helioa ere zegoela zehaztu zuen. Meghnad Saha fisikariak garatutako ionizazioaren teoria aplikatu zuen astronomoak. Horri esker, erlazionatu zituen izarren espektro mota –Harvardeko espektro sailkapena– euren tenperatura absolutuekin.

Animaliak

Izain guztiak ez dira odolaz elikatzen; badira harrapariak direnak ere. Halere, gehienak odolaz elikatzen dira. Hirudo medicinalis da Europan ezagunena; odolusteak egiteko aspalditik erabili izan da. Azken urteotan, izainak erabilgarriak izan dira mikrokirurgiarako. Bukatzen duenean zauri bat uzten du eta hori ez da orbaintzen, baizik eta odoluste txiki baina etengabea sortzen da. Halere, izainek alergia-erreakzioak eta infekzioak sor ditzaketenez, heparinaz hornituriko “izain mekanikoak” fabrikatu nahi dituzte

Walabiaren esneak karenaren funtzioa duela frogatu dute. Standford Unibertsitatean egindako ikerketa batean Macropus eugenii espeziaren ernaldia aztertu dute. Ikertzaileek lehenik walabiaren karenaren geneen espresioa ikertu zuten, eta beste bi espezierenarekin alderatu zuten; saguarenarekin eta emakumearenarekin. Eta ikusi zuten walabiaren sabelaldiaren amaierako gene-espresioa oso antzekoa zela beste bi espezie horiek sabelaldiaren hasieran izaten dutenarekin. Jarraian ikusi zuten guruin horietan espresatzen direnak eta beste ugaztunetan sabelaldiaren amaieran karenean espresatzen direnak berberak zirela. Hortaz, walabiek, beste ugaztunek bezala, badute karen osoa.

Biologia

Helena Gonzalez biologoa elkarrizketatu dute Berrian. Biologiaren dibulgazioan dabil lanean, Big Van Ciencia dibulgatzaile taldeko kide da, eta zientziarekin umorezko bakarrizketak egiten ditu. Tenemos menos genes que un brocoli… y se nota liburua argitaratu du. Bertan, genetikaren inguruko azalpenak ematen ditu. Epigenetika aipatzen du Gonzalezek: “Gure DNAk badu gaitasun handi bat bere burua erregulatzeko, beste organismoek baino gehiago. Eta horri epigenetika deitzen diogu. Ez da organismo batek duen gene kopurua bakarrik, horiek erregulatzeko duen gaitasuna baizik”. Irakurtzeak ala musika entzuteak epigenetika molda dezakeela dio biologoak ere: “Genetika ezin du aldatu kirolak, ez janariak, ez ezerk. Genetika duguna da, baina epigenetika moldagarria da, eta instrumentu jakin bat jotzeak, edo musika jakin bat entzuteak irakaspen prozesu batzuk hobetu ditzake”.

Ikaskuntza

Badirudi beste ikasketa metodo ezagunagoek baino ondorio hobeak dakartzala ebaluazioak, bai jabekuntzan, bai eta ikasitakoa ondorengo garaietan gogoratzeko jardueran. Berriki metanalisi bat egin dute eta onurak dakarten jarduerak hauexek dira: oroitze askea, oroitzea argibidea emanda, aukera anitzeko erantzunak eskaintzen dituzten galderak, eta erantzun laburreko galderak. Kontua da irakasleak aukeratu behar duela ikasketa mota jakin bati hobekien doitzen zaion metodoa. Berrirakurketaren aurrean, ebaluazio metodoaren onurak irakurriko dituzu artikulu interesgarri honetan.

Astrofisika

Orain dela 20 urte abiatu zen Cassini zunda. 13 urtez egon da Saturno eta haren ilargiak eta eraztunak behatzen. Orain, bere burua planetaren aurka suntsitu da, ez dutelako zoriz Entzeladorekin edo Titanekin talka egiterik nahi. Izan ere, Saturnoren bi ilargi horietan bizia hartzeko kondizioak daudela baieztatu dute ikertzaileek; beraz, talka eginez gero, zundak Lurretik eramandako bizidunekin haiek kutsatzeko arriskua legoke.

Azken irudiak aste honetan bidali ditu.

Kimika

Bernard Petit ingeniari kimikoak eta industrialari ohiak asaldatzaile endokrinoak izan ditu mintzagai elkarrizketa honetan. Zer dira, baina? Hark argi azaltzen du: “Molekula kimikoak dira, kanpotik gure gorputzean sartzen direnak, eta gure hormonen sistema nahasten dutenak”. Herritar gisa guk boterea daukagula dio: “Erosten duenaren bidez, merkatua bidera dezake”. Adi egon behar dugu erosten dugunarekin, beraz. Petitek hala dio: “Zorrotzagoak izan behar dugu janariarekin kontaktuan den guztiari begira. Adibidez, altzairu herdoilgaitzezko zartaginak erabiliz. Baztertuz fluorezko produktuak dauzkaten zartagin famatu horiek”. Ingeniari kimikoak azaldu moduan, askatzen dituzten substantzia batzuk asaldatzaile endokrino efektua dutelako.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.