Antipsikotiko hobeen bila

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Eskizofreniaren aurkako farmako antipsikotikoek arazo kognitiboak sortzen dituzte. Arazo hauek eragiten dituzten mekanismo zelularrak aurkitu dituzte UPV/EHUko eta CIBERSAMeko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera.

Eskizofreniaren aurka antipsikotiko atipikoak (tipikoak baino modernoagoak) etengabe hartzen dituzten eta, bereziki, dosi handietan hartzen dituzten eskizofreniadun pertsonetan narriadura kognitiboa eragiten duten mekanismo zelularrak aurkitu dituzte.

Zelula ereduetan, eskizofrenia izan duten hildakoen burmuin ehunetan eta farmakoekin tratatuak izan diren genetikoki eraldatutako animalietan saiakuntzak egin dituzte eta anomalia sinaptikoak ikusi dira, alterazio kognitiboak sortzen dituztenak; besteak beste, zailtasunak laneko memorian eta objektu ezagunak eta berriak bereizteko gaitasunean.

Botika antipsikotikoek 5HT2A serotonina errezeptorearen blokeoa eragiten dute. Honek burmuineko hantura-bide garrantzitsua aktibatzen du eta baita plastizidade sinaptikoa (aktibitate kognitibo dinamikoa) gobernatzeaz arduratzen diren sinapsien morfologia eta funtzioa aldatu.

Objektu ezagun eta berrien artean bereizteko zailtasuna edota lan memorian zailtasunak bezalako aldaketa kognitiboak sortzen dituzten anomalia sinaptikoak detektatzeaz gain, ikerketak frogatu egin du defizit kognitibo hauek hainbat generen burmuin-espresioaren birmoldaketaren ondorio direla, DNAren espresioa geldiarazten duten HDAC2 proteinen aktibitatean aldaketek sortzen duten birmoldaketaren ondorio.

Botika hobeen bila

Eskizofreniaren aurkako tratamenduekin lotutako arazo kognitiboak (arreta eutsirako arazoak, eginkizunak gauzatzeko buru zalutasun eza eta etorkizuneko eginkizunak planifikatzeko zailtasunak) eskizofrenia kronifikatzen lagun dezakete.

Farmako antipsikotiko atipikoek gaixoen lokomozio jarduerarekin lotutako arazoak desagerrarazten dituzte, baina arazo kognitiboak sortzeaz gain, obesitatea eta II motako diabetesa bezalako gaixotasun metabolikoak izateko arriskua sor lezakete, baita arrisku kardiobaskularra areagotu ere.

Desabantailak gorabehera, antipsikotiko atipikoekin tratamenduak ezin dira era goiztiarrean kendu, haluzinazioen eta delirioen berragerpena erraztu daitekeelako. Antipsikotiko atipikoen ondorio kaltegarriak ekiditea, tratamenduok duten eraginkortasunari eutsita da erronka.

Kalte kognitiboen sorrera eragiten duten mekanismoak inhibitu eta ondorio kaltegarriak blokeatzea lortuko duten beste farmako batzuen garapenean aurrerapenak egiteko bidea zabaldu du aurkikuntza honek, oraindik esperimentazio fasean badaude ere.

Erreferentzia bibliografikoa

Ibi D, de la Fuente Revenga M, Kezunovic N, Muguruza C, Saunders JM, Gaitonde SA, Moreno JL, Ijaz MK, Santosh V, Kozlenkov A, Holloway T, Seto J, García-Bea A, Kurita M, Mosley GE, Jiang Y, Christoffel DJ, Callado LF, Russo SJ, Dracheva S, López-Giménez JF, Ge Y, Escalante CR, Meana JJ, Akbarian S, Huntley GW, González-Maeso J.. Antipsychotic-induced Hdac2 transcription via NF-κB leads to synaptic and cognitive side effects. Nature Neuroscience. DOI: 10.1038/nn.4616.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Antipsikotikoek kalte kognitiboak sortzea eragiten duen burmuin mekanismoa identifikatu dute

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.