Barruko ahotsen jatorria identifikatu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Eskizofreniak eragiten dituen barruko ahotsak garunaren eremu zehatz batean sortzen direla iradoki dute zientzialariek. Pultsu magnetikoak erabilita gaixoen egoera hobetzea lortu dutela diote.

“Bata bestearekin eztabaidan dauden ahots horiek direla eta, burua lehertzear daukat”. Horrela deskribatu zion John Nash matematikariak Arthur Mattuck bere lagun minari eskizofreniak eragindako egoera latza, A Beatiful Mind liburuan jasotzen denez. XX. mendeko matematikari jantzienetakoa izan zen Nash, baina, aldi berean, buruko osasun arazo larriak izan zituen. Hasiera batean kontrajarriak diruditen arlo horiek, gainera, estuki lotuta joan ziren Nashen kasuan. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak zirela eta, jenialtasuna eta eromena batera joan ziren. Bide beretik, zentzu literalean.

Behin galdetu zioten ea nola zitekeen guztiz arrazionala zen matematikari batek estralurtarren mezuak jasotzen ari zela sinestea. “Naturaz gaindiko izakien inguruan izaten nituen ideiak zein ideia matematikoak bide beretik etorri zitzaizkidalako”, erantzun zuen Nashek.

1. irudia: Barruko ahotsak entzuteaz gain, eskizofrenia dutenek irudipenak, pentsamendu nahasiak eta haluzinazioak nozitzen dituzte. (Argazkia: Lesly B. Juarez/Unsplash)

Gaixotasun latza da eskizofrenia, eta, momentuz, sendaketa bide ziurrik gabekoa. Elektroshockaren garai latzak atzean utzita, botika antsipsikotikoen bitartez tratatu ohi da, baina horiek ez dira beti erabilgarriak eta, zenbaitetan, kalte kognitiboak sortzen dituzte. Kalte horiek eragiten dituen mekanismo molekularra argitu berri dute duela gutxi.

Eskizofreniaren sintomak dira, besteak beste, irudipenak, pentsamendu nahasiak eta haluzinazioak. Baina ezagunetako bat da pazienteek ahotsak entzuten dituztela. Ahozko-entzutezko haluzinazioak deritze horiei (AVH, edo Auditory Verbal Hallucination). Eskizofrenia dutenen %70ek entzuten dituzte, era batean edo bestean, halako ahotsak. Halere, kasuistika izugarri zabala da. Batzuetan ahotsak kanpotik datozela ematen du, eta beste batzuetan pazientearen barrenetik. Izaerari dagokionez, “lagunkoiak” ala “erasokorrak” izan daitezke ahotsak. Paziente batzuek noizean behin entzuten dituzte; beste batzuek, aldiz, etengabean.

Estimulazio magnetikoa

Aurrenekoz, halako sentsazioa sortzen den garunaren leku zehatza topatu dute orain zientzialariek. Are gehiago, pultsu magnetikoak erabilita, hainbat pazientetako osasun egoera hobetzea lortu dutela diote. Hilaren hasieran Parisen izandako kongresu batean aurkeztu dituzte ikerketaren emaitzak. Artikulua Schizoophenia Bulletin aldizkarian onartu dutela ezagutarazi dute, baina argitaratze data oraindik zehazteko dago.

Garunaren estimulazio magnetikoa erabili dute, aurretik ere uste baitzen frekuentzia handiko pultsuak lagungarriak izan zitezkeela paziente horien egoera hobetzeko. Psikiatriari lotutako beste zenbait esperientziatan, bederen, erabilgarria izan omen da teknika hori; baina, ikertzaileen esanetan, ahotsak pairatzen dituztenen gaixotasuna tratatzeko bidean esperimentu gutxi egin dira orain arte.

2. irudia: Erresonantzia magnetikoa egin diete gaixoei, tratamendua ematen zieten unean garunaren poertaera jasotzeko (Irudia: Caengo Unibertsitatea)

Esperimentuan 59 lagunek parte hartu dute. Horietatik, 26k tratamendua jaso dute, eta gainerako 33 kontrol talde modura erabili dituzte ikertzaileek: hauek plazeboa baino ez dute jaso. Guztira lau saio izan dituzte, bi egunetan zehar. Saio horietan, 20 hertzeko pultsu magnetikoak ezarri dizkiete. Pultsu horiek lengoaiari lotu ohi den lobulu tenporaleko eremu zehatz batera zuzendu dituzte, garunaren ezkerraldean kokatutako alboko arrakalara, hain zuzen.

Esperimentua egin ondoren, gaixotasuna ikertzeko erabili ohi den protokolo estandarra baliatu dute, Entzutezko Haluzinazioak Puntuatzeko Eskala izenekoa. Bi aste eta gero, pazienteei galdetegia egin diete berriro. Zientzialariek ondorioztatu dute tratamendua jaso dutenen %34,6k hobekuntza “nabarmena” izan dutela. Plazeboa jaso dutenengan ere nabaritu dute hobekuntza, baina, kasu horretan, soilik %9,1 izan dira. Hobekuntza nabarmena izatea izan duten ala ez zehazteko irizpidea haluzinazioak %30 baino gehiago txikitzea izan da.

Esperimentutik bi ondorio nagusi atera ditu Caengo Unibertsitateko (Frantzia) ikertzaile Sonia Dollfusek, prentsa ohar batean zabaldutakoaren arabera. “Batetik, eta nolabaiteko ziurtasunez, orain esan dezakegu ahozko entzutezko haluzinazioei lotutako eremu anatomiko zehatza topatu dugula. Bestetik, erakutsi dugu frekuentzia altuko pultsu magnetikoak erabiltzeak gaixo batzuei bederen hobekuntza dakarkiela. Halere, bide luzea dago aurretik jakiteko epe luzera pultsu magnetikoen erabilera biderik egokiena ote diren”.

Bidea ireki badute ere, oraindik goiz da teknika honen etorkizuna irudikatzeko. Mannheimeko Osasun Mentalako Institutu Zentraleko ikertzaile Andreas Meyer-Lindenbergen iritzia bildu dute aurrerapenaren berri emateko zabaldu duten prentsa ohar berean: “Teknika honen arrakasta maila xumea bada ere, ongietorria eman behar zaio terapien multzora, bereziki botiken aurrean hobekuntzarik ez duten gaixoen kasuan”.

Ikusteko dago, beraz, esperimentu hau berresten duten ikerketa gehiago helduko ote diren. Dena dela, ikerketa honetan bezala, asko dira pultsu magnetikoaren bidea jorratzen ari diren neurozientzialariak, eta, horregatik, teknikak itxaropena piztu du.

Erreferentzia bibliografikoa

Dollfus et al. Efficacy of high-frequency neuronavigated repetitive TMS in auditory verbal hallucinations: a double-blind controlled study in patients with schizophrenia. 30th annual ECNP Congress. P.3.d.044.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.