Odol analisia krisi psikotikoen bilakaera aurreikusteko

Krisi psikotikoa errealitatearen pertzepzioan eragiten duen gorabehera da. Besteak beste, haluzinazioak eta delirioak eragiten ditu eta buruko gaixotasun bat izan dezakegun adierazle ere izan daiteke. Horien artean, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edo depresio handia aurki daitezke. Baina, kanpoko agente batek eragindako nahasmendu puntual hutsa ere izan daiteke krisi psikotikoa.
Orain arte, odolean ez da markatzaile biologiko fidagarririk atzeman, gaixotasuna aurreikusteko eta alternatiba terapeutikoa eskaintzeko diagnostiko goiztiarra egiteko. Arlo honetan aurrerapausoa lortu da UPV/EHUko, Arabako Unibertsitate Ospitaleko, Cibersameko eta Ibiomedeko ikertzaileez osatutako ikerketa-talde batek krisi psikotikoa buruko gaixotasun bihur daitekeen iragartzen lagunduko duen eredua sortu baitu. Horretarako, aintzat hartu dute analitika klinikoan erregistratutako jarduera entzimatikoa.
krisi psikotikoa

Irudia: UPV/EHUko ikerketa-talde batek krisi psikotikoen bilakaera aurresateko metodo sinplea, arina, ekonomikoa eta, batez ere, inbaditzailea ez dena garatu du.

Ikerketa-taldeak sortu duen teknikak lotu egiten ditu, krisi psikotikoa bizi denean ematen den jarduera entzimatikoa, eta gaixoari urte batean egindako jarraipen psikiatrikoko balorazioan lortutako datuak. Hau da, gurutzatu egiten dira peptidasen taldeko entzimei (APB, APN, DPP-IV, PEP eta PSA) buruzko informazioa eta Jarduera Globalaren Ebaluazio Eskalaren (JGEE) eta Depresioaren Hamilton Eskalaren (DHE) bidez lortutako emaitzak.

Ainhoa Fernández-Atucha UPV/EHUko ikertzaileak azaldu duenez: “krisi psikotikoen sintomak lotuta daude burmuineko neurotransmisoreen jardueraren nahastearekin, eta eskizofrenia bezalako buruko gaixotasun larriak eragin ditzake. Hala ere, halako krisiak bizi dituzten pertsona guztiek ez dute eskizofreniarik izango. Erregresio linealeko teknika estatistikoan oinarritzen den metodo prediktibo honen helburua da, odol analisi baten bidez garuneko aktibitatearen berri izatea jarduera entzimatikoan, hasierako diagnosia eta bilakaera hobetzeko asmoz”.

Ikerketaren ezaugarriak

Azterlana 2009tik 2012ra bitartean egin zen eta 119 gaixoen egoera aztertu zen: 78 gizon eta 41 emakume, 17 eta 62 urte bitartekoak. Guztiak ziren Arabako Unibertsitate Ospitaleko pazienteak ziren. Lehenengo krisi psikotikoaren ondoren, kontrol klinikoa eta analitikoa egin zitzaien, eta errepikatu egin zen handik hilabetera, hiru hilabetera eta urtebetera. Azterlanetik kanpo utzi ziren drogak kontsumitu ondoren eta garuneko traumatismo larriaren ondoren haluzinazioak edo delirioak bizi zituzten pertsonak. Kontrol taldea 14 gizonek eta 16 emakumek osatzen zuten, eta haien arteko inork ez zituen aldez aurretik nahasmendu psikiatriko edo neurologikoak pairatu, ezta burezurreko eta entzefaloko traumatismorik ere.

Ikertaldeak ondorioztatu zuen jarduera entzimatikoa handiagoa zen heinean, txikiagoa zela gaixoaren egoera orokorraren inguruko ebaluazio psikiatrikoko eskalan lortutako puntuazioa, baina, aldiz, handiagoa zen depresio sintomen presentzia ebaluatzen duen eskalan. Epe laburrean, emaitza horiek gaixo baten bilakaera globalaren pronostiko txarraren adierazle dira. “Badirudi entzimen jarduera areagotzeak neuronen jarduera aldatzea dakarrela” azaldu du Fernández-Atuchak. Gainera, odolean krisi psikotikoaren bilakaera aurreikusten duten markatzaile biologikoak aurkitu izana garrantzitsua da; izan ere, “mediku taldeak diagnostiko goiztiarreko metodo bat izan dezake, alternatiba farmakologiko eta terapeutiko egokia izateko” azaldu du ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa:
Ainhoa Fernández-Atucha, Enrique Echevarría, Gorka Larrinaga, Javier Gil, Mónica Martínez Cengotitabengoa, Ana M. González-Pinto, Jon Irazusta, Jesús Seco. Plasma peptidases as prognostic biomarkers in patients with first-episo de psychosis. Psychiatry Research (2015), http://dx.doi.org/10.1016/j.psychres.2015.04.027i

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Odol analisi batek aurreikus lezake krisi psikotiko baten bilakabidea.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>