Gizentasunari aurre egin diezaioken molekula, pteroestilbenoa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Karlos III.a Osasun Erakundearen Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioaren Ziberrari –CIBERobn- atxikitua dago EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldea eta duela gutxi, Amerikako Estatu Batuetako Nekazaritza Sailarekin (USDA) elkarlanean egindako ikerketa baten emaitzak jakitera eman dituzte. Ikerketaren arabera, mahatsetan, ahabietan, kakahueteetan eta ardo beltzean kantitate txikietan aurkitzen den konposatu fenoliko batek, pteroestilbenoak, gorputzean metatzen den gantza gutxitzen du.

Lantaldeek animalietan egiaztatu dute pteroestilbenoa emanez gero, gorputzean metatzen den gantzaren kantitatea gutxitu egiten dela, gantz-ehunean pilatzen den gantzaren sintesia murriztuz eta gibelean gertatzen den gantzaren oxidazioa areagotuz. Honek lagun dezake diabetesa bezalako beste gaixotasun batzuk pairatzeko arriskua apaltzen. Hau izan da, mota horretako lehen lan aurreklinikoa.

Pteroestilbenoa kantitate txikian agertzen da gizakiek hartu ohi ditugun elikagai eta edari ugaritan, hala nola, mahatsetan, ahabietan, kakahueteetan eta ardo beltzean.
Pteroestilbenoa kantitate txikian agertzen da gizakiek hartu ohi ditugun elikagai eta edari ugaritan, hala nola, mahatsetan, ahabietan, kakahueteetan eta ardo beltzean.

Obesitatea edo gizentasuna jatorri multifaktoriala duen gaixotasun kronikoa da; oro har, gorputzean pilatzen den gehiegizko gantz-metaketatzat hartzen da. Gaixotasun metabolikoa dugu, oso ohikoa herrialde garatuetan, eta arrisku-eragile esanguratsua da beste patologia eta asaldura batzuk ager daitezen, besteak beste, intsulinaren aurkako erresistentzia, diabetesa, gibel koipetsua, asaldurak plasmako lipidoetan eta arteria-hipertentsioa.

Gizentasuna prebenitzeko eta tratatzeko ohiko jarraibideak ondokoak dira: dieta hipokalorikoa baliatzea eta jarduera fisiko neurritsua egitea epe luzean. Hala ere, aipatutako estrategia horien eraginkortasuna mugatua da eta, sarritan, ez da lortzen nahi den emaitza. Testuinguru horretan, funtsezko osagaiak dietan txertatzeak beste ikuspegi bat eskaintzen dio tratamenduari. Osagai horien adibide ditugu konposatu fenolikoak, esate baterako, pteroestilbenoa deritzon molekula. Gaurdaino, oso ikerketa gutxi gauzatu dira molekula horien ondorioak aztertzeko eta orain arte egindako ikerlanak minbiziari lotu zaizkio.

Ikerketa-taldeek lortutako emaitzak etorkizun handikoak dira. Izan ere, patentea eratu da eta molekulak obesitatearen aurka dituen ondorioak egiaztatzeko asmoz, azterketa gizakietan gauzatzeko abiapuntua izan daiteke.

Erreferentzia bibliografikoa:
Gómez-Zorita S, Fernández-Quintela A, Lasa A, Aguirre L, Rimando AM, Portillo MP. Pterostilbene, a dimethyl-ether derivative of resveratrol, reduces fat accumulation in rats fed an obesogenic diet. Journal of the Agricultural and Food Chemistry, 2014, 62(33), 8371-8378 orr.

Iturria:
EHUko komunikazio bulegoa: Pteroestilbenoa, Resveratrolaren antzeko molekula, gizentasunaren aurkako balizko tratamendua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude