Izainak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria

———————————————————————————————————–

Aurreko atalean ikusi ditugun zimitz musukatzaileak ez dira erabilgarri suertatu diren animalia hematofago bakarrak. Zimitz horiek baino askoz gehiago erabili izan dira eta erabiltzen ari dira izainak; odolusteak egiteko erabiltzen dira, hain zuzen ere. Haatik, izain guztiak ez dira odolaz elikatzen. Badira harrapariak direnak, eseri-eta-itxaron motakoak batzuk, eta ehiztari arruntak besteak. Baina egia da gehienak odolaz elikatzen direla: hematofago ektoparasitoak dira.

1. irudia: Izaina odola zurrupatzen.

Hirudo medicinalis dugu izainen artean Europan ezagunena; odolusteak egiteko aspalditik erabili izan da. Duela 2.500 urte Egipton hasi ziren erabiltzen, greziarrek segitu zuten gero, eta ondoren, duela gutxi arte erabili izan dira helburu horrekin. Oinarri zientifiko zuzenik gabeko jardunbidea zen, Hipocrates-en lau humoreen teorian sustraitua. Hori dela eta, XIX. mendeaz geroztik gero eta gutxiago erabili izan da Hirudo helburu horrekin.

Hala ere, azken hogei urteotatik hona berreskuratu egin da odolustearekin jardutea, nahiz helburu eta arrazoi desberdinengatik izan. Antza denez, mikrokirurgiarako lagungarri gertatzen dira izainak. Hirudok bizkarroiari koska egiten dionean bi eratako gaiak erabiltzen ditu zurrupatze-lana errazteko; bata analgesikoa, eta antikoagulatzailea bestea; “hirudina” izena eman diote antikoagulatzaileari. Analgesikoari esker, bizkarroia ez da koskaz ohartzen eta ez du aurkako neurririk hartzen; antikoagulatzaileari esker, odola errazago iragaten da izainaren digestio-sistemara.

Bada, antikoagulatzailea da mikrokirurgian laguntza ematen duena. Izan ere, izainak ez du bere lan kirurgikoa egiten odola zurrupatu artean, zurrupatutakoan baizik. Bukatzen duenean zauritxo bat uzten du; “hirudina” delakoaren eraginari esker, zauritxoa ez da orbaintzen eta odoluste txiki baina etengabea sortzen du. Horixe da zirujauek bilatzen dutena. Askotan, ebakuntza baten ostean zain-odola pilatzen da ebakitako ehunetan [1], eta ehuna kaltetuta gera daiteke horren ondorioz. Esan bezala, izainek sorturiko odoluste txikien bitartez saihestu daiteke kalte hori. Betazal, atzamar eta belarrien ebakuntzetan erabiltzen dira izainak, bai eta estetika-ebakuntza batzuetan ere. Dena den, izainek alergia-erreakzioak eta infekzioak sor ditzaketenez, heparinaz hornituriko “izain mekanikoak” fabrikatu nahi dituzte egiazko izainik erabili behar ez izateko.

2. irudia: Kirurgia modernoan baliatzen dira izainak.

Izainen erabilgarritasun ezohiko baten berri izan dugu duela gutxi. 2009ko urriaren 19ko “The Ottawa Citizen” Kanadako egunkarian irakurri dugu lapurreta bat gertatu zen tokian aurkituriko izain batean zegoen odolaren DNAren azterketari esker jakin ahal izan zuela poliziak lapurraren nortasuna. Lapurreta, Australiako Tasmanian gertatu zen 2001ean. Bi lagunek 71 urteko andre bati 500$ lapurtu zioten haren basoko etxean. Dirudienez, lapurretaren tokia miatzerakoan, izain bat aurkitu zuen poliziak eta izainaren odola erauzi eta analizatu egin zuten. Zazpi urte geroago, droga-delitu batean ustez inplikaturik zegoen gizon bat atxilotu zuten, eta haren odolaren DNA-azterketa egin zutenean lagin zaharraren DNA bera zela ikusi zuten. Zer pentsatuko zuen lapurrak? Konturatuko ote zen izainaren koskaz lapurretaren egunean?

Eta begira izainen zer beste erabilera bitxia egin daitekeen: gure aitonak (JIPI) frontoian pilotan jokatu ondoren izainak jartzen zituen eskuen larruazalaren gainean, odola zurrupatu zezaten eta puztuta zeuden eskuak bere onera itzul zitezen. Harrigarria? Baliteke, baina mikrokirurgian ematen zaien erabilera bera ematen zien hark izainei.

Izeba zaharrak, bestalde, izainak gordetzen zituen kristalezko ontzi batean. Hirudo medicinalis espeziekoak ziren izainok, oso ederrak. Marroi-berdexkak ziren eta marra gorri ikusgarri bat zuten goialdean. Izeba zaharrak baraurik zituen ontzian, handik ez baitzituen ezertarako ateratzen; elikatzeko ere ez, noski. Nonbait irakurri dugu izain horiek urtebete iraun dezaketela baraurik, baina izeba zaharrak behin esan zigunez, bere izainek bi urte zeramaten etxean, bilobek errekatik ekarri zituztenetik.

Izainak denbora luze egon daitezke jan gabe, haien fisiologia horretara oso ondo moldatua dago eta. Aipatzekoa da duen bolumenaren halako hamar izan daitekeela izain batek ostalariari zurrupatzen dion odola. Denbora luze jan gabe egoteko moduko janari-neurria da, zalantzarik ez dago; gainera, bere ehunak ere birxurga ditzake behar izanez gero. Izan ere, zentzu handikoa da ahalmen hori izainengan, bizkarroi bat utzi eta hurrengoa aurkitu arte denbora luzea igarotzea gerta baitaiteke. Azken batean, ur-masa jakin batetik hurrengo zaldia, behia edo Humphrey Bogart [2], esaterako, noiz pasatuko den jakiterik ez dago, eta oso tarte luzea izan daiteke igaroko dena.

Oharrak:

[1] Zain-hutsegitea deitzen zaio horri.

[2] Gazteek seguru asko ez dute ikusi “Afrikako Erregina” filma. Film horren eszena batean, izainez beterik agertzen da protagonista, Humphrey Bogart, ontzi bat bultzatzeko uretan sartu ondoren.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>