Botox eta beste

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Defentsak eta erasoak

———————————————————————————————————–

Botox, toxina baten merkatu-izena da, botulismo-toxinarena hain justu. Aspalditik erabiltzen da botika gisa, gaixotasun muskular batzuk ―distonia fokalak, esaterako― tratatzeko; hau da, muskulu bakar bat edo muskulu multzo baten distoniari tratamendua emateko behar denean erabiltzen da. Azken urteotan, baina, oso ezaguna egin da kosmetikaren arloan.

1. irudia: Zimurrak kentzeko oso erabilia da botulismoaren toxina. Zimurrak ez dira betiko kentzen, baina, 3-6 hilabeteko eragin-epea du toxinak. (Irudia: Jodie Marsh)

Izan ere, zimurrak kentzeko oso erabilia da; zimurrak ez dira betiko kentzen, baina, 3-6 hilabeteko eragin-epea baitu. Clostridium generoko zenbait bakteriok ekoizten dute botulismo-toxina, eta osasun- eta estetika-arloan erabiltzen hasi arte, batez ere gaizki kontserbaturiko elikagaiek sorturiko pozoitzeengatik zen ezaguna.

Botulismo izena, botulus (= saltxitxa) latinezko hitzetik dator. Izan ere, botulismo-toxinari saltxitxa-pozoia izena eman zitzaion duela bi mende lehendabizi deskribatu zenean, gaizki prestaturiko edo kontserbaturiko saltxitxek sortzen zuten pozoiduragatik. Lehen esan bezala, Clostridium generoko bakterioek sortzen dute, eta, bakterio horiek direla eta, ez dira gutxi izan etxean prestaturiko kontserbak jateagatik gertatu diren pozoitzeak. Merkatuko kontserbetan erabiltzen diren esterilizazio- eta asepsia-prozedurei esker ez da arriskurik egoten.

Ikus dezakegunez, beraz, toxina horrek bi aurpegi ditu: batetik, pozoi bat da eta pozoi hilgarria gainera, eta, bestetik, botika gisa erabil daiteke. Bada, bi eraginek, hilgarriak eta sendagarriak, oinarri bera dute, sinapsi neuromuskularraren funtzionamenduan eragiten baitu botulismo-toxinak.

Bi zelula kitzikagarriren arteko lotura funtzionalak dira sinapsiak, eta zelula batetik besterako seinale elektrikoa bidaltzea ahalbidetzen dute, gehienetan bitartekari modura molekula kimiko bat erabiliaz. Mezulari kimikoak bere lana modu egokian egiten ez badu, nerbio-sistemaren komunikazio-prozesua eten egiten da eta, beraz, bertan behera gelditzen da bere koordinaziorako eta integraziorako ahalmena. Sinapsi neuromuskularra da hobekien ezagutzen direnetako bat. Motoneurona (nerbio-zelula) baten eta zelula muskularraren arteko lotura da sinapsi mota hori eta azetilkolina da horretan jarduten duen neurotransmisorea. Hortaz, azetilkolinaren lana kaltetzea izaten da zenbait neurotoxinaren eragina.

2. irudia: Botulismoa sortzen duen toxinari saltxitxa-pozoia izena eman zitzaion, gaizki prestaturiko edo kontserbaturiko saltxitxek sortzen zuten pozoiduragatik.

Motoneuronak egiten duen azetilkolinaren jarioa oztopatzea da botulismo-toxinak duen eragina. Jakina, neurotransmisorearen jarioa oztopatzen bada, zelula muskularrak ez ditu motoneuronak garraiatu dituen nerbio-bulkadak jasotzen. Ondorioz, muskulua ez da uzkurtzen, hau da, muskulu-paralisia sortzen du. Eta horixe da, hain zuzen ere, toxina botulinikoak pozoi gisa edo botika gisa jokatu ahal izatearen arrazoia.

Botulismo-toxina ez da Clostridium generoko espezieek ekoizten duten toxina bakarra, Clostridiumtetani izeneko bakterioak toxina tetanikoa edo tetanospasmina sortzen baitu. Toxina botulinikoak bezala, honek ere oztopatzen du mezulari kimikoa jariatzea, interferentziak eragiten baititu neurotransmisorea gordetzen duten besikulen edukiaren askatze-prozesuan. Toxina botulinikoak sinapsi neuromuskular periferikoak deuseztatzen baditu, bizkar-muineko neurotransmisore inhibitzaileen askapena oztopatzen du pozoi tetanikoak. Eta, beraz, motoneuronak inhibitu ezin daitezkeenez, muskulu eskeletikoa hiperkitzikatu egiten da eta tetanikoki (etengabe) uzkurtu. Hori dela eta, tetanos izenez ezaguna dugun gaixotasun larria eragiten du.

Ikusi ditugun bi toxina horiek neurotransmisorearen jariatzea oztopatzen dute, baina aurkako eragina duen toxinarik ere bada. Hau da, zenbait toxinak kontrol gabeko jarioa eragiten dute eta horien artean sartzen da α-latrotoxina. Aurreko kasuetan ez bezala, α-latrotoxina ez du bakterio batek sortzen, alargun beltza armiarma emea da-eta pozoiaren ekoizlea. Toxina horren eragin-bidea ere oso desberdina da. Ikus dezagun. Kaltzio ioiak zeregin garrantzitsua du sinapsi kimikoetan. Nerbio-bulkada sinapsi aurreko terminalera heltzen denean, kaltzioa sartzen da neurona barrura, tentsio menpekoak diren kaltzio-kanalen bitartez. Izan ere, kaltzio hori da neurotransmisorearen askapena eta, beraz, zelulen arteko komunikazioa eragiten dituena. α-latrotoxinak, kaltzioaren menpekotasunetik askatzen du neurotransmisorearen jarioa eta, beraz, etengabea da, agortu arte. Horren ondorioz, pozoi honek ere muskuluen uzkurtze etengabea sortzen du.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>