Alzheimerrak eta patologia baskular preklinikoek garunaren zahartzea aldatzen dute
Munduko biztanleria gero eta zaharragoa da, eta horrek berekin dakar adinarekin lotutako gaixotasunen gorakada, bereziki garunari eragiten diotenena. Nahiz eta adinarekin lotutako aldaketa kognitibo batzuk normalak izan, alzheimerraren gisako neuroendekapenezko gaixotasunen arriskua ere handitu egiten da.
Hainbat ikerketek erakutsi dute alzheimerraren eta bestelako patologia baskularren lehen eraginak garunean has daitezkeela sintomak agertu baino urte batzuk lehenago, hau da, fase preklinikoan. Garunaren zahartzea aztertzen duten ikerketa gehienek irizpide gisa normaltasun kognitiboa erabiltzen dute pertsona osasuntsuen laginak hautatzerakoan, gaixotasun horiek izan dezaketen eragina kontuan hartu gabe. Ondorioz, laginetan egon daitezkeen eta patologiaren fase preklinikoan dauden subjektu kognitiboki normalek baldintzatu egin ditzakete azterketetatik ateratako ondorioak.

2025. urtean zehar, EHUko Aldapa ikerketa-taldeak CITA Alzheimer fundazioarekin elkarlanean burututako ikerketa batean, garunaren zahartze-prozesua konparatu zen kognitiboki normalak izan arren alzheimerrarekin eta patologia baskularrarekin lotutako biomarkatzaileak dituzten helduetan eta halako biomarkatzailerik ez duten pertsonetan; eta berretsi zen ezberdina dela. Horretaz gain, ikerketan neurtu zen lagin batean dauden subjektu preklinikoak, urriak izanik ere, nahikoak direla garunaren zahartze normalaren inguruan ateratako ondorioak aldatzeko. Horrek guztiak azpimarratzen du zein garrantzitsua den gaixotasun horien egoera preklinikoak kontuan hartzea garunaren zahartze-prozesua aztertzeko orduan.
Alzheimerrak eta patologia baskular preklinikoek garunaren zahartzean duten eragina aztertzeko, EPAD (European Prevention of Alzheimer Dementia) LCS ikerketa-kohorteko 1.380 parte-hartzaileren datuak erabili ziren; parte-hartzaile guztiak 50 urtetik gorakoak eta kognitiboki osasuntsuak ziren. Bost taldetan banatu ziren guztiak, biomarkatzaileen arabera:
- Talde normala: biomarkatzaile guztiak negatibo zituzten 782 subjektu.
- Alzheimer taldea: patologia baskularrik ez, baina alzheimerraren biomarkatzaile positiboak zituzten 178 subjektu.
- Talde baskularra: patologia baskularra bai, baina alzheimerraren biomarkatzailerik ez zuten 212 subjektu.
- Alzheimer eta baskular taldea: bi gaixotasunen inguruko biomarkatzaileak zituzten 118 subjektu.
- Bestelako patologiak taldea: patologia baskularrik ez eta alzheimerraren inguruan ezohiko biomarkatzaile-konbinazioak zituzten 90 subjektu.
Ikerketa-lan honen helburua zen talde desberdinetan garunaren zahartzean ager zitezkeen desberdintasunak identifikatzea, subjektuen erresonantzia magnetiko bidezko irudietatik abiatu eta garuneko 131 eskualdetako bolumenak erabiliz. Talde bakoitzeko subjektuak adinaren arabera ordenatu ondoren, beren garuneko eremu bakoitzarentzat adinaren araberako batez besteko bolumenaren eboluzioa adierazten zuten kurbak kalkulatu ziren. Zahartze-prozesuan izandako ezberdintasunak detektatzeko kurbak konparatzea izan zen lanaren hurrengo pausoa, kurben arteko diferentziak neurtuz eta fidagarritasuna neurtzeko test estatistikoak erabiliz.
Lortutako emaitzek berretsi dute garuneko eremu askoren bolumen-garapenean diferentziak daudela subjektu normalez osatutako taldearen eta biomarkatzaile positiboak dituzten subjektuez osatutako taldeen artean. Talde normalarekiko ezberdintasun handienak dituzten eremuak identifikatzean, antzeko patroiak ikusten dira, batetik, Alzheimer taldean eta, bestetik, Alzheimer eta baskular taldean. Aldiz, patologia baskular taldeak patroi ezberdinak erakusten ditu, eta patologia bakoitzak garunean bere eragin-eredua duela iradokitzen du.
Hala ere, emaitza interesgarrienak 782 subjektu normalen batez besteko eboluzio-kurba eta lagin osoan dauden 1.380 subjektuekin kalkulatutako kurbak konparatzean lortu dira. Espero bezala, kurbak antzekoagoak dira konparaketa honetan, subjektu normal guztiak bi taldeetan errepikatzen direlako. Hala ere, 5 garun-eremutan ezberdintasun estatistikoki esanguratsuak aurkitu dira: bi aldeetako amigdaletan, bi aldeetako kortex entorrinaletan eta eskuineko kopeta basalean. Aipatzekoa da gizonezkoen kasuan desberdintasunak nabarmenagoak izan direla emakumezkoen kasuan baino. Emaitza horiek erakusten dute lortutako emaitzak ez direla guztiz egokiak izango, subjektu normalen zahartzea aztertzean gaixotasuna egoera preklinikoan duten subjektuak kentzen ez badira.
Ikerketa guztiek bezala, honek ere izan ditu mugak. Alde batetik, datuen zeharkakotasuna dela eta, une jakinetako garunaren eta adinaren arteko erlazioa estimatu da izaki baten burmuinaren zahartzea baino gehiago; horrek mugatzen du garunean gertatutako aldaketa horien eboluzioa zein izango den iragartzeko gaitasuna. Bestetik, lagin-tamainak ez dira berdinak talde guztietan, eta horrek potentzia estatistikoa mugatu dezake. Etorkizuneko ikerketek luzerako diseinuak eta biomarkatzaileen araberako taldekatze finagoak erabili beharko lituzkete.
Ikerketa honek erakusten du alzheimerraren eta patologia baskularren fase preklinikoek nabarmen aldatzen dutela garunaren zahartze-prozesua pertsona helduetan, nahiz eta subjektuak kognitiboki osasuntsuak izan. Ondorio nagusia da ezinbestekoa izango dela gaixotasun horien biomarkatzaileen araberako estratifikazioa egitea garunaren zahartzea aztertzen duten ikerketetan, emaitza okerrak saihesteko. Bestalde, alzheimerraren eta patologia baskularren prebentziorako eta esku-hartze goiztiarrerako estrategiek kontuan hartu beharko dituzte biomarkatzaile preklinikoak, baldin eta benetan eraginkorrak izatea nahi bada.
Amaitzeko, ikerketak honako hau erakutsi du: alde batetik, alzheimerraren lehen faseak detektatzeko eta gaixotasunaren jarraipena egiteko, biomarkatzaile sentikorrak direla kortex entorrinalaren eta amigdalen bolumenaren neurketak; eta, bestetik, alzheimerra eta patologia baskularrak elkarrekin gertatzen direnean, indartu egiten dutela eragina, eta garunaren atrofia are azkarragoa bihurtzen dutela.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Koenig, Lauren N.; LaMontagne, Pamela; Glasser, Matthew F.; Bateman, Randall; Holtzman, David; Yakushev, Igor; Chhatwal, Jasmeer; Day, Gregory S.; Jack, Clifford; Mummery, Catherine; Perrin, Richard J.; Gordon, Brian A.; Morris, John C.; Shimony, Joshua S.; Benzinger, Tammie L. S. (2022). Regional age-related atrophy after screening for preclinical Alzheimer disease. Neurobiol Agin, 109, 43-51. DOI: 10.1016/j.neurobiolaging.2021.09.010
- Seiler, Stephan; Enzinger, Chistian (2025). MRI in older patients-a focused review. Seizure, 128, 140–145. DOI: 10.1016/j.seizure.2024.11.015
- Torres, Unai; Bernal, David; Gurrutxaga, Ibai; Estanga, Ainara; Martínez-Lage, Pablo; Arbelaitz, Olatz (2025). Preclinical Alzheimer’s and vascular biomarkers alter brain aging in cognitively normal adults: a MRI-based study. Frontiers in Aging Neuroscience, 17, 1653074. DOI: 10.3389/fnagi.2025.1653074
Egileez:
Unai Torres, Ibai Gurrutxaga eta Olatz Arbelaitz EHUko ALDAPA (ALgorithms, DAta mining and PArallelism) ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.