Maibelin Rosales: «Konbentzituta nago zientzia oso tresna boteretsua dela benetako arazoak konpontzeko»

Ikertzen dut

2 min

Maibelin Rosales: «Konbentzituta nago zientzia oso tresna boteretsua dela benetako arazoak konpontzeko»

Maibelin Rosales ingeniari kimikoa da eta ingurumen- eta energia-aplikazioetarako nanomaterialetan zientzialari aditua. Txileko Unibertsitatean Materialen Zientzian doktoratu zen, eta kutsatutako urak tratatzeko eta hidrogeno berdea ekoizteko funtzio anitzeko nanomaterialak diseinatzea da haren ikerketaren ardatza. Ikertzailea da BCMaterials zentroan, bai eta proiektu berri baten buru ere, Marie Skłodowska-Curie bekaren bidez. 15 argitalpen zientifiko baino gehiagoren, zenbait liburutako bi kapituluren eta nazioarteko bi patenteren egilea da, eta kutsatzaileak ezabatzeko eta teknologia jasangarriak garatzeko garrantzi handiko proiektuetan hartu du parte. Horrez gain, baliozkotze teknologikoko maila aurreratuak (TRL) lortu ditu. 2024an, 3M multinazionalak Latinoamerikako eta Kanadako Zientziako 25 Emakumeetako bat dela aitortu zuen, eta jasangarritasunean egindako ikerketaren eragina nabarmendu zuen. Horrez gain, konpromisoa hartu du belaunaldi berriak STEM karreretara bideratzeko.

Maibelin Rosales
Irudia: Maibelin Rosales ikertzailea. (Argazkia: Maibelin Rosalesek emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Hainbat morfologia dituzten nanomaterial funtzionalak diseinatzen eta garatzen egiten dut lan, bereziki oxido metalikoak, ingurumenean eta energian aplikatzeko. Eguzki energian oinarritutako teknologiak ditut ardatz, hala nola foto-termo-katalisia, kutsatutako urak arazteko eta hidrogeno berdea ekoizteko.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Gizartearen premiazko erronkei soluzio berritzaile jasangarrien bidez ekarpena egiteak motibatzen nau, hala nola edateko uraren eskasiari edo energia garbiak eskuratzeari, erabateko deskarbonizazioaren egungo erronka lortze aldera. Konbentzituta nago zientzia oso tresna boteretsua dela benetako arazoak konpontzeko.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Bai, emakumezko zientzialari asko. Egia da Marie Curie inspirazio iturri handia izan dela bere ausardiagatik eta zientziarekiko grinagatik, baina gaur egungo emakumezko zientzialariek ere inspiratzen naute, askotan anonimotasunetik; izan ere, beren ikerketek eta ekarpen zientifiko-teknologikoek bidea irekitzen diete egunero emakume zientzialarien belaunaldi berriei.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Teknologia jasangarri eta autonomoak garatu nahi nituzke, eguzki-energiak bultzatutakoak, ur kutsatua garbitzeko irisgarriak eta eskalagarriak, batik bat landa eremuetan, eremu isolatuetan edo industria jarduerak kaltetutakoetan, komunitateei edateko ura eskuratzeko aukera emango dietenak.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Fida daitezela beren jakin-minaz, eta ez diezaiotela beldurrik izan galderak egiteari. Ikerketa ez da beti bide erraza izaten; etengabeko erronka da, baina oso-oso atsegingarria da. Kontua ez da dena jakitea, baizik eta ikasteko grina izatea, gauza berriak ezagutzea, akatsak eginda ere lanean jarraitzea eta laguntza sare on bat izatea inguruan. Garrantzitsuena da inoiz ez uztea beren gaitasunetan konfiantza izateari eta beren ametsei jarraitzea.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko martxoaren 28an: Maibelin Rosales: «Tengo la convicción de que la ciencia es una herramienta poderosa para resolver problemas reales».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.