Aldatzen diren mineralak
Aspaldi metamorfismoko hainbat prozesu oso berezi aipatu nizkizuen, arroka metamorfikoen osaeraren arau orokorra berresten duten salbuespen gisa uler daitezkeenak. Baina ez nizuen ia ezer azaldu arroka mota horiek sortzen direnean mineralek izaten dituzten eraldaketei buruz; beraz, une egokiaren zain nengoen, eta, gaur, une hori iritsi da.

Xehetasunekin hasi aurretik, artikulu honetan aurkeztu nizuen teoria orokorra osatzen hasiko naiz. Arroka metamorfikoak badauden arrokak eraldatzen direnean sortzen dira, arroka mota edozein dela ere (sedimentarioak, igneoak edota metamorfikoak), presio eta/edo tenperatura altuagoaren pean daudenean. Eraldaketa horri metamorfismo deritzo, eta beti dakar jatorrizko arrokan ez zeuden mineral berriak sortzea; dena den, beste artikuluan aipatu nizuen metasomatismoaren salbuespen horretan ez ezik, aldaketak beti-beti kimikoki itxita dauden sistemetan ematen dira. Hau da, jatorrizko arrokan zeuden elementu kimikoak azken arroka metamorfikoak agertzen diren berdinak dira, ez da kanpoko elementurik sartzen eta prozesuan ez da elementurik galtzen. Arroka berrian duten antolamendua aldatzen da, besterik ez.

Bai, badakit, ez duzue piperrik ulertu eman dudan azalpen osoan; beraz, atalka azalduko dizuet. Minerala elementu kimiko jakin batzuen hainbat atomo elkartzen direnean sortzen den substantzia solidoa da, barne antolamendu jakin bati jarraituz eratzen dena, eta presio eta tenperatura baldintza zehatzak daudenean egonkor mantentzen dena. Baina bi aldagaietako bat (presioa eta/edo tenperatura) aldatzen denean, elementu kimikoen loturak hausten dira, mineralak desegingo balira bezala. Hala ere, presio eta tenperaturaren baldintza berri horietan, elementu kimikoak ez dira aske geratzen, inguruan dauden beste elementu batzuekin lotzeko joera dute, inguru berri horretan egonkorrak diren loturak dituzten substantzia solidoak sortuz.
Hala, jatorrizko arrokan ez zeuden mineral berriak osatzen dira, baina metamorfismoaren aurretik ez zegoen elementu kimiko bakar bat ezabatu edo gehitu gabe. Hau da, hasierako arrokan kaltzioa, sodioa, oxigenoa, silizioa, karbonoa eta hidrogenoa bazeuden mineral jakin batzuk eratzeko modu jakin batean antolatuta, arroka metamorfikoan ere kaltzioa, sodioa, oxigenoa, silizioa, karbonoa eta hidrogenoa egongo dira, elementu berdin-berdinak, baina elkarri beste moduz lotuta egongo dira, beste mineral batzuk sortuz.

Laborategian egindako azterlan geokimikoei esker, jakin ahalko dugu zein den mineral bakoitzaren egonkortasun atalasea, hau da, presioaren eta tenperaturaren zein baliorekin osatzen diren mineral horiek; hala, metamorfismo prozesuan arrokek jasan dituzten baldintza fisikoen adierazle edo neurri gisa erabil ditzakegu. Horretarako, Geologian fase metamorfikoen diagrama izenarekin ezaguna den grafikoa eratu da; grafiko horietan, “x ardatzak” tenperaturaren aldakuntza adierazten du, eta “y ardatzak”, berriz, presioaren igoeran, eta horien arabera mineral bakoitzaren egonkortasun eremuak irudikatzen dira. Hala, nik arroka metamorfiko bat aurkitzen badut eta bertan mineral jakin batzuk identifikatzen baditut, jakin dezaket zein diren jatorrizko arrokak eraldatzean jasan zituen presioaren eta tenperaturaren gutxieneko eta gehieneko balioak.
Informazio horri esker, arroka metamorfikoak agertzen diren tokiaren historia geologikoa ondoriozta dezakegu. Hala, zenbatetsi daiteke zein sakoneran lurperatu ziren jatorrizko materialak presio eta tenperaturaren balio horien pean egoteko; egiazta daiteke gune hori plaka tektonikoen talka muga batetik gertu egon zen, jatorrizko arroketan presioa nabarmen handituz tenperatura asko aldatu gabe; edo identifikatu daiteke magmaren ondorioz berotu ziren materialak, presioaren baldintzak aldatu gabe. Hala ere, oso lagungarria da interes sozial eta ekonomiko ugari dituzten materialak ustiatzeko ere. Adibidez, talkoa, granatea, korindoia edo jadea presio eta tenperaturaren baldintza ezberdinetan metamorfismo bidez eratutako mineralak dira. Beraz, horiek ustiatu nahi baditugu, baldintza fisiko horiek daudela iragartzen duten arroka metamorfikoak agertzen diren testuinguru geologiko zehatzak aurkitu beharko ditugu.
Metamorfismo hitzak “formaren aldaketa” esan nahi du, eta oso ondo adierazten du nola naturan ez den ezer sortzen edo suntsitzen, dena eraldatzen da. Mineralak ere eraldatu daitezke, beste batzuetan bihurtuz, osagairik gehitu edo kendu behar gabe; nahikoa da presioa eta tenperatura aldatzea. Gauza bera gertatzen da kliman aldaketa handiak daudenean edo lanean gehiegizko espresa pairatzen dugunean gure izaeran ematen diren aldaketekin.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2026ko martxoaren 26an: “Minerales que cambian”.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.