Telebista pantaila bat dirudien minerala
Agian, duela gutxi, bideo batzuk ikusi dituzue sare sozialetan non zenbait pertsonak kristal leundu bat pasatzen zuten testuak eta marrazkiak zituen orri baten gainetik, eta irudia kristalaren azaleran proiektatzen zen, telebista pantaila batean bezala. Ziur aski pentsatuko zenuten bideo faltsua izango zela, adimen artifizialarekin eginikoa. Baina ziurtatzen dizuet benetakoa dela, eta, nola ez, azalpena Geologian datza.

Kristal horiek ulexita izeneko mineral batez eginda daude. Eskuarki boro gatz izenaz da ezaguna, baina, formalki, kaltzio eta sodiozko borato hidratatu bat da, eta haren formula oso erraza da gogoratzeko: NaCaB5O6(OH)6·5H2O.
Mineral hori kristal fibroso orrazkara txikien forman eratzen da, hau da, orratz txikien moduko formetan, eta bata bestearen ondoan pilatu ohi dira. Zuntz guztiak norabide berean hazten direnean, kristal garden bat osatzen dute, eta propietate fisiko oso berezia hartzen dute: erabateko barne islapena. Labur azalduta: fenomeno optiko horretan, argia gai da kristala norabide bakar batean erabat zeharkatzeko, desbideratu edo alboetan galdu gabe. Eta horrela lortzen da kristala gainetik igarotzen den irudi errealak kristalaren azaleran irudi birtual bat sortzea; hau da, proiekzio baten moduan agertzen da mineralaren goiko aldean. Horrenbestez, ulexitak zuntz optiko natural baten portaera du, eta gai da irudiak proiektatzeko, irudiek pantailatik irten nahiko balute bezala. Hori dela eta, Estatu Batuetan, telebista harri esaten diote mineral horri.

Mineralaren jatorriari dagokionez, ulexita Geologian ingurune ebaporitiko deritzegunetan sortzen da. Laku, urmael edo itsaso erdi itxiak dira, ur gazia dute, eta klima idorretan sortzen dira, non lurrunketa prezipitazioak baino ugariagoa den. Horren ondorioz, garai berotsuetan, ura desagertzen doa, eta, horrela, disolbatuta zeuzkan elementu kimikoak elkarren artean lotzen dira eta gatz mota ezberdinak osatzen dituzte laku eta itsaso txikien hondoan. Urak boroa bazuen, ulexita da sortzen den mineraletako bat. Baina, nondik dator boro hori? Ba, nagusiki, boratoen taldeko beste mineral batzuk dituzten arroka bolkanikoetatik dator, eta euri urak disolbatzen ditu. Ur horrek erreka eta errekasto txikiak osatzen ditu, eta elementu kimiko horiek guztiak eramaten ditu arrastan; azkenik, ingurune urtar erdi itxietan pilatzen dira.

Ulexita ez da oso ohikoa, baina, egun, Estatu Batuetako, Turkiako eta Txileko gatz lautada eta gatzaga askotan ustiatzen da, boroaren iturri industrial gisa. Izan ere, elementu horrek erabilera ugari ditu gure eguneroko bizitzarako. Adibidez, beira fabrikatzeko prozesuan erabiltzen da, prozesuan erabiltzen diren beste material batzuen fusio puntua jaisten laguntzen baitu. Oso preziatua da, halaber, zeramika manufakturan, amaierako produktuaren beroaren aurreko erresistentzia handitzen duelako. Nekazaritzan mikronutriente gisa erabiltzen da ongarrietan. Eta, horrez gain, suaren atzeratzaile ezaguna, agente zuritzaile nahiko indartsua, bakterizida nabarmena eta abar ere bada. Hau da, ulexita mineral oso kotizatua da gaur egun.
Hala ere, eta mineralaren erabilera horiek guztiak bazter utzi gabe, nire ustez, ulexitaren aplikaziorik onena dibulgazioari eta irakaskuntzari lotutakoa da. Izan ere, demostrazio optiko oso bitxiak egin daitezke harekin, eta antzekoak diren bi zientzien –Fisika eta Geologia– kontzeptu nahiko konplexuen teoria nahiko erraz transmititzeko aukera ematen du. Gainera, txikiak eta ez hain txikiak liluratuta gelditzen dira naturaren mirarien aurrean, baita ni neu ere.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 15ean: “El mineral que parece una pantalla de televisión“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.