Zergatik zorabiatzen gara itsasontzian?

Gazte kontuak

4 min

Zergatik zorabiatzen gara itsasontzian?

“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.

Berriz Bigarren Hezkuntzako Institutuko 3. DBHko ikasleen galdera: Zergatik zorabiatzen gara itsasontzian?

Uda da, Mallorcan zaude oporretan eta, gainera, zure urtebetetze eguna da. Eguna ospatzeko, zure aitak ideia bat izan du: itsasontzi bat alokatu eta nabigatzera ateratzea itsasontziz bakarrik joan zaitezkeen aparteko kalak ezagutzeko, turkesa koloreko ur ederdunak. Iragarkietan agertzen den plan bikaina, ezta? Eguzkia, itsasoa, argazki ikusgarriak eta etxeko lanik gabe… Zer atera daiteke gaizki?

Hasieran, ezin hobeto. Eguzkia, itsasontzia badoa po-po-po aurrera, eta itsasertza gero eta urrunago. Baina, handik gutxira, zerbait arraroa igartzen hasten zara. Eskuak izerditan, aurpegia zurbil, urdaila nahastuta, eta buruan pentsamendu bakarra: geldi dadila lehenbailehen itsasontzia! Zorabiatu egin zara. Eta okerrena da oraindik ez zaretela heldu lehenengo kalara.

itsasontzian
Irudia: zergatik zorabiatzen gara itsasontzian? Erantzuna zure buruaren barruan dago, leku txiki baina garrantzitsu batean: barne-belarrian. (Argazkia: Jess Loiterton – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Zer gertatu da? Nola da posible hain plan ederra itsasontzitik jaitsi eta lurra musukatzeko gogoz amaitzea? Erantzuna zure buruaren barruan dago, leku txiki baina garrantzitsu batean: barne-belarrian.

GPS ezkutua belarrietan

Belarri bakoitzaren barruan, kotoizko zotz baten luzera baina sakonago, aparatu bestibularra izeneko organo harrigarri bat duzu. Likidoz betetako kanal txiki batzuk dira, milaka ile mikroskopikok estaliak. Burua mugitzen duzunean, likidoa mugitu egiten da, ileek mugimendu hori antzematen dute eta garunari mezu bat bidaltzen diote:”aurrera goaz”, “biratzen ari gara”, “gora goaz”.

Zeure buruan ezkutatuta dagoen GPS edo burbuiladun nibel bat bezalakoa da. Horri esker, uneoro dakizu zutik, etzanda edo itzulipurdi bat egiten ari zaren, begiak itxita izan arren. Kontrol gabeko bideo joko bateko pertsonaia bat bazina legez erortzea saihesten duen sistema da.

Zentzumenak norgehiagokan

Arazoaren muina da gorputzak kontraesanean dagoen informazioa jasotzen duela. Batetik, barne belarriak primeran nabaritzen du kulunka: gora, behera, alde batera, bestera… Bestetik, zorura, mugikorrera edo itsasontziaren barrualdera begira bazaude, begiek zurekiko geldirik dauden gauzak ikusten ditu.

Orduan, gauza bitxi bat gertatzen da: belarriek “izugarri mugitzen ari gara!” oihukatzen diote garunari; begiek, bestalde, lasai-lasai, “dena geldirik dago” esten diote. Garunak kontraesaneko bi mezu hartzen ditu eta ez daki nori sinetsi. Zientzialariek zentzumen gatazka deitzen diote horri, eta zorabioaren arrazoi nagusia da; hizkuntza teknikoan zinetosia deritzo.

Baina, zergatik daukazu oka egiteko gogoa?

Hona hemen gauzarik harrigarriena: zer zerikusi dauka begien eta belarrien arteko eztabaidak oka egiteko gogoarekin?

Badago azalpen bat zientzialari askoren ustez egokia dena. Milaka urteko eboluzioan, egoera bakar batean hartu izan ditu garunak hain seinale nahasiak, hain zuzen ere nerbio sistemari eragiten zion zerbait jatean, hau da, egoera txarrean zegoen zerbait edo gauza pozoitsuren bat jatean. Horregatik, nahasmendu hori antzemanda, garunak larrialdiko erabakia hartzen du: “agian, intoxikatu egin gara, hobe dugu, badaezpada, urdaila hustea”. Ondorioz, goragalea eta oka egiteko gogoa.

Itsasontzian, baina, ez dago pozoirik: alarma faltsua da, baina garunak benetakotzat hartzen du, eta horregatik sentitzen zara hain gaizki.

Zenbait trikimailu garunari ziria sartzeko

Baina badago albiste onik: arazoa zein den behin jakinda, baduzu modurik gorputza lasaitzeko. Trikimailurik onena zerumugara begiratzea da: itsasoak zeruarekin bat egin duen lerro horretara. Begiek mugimendua antzemango dute, eta, horrela, ez da kontraesanik egongo begien eta belarrien artean. Bat-batean, zentzumenak ados jarri dira eta garuna lasaitu egingo da.

Beste trikimailu on batzuk: itsasontziaren bizkarrera irten aire freskoa hartzera, ez ezer irakurri eta ez mugikorrik erabili, aurrera begira jesarri eta ez larregirik jan itsasora irten aurretik. Eskumuturreko berezi batzuk ere badaude: eskumuturreko puntu batean presio apur bat egiten dute eta batzuentzat lagungarri izaten da. Badira ere zenbait botika, medikuaren edo farmazialariaren gomendioei jarraikiz hartzen direnak.

Bukaera zoriontsua: lehorrean, azkenik

Beraz, ez kezkatu: itsasontzian zorabiatzeak ez du esan nahi itsasoa ez denik zuretzat. Jende askori gertatzen zaio: esperientzia handiko marinelei ere gertatzen zaie, baina badago egoerari aurre hartzeko modurik.

Baina, bai, gaurko abenturaren ondoren bihar oso argi izango duzu: itsasontzirik ez. Erabili nahiko duzuen eskumuturreko bakarra hotelean “dena barne” adierazten duen horietako bat izango da, lehorrean bertan, itsasoratu gabe, igerilekurako, etzatekorako eta buffeterako eskubidea emango dizuna. Eta, aizu, hori ere bada urtebetetze eguna bikain ospatzeko aukera bat. Ez du izango, ez, itsas epikarik, baina ez duzue oka gurerik izango. Ez da gutxi!


Egileez:

Koldo Lopez Guridi EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko irakaslea da.

Amaia Castaños Urkullu EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea da.

Jon Ander Gonzalez Martin EHUKO Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko irakaslea da.


Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Por qué nos mareamos en los barcos? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: kzk.komunikazioa@ehu.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.