Mineralak, antropozenoaren adierazle

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Munduko bost mila mineraletatik 208 giza jardueren ondorioz sortu direla adierazi dute ikerketa batean. Sailkapen hori ezbaian jartzeko modukoa da, baina kontuak kontu, agerian utzi du gizakia inpaktu itzela izaten ari dela geologian eta mineralogian, batez ere azken hiru mendeotan.

Munduan 5.200 mineral inguru identifikatu ditu orain arte Nazioarteko Mineralogia Elkarteak (IMA). Bada, horietatik 208 giza jardueren ondorioz eratu dira, batez ere meatzeetan izaten diren askotariko erreakzioen ondorioz; eta XVIII. mendetik aurrera sortu dira, nagusiki. Hala azaldu dute, AEBtako Deep Carbon Observatory erakundeak gidatu duen eta American Mineralogist aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean.

Lurreko mineralen dibertsitatea azken 4.500 milioi urtetako uztaren emaitza da, eta batez ere, duela bi mila milioi urte baino gehiago gertatu zen Oxidazio Handiak (atmosferako oxigenoaren gorakada) bultzatu du. Horregatik, mineralak sortzeko prozesua oro har nahiko motela izan dela kontuan hartuta, deigarria da azken bizpahiru mendeetan gizakiak oharkabean sustatutako bilakaera bizkorra.

“5.200 aleko bilduma horretatik, 208 giza jardueren ondorio dira, zuzenean zein zeharka, eta batez ere XVIII. mendearen erditik aurrera sortu dira. 250 urte eta bi mila milioi urte ari gara alderatzen hemen; segundo baten herena (begi kliska bat) eta hilabete bat konparatzearen parekoa da”, dio Robert Hazen artikuluaren egile nagusiak. Industrializaziotik hona, gizakiak geologian izan duen inpaktu itzela nabarmendu dute horrela artikulu honetan, bai eta garai berri batean, Antropozenoan, gaudela aldarrikatu ere.

Hain zuzen, artikuluaren benetako helburua gizakiaren eskuhartzeaz hausnartzea dela uste du Pedro Gil EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileak. 208 mineralen zerrendari adierazgarri bezain anekdotiko deritzo: batzuk munduko toki bakar batean baino ez dituzte aurkitu, eta asko oso txikiak dira.

1. irudia: Nealita. Gaur egungo irizpideen arabera, IMAk ez luke mineraltzat hartuko. (Argazkia: RRUFF)

Gainera, zerrenda horrek zenbait ñabardura garrantzitsu ditu. 208 mineralok bi zutabetan sailkatu dituzte artikuluaren egileek: 1A zutabean 91 mineral ageri dira, eta 1B zutabean, 117. Bada, lehenengo 91 ale horiek gaur egun aurkitu izan balituzte, IMAk ez zituen mineral gisa onartuko, 1998an irizpideak aldatu baitzituen. Lehenago identifikatu zituztelako baino ez daude zerrenda horretan.

Zergatik aldatu zuten, baina, irizpidea? Hain justu, giza faktorea mineralaren definiziotik kanpo uzteko. IMAren arabera, minerala konposatu kimikoa da, nagusiki kristalinoa, eta prozesu geologikoen ondorioz sortua. “Laborategian kuartzoa sintetizatzen badut, ez da minerala; artifiziala da, nahiz eta kuartzo naturalaren berdina izan”, azaldu du Gilek.

Ezin esan 91 mineral horiek erabat artifizialak direnik, gizakiak ez baititu propio sortu, baina ez dira prozesu geologiko soil baten ondorio ere: “Modu naturalean sortu dira, baina aurrez gizakiak ekoitzitako produktuen gainean”. Ez dituzte zerrendatik kanporatu, definizio berriak ez duelako atzeraeraginik, baina gaur egun ez lirateke mineraltzat joko. Horren adibide bitxia da kalklazita: Bruselako Historia Naturaleko Museoko apalategi bat eta bakarrean aurkitu zuten 1959an, egur zehatz horretako erretxinaren ondorioz sortu baitzen.

1B zutabeko 117 mineralak, aldiz, desberdinak dira. Izan ere, bi modutan sor daitezke: gizakiaren eskuhartzeak bultzatuta, baina prozesu erabat naturalen ondorioz ere bai. Horregatik, definizioa aldatuta ere, ezin uka mineralak direla. Faialita eta forsterita dira bi adibide. Mineral olibinoak dira; tenperatura altuetan, silize gutxiko magma ferromagnesikoak kristaltzearen ondorioz eratzen dira, eta horren erakusle dira, esaterako, Lanzaroten nonahi saltzen dituzten kristal berdeak.

2. irudia: Olibinoak ohikoak dira Lanzarote bezalako irla bolkanikoetan. Prozesu naturalen bidez sortzen dira, baina gizakiaren eskuhartzeaz ere bai. (Argazkia: David Monniaux / CC BY-SA 3.0)

Bada, faialita eta forsterita prozesu naturalen bitartez eratzen dira horrelako irla bolkanikoetan, baina bestela ere bai. Hala nola, erritualetan gizakiak utzitako errautsen gainean jaio daitezke bi mineralok, denboraren poderioz, ehunka urteren ondoren.

Ñabardurak ñabardura, artikuluaren bigarren irakurketari ematen dio garrantzia Gilek: gizakia geologian izaten ari den inpaktu itzelari. “Milaka eta milaka tona burdin mineral ari gara mugitzen urtean. Ordena naturala aldatzen ari gara”, hausnartu du. Izan ere, adibide xume bat jartzearren, gure sukaldeetako mahaietan dugun granitoa edo marmola ez dira etxe ondoko harrobietatik atera. Zer esanik ez, zubiez edo bestelako eraikin erraldoiez ari bagara.

Gilek bota du galdera: zer ez dute topatuko etorkizuneko geologo eta mineralogoek, New York bezalako hiri bateko sedimentuetan? Ildo beretik, artikuluan honakoa dio Edward Grew ikertzaileak: “Mineral horiek banaketa globala izango dute adierazgarri, hala agertuko dira erregistro geologikoan. Gure garaia aurreko guztietatik bereizten du, nabarmen, horrek”.

Erreferentzia bibliografikoa

Robert M. Hazen et al. On the mineralogy of the “Anthropocene Epoch”. American Mineralogist. Mar 2017, 102 (3) 595-611. DOI: 10.2138/am-2017-5875


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.