Non nago? Live Tracking, kokalekua erregistratzeko aplikazioa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Ander Orbegozo Igartuak, Bilboko Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako informatikako ikasleak kokalekua erregistratzeko eta denbora errealean partekatzeko sakelako aplikazio bat sortu du, Live Tracking. Aplikazioa gradu amaierako lana izan da eta puntuazio gorena lortu du: 10.

Ander Orbegozo ingeniari informatiko bergararrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdean garatzen diren gailu mugikorretarako aplikazio onenak saritzen dituen, GipuzkoAPPs 2015 lehiaketara aurkeztu izan du haren lana.

non nago orain?
Irudia: Live Tracking aplikazioak, besteak beste, egindako ibilbideak, altuera eta abiadura datuekin gorde egiten ditu gerora kontsultatzeko.

Kokalekua gorde eta partekatzeko Live Tracking aplikazioak hainbat erabilera ditu, pertsonalak zein profesionalak. Norberaren ibilbideen kokalekuak lagunekin partekatzen ditu edozein momentutan non gauden jakinarazteko; perretxikoak biltzen baditugu, esaterako, hauek non aurkitu ditugun markatzeko eta gordetzeko erabili ahal izango dugu; kirol jarduerak antolatu edota jarraipena egiteko baliagarria da edota aberia bat konpontzen datorren teknikaria noiz etorriko den jakiteko erabil daiteke.

Egun, aplikazioa hobetzen eta Donostiako Informatika Fakultateko Informatika Ingeniaritzako Masterra ikasten diharduen Anderrek azaltzen digu nola sortu zen haren egitasmoa: “Nire proiektuaren zuzendariak, Oscar Casquero irakasleak, bazekien mapekin lan egindakoa nintzela eta gogoko nituela; beraz, kokalekua erregistratzeko gaur egun dauden aplikazioak hobetzea proposatu zidan. Ideia horretatik sortu zen Live Tracking”.

“Live Tracking –azaldu du Ander Orbegozok– aire zabaleko jarduerak (adibidez, mendian paseatzea eta bizikletan ibiltzea) atsegin dituzten pertsonentzat dago pentsatua. Aplikazio honen bidez, zure kokalekua denbora errealean erregistratzen duzu mapa batean, zure sakelakoan, eta, Whatsappen, sare sozialen edo mezu elektronikoen bidez, lagunekin eta senideekin parteka dezakezu kokaleku hori. Hartara, arazoren bat baduzu ere, zu non aurkitu jakingo dute beti. Bestalde, egiten ari zaren ibilbidea ikusi ez ezik, altitudea eta abiadura kontsulta ditzakezu grafiko batean, egindako ibilbidea gorde dezakezu aurrerago kontsultatzeko, eta GPX formatuan esporta dezakezu”. Aplikazioa hiru hizkuntzatan erabil daiteke: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Live Tracking bakarra da halako aplikazioen artean. “Badaude antzeko aplikazioak, baina ez dira doakoak. Live Tracking da ezertxo ere ordaindu gabe deskarga dezakezun eta informazioa denbora errealean ematen dizun aplikazio bakarra“. Aplikazioa eskuragarri dago Play Store gunean Android sistementzat; 2.500 pertsonak baino gehiagok deskargatu dute jada (% 78k Espainian, % 4k Alemanian, % 3k Indian, % 3k AEBetan eta % 1ek Italian, besteak beste), eta 5etik 4,7 puntu eman dizkiote iritzia eman duten erabiltzaileek.

Live Tracking aplikazioaren funtzionamendua erakusten duen bideoa.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ba al dakizu non nagoen orain?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.