Urrezko gezi pozoitsua

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Defentsak eta erasoak


«Urrezko gezi pozoitsua» izena duen igel bat bizi da Kolonbiako Ozeano Bareko kostaldeko oihanetan. Izenak berak ezin hobeto adierazten du igelaren ezaugarririk behinena, oso pozoitsua baita. Izan ere, ezagutzen den ornodunik pozoitsuena da Phyllobates terribilis, horixe baita igelak duen izen zientifikoa.

Irudia: ‘Phyllobates terribilis’, urrezko gezi pozoitsua, ezagutzen den ornodunik pozoitsuena da.

Phyllobates terribilis igel ikaragarriak batraziotoxinari zor dio bere izaera pozoitsu hori. Zenbait alkaloide esteroideok osatzen duten pozoi-taldeko toxinei deritze batraziotoxina, eta zenbait igeletan, kakalardotan eta hegaztitan aurkitu izan dira. Guztiak dira toxikoak (neurotoxikoak eta kardiotoxikoak), baina Phyllobates terribilis igelak eta Melyridae familiako kakalardoek daukate toxizitate handieneko batraziotoxina. Igelak ez bide du berez batraziotoxinarik sortzen; Melyridae familiako kakalardoak jan eta haien toxina metatzen du. Beraz, toxinak ez du igelarengan eraginik.

Batraziotoxinak neuronen sodio-kanaletan du eragin kaltegarria, kanalaren ioiekiko hautakortasuna eta tentsioaren menpekotasuna aldatzen baititu. Neuronaren axoian zehar hedatuz doan despolarizazio iragankorra da nerbio-bulkada, eta tentsioaren menpekoak diren sodio- eta potasio-kanalei esker transmititzen da. Neuronaren mintza despolarizatzen denean, sodio-kanalak irekitzen dira eta horrek dakarren sodioaren neuronaranzko sarrera da despolarizazioa hedatzen duena. Apur bat geroago potasio-kanalak irekitzen dira eta horri esker polarizatzen da mintza berriro. Horiexek dira nerbio-bulkadaren gertaera garrantzitsuenak. Batraziotoxinaren eraginez, sodioaz gain, beste ioi handiagoak ere igaro daitezke sodio-kanaletik eta, gainera, irekita mantentzen ditu. Etengabeko despolarizazioa sortzen da horrela. Hortaz, mintza berriro polarizatu ezin badaiteke, ezin seinalerik transmititu, eta ondorioz giharren paralisia gertatzen da.

Lehen esan bezala, batraziotoxina kardiotoxikoa ere bada, bihotz-uzkurketa egokirako ezinbestekoa den bihotz-giharraren mintzaren despolarizazio-transmisioa oztopatzen duelako. Hainbat ondorio kaltegarri dakartza (arritmia, estrasistolea eta beste), bihotza gelditu arterainokoak.

Bereziki pozoitsua da Phyllobates terribilis, familia bereko igelek baino 27 bider toxina gehiago baitu eta haren batraziotoxina 20 bider toxikoagoa baita. Pertsona bat hiltzeko, nahikoak dira 100 μg; izan ere, puxika-arrainaren tetrodotoxina baino 10 aldiz toxikoagoa edo kurarea baino 15 aldiz toxikoagoa da batraziotoxina, baina ez da pozoi botulinikoaren toxizitate-mailara iristen.

Igelaren defentsarako tresna da batraziotoxina. Hori dela eta, eraso egiten zaionean edo mehatxatua sentitzen denean, larruazalean dituen guruinek jariatzen dute pozoia. Beste pozoi askorekin gertatzen den bezala, Kolonbiako mendebaldeko Noanamá Chocó eta Emberá Chocó herritarrek ehizarako erabiltzen dute euren geziak pozoiaz bustiz.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.