Naiaren leinua

Mugaldea

El-linaje-de-Naia

Naia, duela bi mila urte baino gehiago bizi izan zen. Liraina eta txikia zen, baina ezer gutxi dakigu horretaz gain. Kontua da egun batean, okerreko urrats bat egin zuela, bere bizitzako azken urratsa. Berak egin zuen, edo eginarazi egin zioten, eta sima batean erori zen, Yucatán Penintsulan, egun Mexiko deritzon herrialdean. Hortxe hil zen, pelbis apurtuta, burua besoan tinkatuta zuela, agian negarrez, bakarrik iluntasun hartan. Bertan eroritako kide gehiagoren eskeletoek inguratuta hil zen. Askoz ere beranduago, uholde bat iritsi zen kobazulora, azken glaziazioa bukatu ostean. Eta horrela gelditu zen, ehun mende baino gehiago igaro arte.

Naiari izugarrizko izua eta oinazea ekarriko zion gertaerak. Guretzat ordea, Naia izugarrizko zientzia-aurkikuntza izan da. Izan ere, oso argigarria gertatu zaigu Amerikako populazioaren nondik norakoak sakonean ulertu ahal izateko. Hoyo Negroko aztarnategia da kobazulo hura. Egun, Mexikoko Antropologia eta Historiako Institutu Nazionala (INAH) ari da kobazuloa aztertzen, beste hainbat erakunderekin batera. Hoyo Negro, hau da, Sac Actun kobazulo multzoa, Tulumen kokatua dago, Quintana Roo estatuan. Altxorraren kobazuloa da batzuentzat, “Paleontologiarentzat esparru ezin hobea”. Applied Paleosciencesekoa den James C. Chatters doktoreak dio “denbora-kapsula bat dela, informazio bikaina eskaini baitigu azkeneko izotz-aroaren bukaeran zeuden gizakien, beste animalien, eta landareen inguruan”. Naiaren gorpuarekin batera, beste hogeita sei espezie desberdin aurkitu dira, hain ospetsu bilakatu diren sable-horztun tigreak barne[1].

Lehenik, ikus dezagun Dr. Chattersek hizpide hartu zuen kontu hau. Hipotesi nahiko onartua da Amerikan jatorriz zegoen populazioa Siberiatik etorritako kide batzuek osatua zegoela. Kideok, egun Bering itsasartea dena zeharkatu zuten. Azken glaziazioan Beringia zen itsasarte hau, eta kide horiek, gerora kontinente osora iritsiko ziren, Patagoniara arte, eta are urrunago ere. Hala ere, hipotesi hau oso eztabaidatua da; zenbaitetan zientzia-irizpide sendoak erabili dira hipotesiaren aurka, eta beste zenbaitetan badaezpadako irizpideak. Hain hurbil sumatzen ditugun kontu hauen azpian badaude identitate kontuak eta antzerakoak eta horretaz gain, baditugu tartean sasizientzien zaleak eta erlijiozko fanatikoak ere.

Beringiaren inguruko hipotesiaren aurka, esan izan da historiaurreko amerikarrek eta oraingo indiarrek ez dutela antz handirik, ez behintzat eskuragarri ditugun aztarnen arabera. Chatters doktoreak berak esan du oraingo indiarrek antz handia dutela txinatar, korear eta japoniarrekin, eta antzinako indiarrek egungo Afrika, Australia eta Ozeano Bareko populazioarekin dutela antza[2]. Izan ere, aurpegi eta buru-hezur txikiagoak dituzte. Esaterako, badugu ikerlari honek aztertu zuen Kennewickeko gizonaren eskeletoa, Japoniako ainuen antza zeukana[3]. Datu honek eta beste batzuek, antza, iradokitzen zuten hasierako amerikarrak ez zirela sartu Beringiatik, edo ez zirela Beringiatik bakarrik sartu eta ziurrenik itsasoa zeharkatuko zutela, Ozeano Bareko irletatik eta bai Afrikatik ere, Amerika kolonizatu arte.

Ez Naia, ez Kennewickeko gizona, ez ziren egungo indiarren antzekoak. Hala ere, bere zuhurtziaren haginetako batek izugarrizko bultzada eman dio Beringiaren hipotesi estandarrari. Izan ere, hagin horretan eskura eduki dugu mitokondrioen ADNa, eta makromolekula honek “zu norena zaren” diosku oso epe luzera. Eta Naiaren ADNa D1 haplotaldekoa da zalantzarik gabe. Honek sendoki lotzen ditu neskatoa, bestelako indiarrekin eta siberiarrekin[4]. Horrela, itxuraz fisonomia-desberdintasunak egon arren, berriz onartu beharko genuke giza populazio bakarra sartuko zela Amerikara Beringian zehar.

Baina orduan, zer dela eta hain gorputz-desberdintasun handiak siberiarren, paleoamerikarren eta egungo indiarren artean? Ikerlariek diote eboluzio prozesu arin batek eragingo zituela alde horiek. Izan ere, batzuek uste duten baino azkarrago jokatzen du eboluzioak. Antzinako amerikarrak azkar moldatuko ziren kontinente berriaren klima-ezaugarri berrietara, izotz-aro betean, eta Naia edo Kennewickeko gizona dira horren seinale. Gero, berriz moldatu eta egungo ezaugarriak lortuko zituzten. Baina lerro berekoak dira, hots, lerro horretatik datoz amerikar guztiak, gainontzeko gizaki guztiekin ulertezinezko lotura gordeta. Horiek ziren, horiek, gaueko zerura begiratu eta argitxo horiek zer ote ziren galdezka jarriko zirenak. Hala egingo zuen ziur aski Naiak, gure Lur honetan gizakien artean ibili izan zen hamabost urte haietan.



[1] INAH Noticias: “Encuentran en Hoyo Negro nuevas posibilidades para estudiar el origen del hombre americano.” Instituto Nacional de Antropología e Historia, boletín nº 161 (2014ko maiatzaren 15a), México.

[2] Kumar, M.: “DNA From 12,000-Year-Old Skeleton Helps Answer the Question: Who Were the First Americans?” Smithsonian magazine / smithsonian.com, 2014ko maiatzaren 15a.

[3] Middle Tennessee State University. “Kennewick Man Skeletal Find May Revolutionalize Continent’s History.” Science Daily, 2006ko apirilaren 26a.

[4] Chatters, James C. et al.: “Late Pleistocene human skeleton and mtDNA link Paleoamericans and modern Native Americans.” Science, 2014ko maiatzaren 16a, 344 (6185): 750-754. DOI: 10.1126/science.1252619


Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude