Hantabirusak arriskutsuak ote?
Ez dira birus berriak, ez! XX. mendearen erditik hona ezagunak dira mundu osoan zehar banatuak dauden birus hauek. Eta urte hauetan guztietan gure artean egon dira, noizbehinka infekzioak sorraraziz.
XX. mendearen 50eko hamarkadan izan ziren birus hauen lehenengo agerraldiak. Koreako Gerran zeuden hainbat soldadu gaixotu egin ziren, eta antzeko sintomak izan zituzten (sukarra, ondoeza, odoljarioak eta, ondoren, giltzurruneko gutxiegitasuna). Kalkuluen arabera, uste da 3.000 soldadu inguru gaixotu zirela, eta horietatik 250 hil zirela. Kasu horiek guztiak bertako Hantaan ibaiaren inguruan agertu zirenez, urte batzuk geroago (1976an), birusa isolatu zenean, hantabirusa edo Hantaan birusa deitu zioten.

Hainbat hantabirus, hainbat klinika
Nahiz eta Hantaan birusa izan deskribatu zen lehenengoa, hantabirus familian hainbat birus daude. Batzuek animaliak bakarrik erasotzen dituzte; beste batzuk, aldiz, animalietatik gizakietara transmiti daitezke, eta bertan agertu gaixotasuna. Azken horiek Orthohantavirus generoaren barnean sailkatzen dira, eta egun 35 ezberdin daude deskribatuak.
Orthohantabirusaren barneko birusak banaketa geografikoaren arabera izendatu izan dira nagusiki, eta, oro har, bi talde nagusitan sailka daitezke: batzuk, Europan eta Asian daude, hala nola Hantaan, Seoul, Puumala eta Dobrava izenekoak; beste batzuk, aldiz, Amerikan kokatzen dira, bai Ipar Amerikan (Sin Nombre, Bayou….) bai Hego Amerikan (Andes, Buenos Aires, Bermejo….).
Gainera, birus horiek sorrarazitako gaixotasuna ere ezberdina da. Asiako hantabirusek giltzurrun-sindromedun sukar hemorragikoa eragiten dute. Klinikoki, sintomarik gabeko egoeratik oso larria izatera pasa daiteke. Gaixotasun horren inkubazio-epea 3 astekoa da gutxi gorabehera, baina astebetetik 6 astera bitartekoa izatera ere irits daiteke. Sintomei dagokienez, gripearen antzera hasten da (sukarra, buruko mina, botagurak, sabeleko mina). Ikusmen-arazoak ere ager daitezke. Kasu larrietan odoljarioak agertzen dira sabelean eta burmuinean, giltzurruneko gutxiegitasuna eta hainbat organoren kaltea (birikak, nerbio-sistema zentrala, pankrea…). Hantabirus horien hilkortasun-tasa % 10-12koa da. Europan, bereziki iparraldeko (Finlandia, Suedia) eta erdialdeko herrialdeetan (Alemania, Polonia), Puumala birusa da arruntena. Horrek klinikoki arinagoa den sintomatologia sorrarazten du, nefropatia epidemikoa. Infektaturiko paziente gehienek (% 80) ez dute izaten sintomatologiarik, edo sintoma arinak agertzen dituzte (sukarra, ondoeza, beherakoak); bere hilkortasun-tasa % 1 baino baxuagoa dela deskribatu da.
Amerikako orthohantabirusek, aldiz, bihotz-birika sindromea eragin dezakete. Hori ere gripearen antzeko sintomekin hasten da, eta egun batzuen ondoren itolarria ager daiteke bihotzeko gutxiegitasunarekin batera. Andes edo Sin Nombre birusen hilkortasun-tasa Europakoena baino nabarmen altuagoa da, eta % 50 izatera ere ailega daiteke.
Zoonotikoak dira, baina erne!
Nahiz eta hainbat orthohantabirus egon, denek ezaugarri bera dute: zoonotikoak izatea, hau da, hainbat animaliatatik gizakietara transmiti daitezke. Animalia horiek nagusiki basoetako karraskariak dira; saguak, lursaguak eta arratoiak, batez ere. Gainera, horiek ere banaketa geografiko espezifikoa dute. Normalean, orthohantabirus bakoitza karraskari-espezie baten bidez edo gutxi batzuen bidez bakarrik transmiti daiteke. Beraz, ez dira berdinak Europan, Asian, Ipar edo Hego Amerikan dauden karraskari-espezieak.

Karraskari horiek ez dute gaixotasunik pairatzen, baina beren barruan dauden hantabirusak kanporatu ditzakete gorozki, gernu zein listuaren bidez, lurzorura. Gizakia birus horiek inhalatuz kutsatzen da; sudurretik zein ahotik sartzen dira nagusiki.
Hala ere, nahiz eta transmisio zoonotikoa (animalietatik gizakietara) izan nagusi, Hego Amerikako hantabirus baten kasuan, Andes birusaren kasuan zehazki, pertsonen arteko transmisioa deskribatu da zenbait agerralditan. Agerraldi horietatik hedatuena 2018koa izan zen, Argentinako Chubut probintzian. Andes birusarekin kutsatua zegoen gizon batek, urtebetetze-ospakizun batera joan ondoren, bertan ziren bost pertsona kutsatu zituen; eta pertsona horiek, hurrengo egunetan, beste 28 pertsona kutsatu zituzten. Gainera, 11 hildako egon ziren. Andes birusaren agerraldi horrek guztiz baieztatu zuen gerta litekeela pertsonen arteko transmisioa, baina birusarekiko esposizioak hurbila eta jarraitua izan behar duela; bereziki birus kantitate handiak, bilera sozial masiboak eta pertsonen arteko kontaktu estuak gertatu behar dira, transmisio-aukera handiagoa izateko.
Ulergarria da, beraz, azken egunetako berrietan ikusi den MV Hondius gurutzaontzia leku aproposa izatea kutsatuta dagoen pertsona batek beste batzuei hantabirus hori transmititzeko; esposizio hurbila, jarraitua, kontaktu estuak eta birus kantitate handia denbora oso laburrean.
Orthohantabirusen datuak
Hantabirusek eragindako infekzioak, oro har, ez dira oso ohikoak. Kalkuluen arabera, uste da urtero 150.000-200.000 kasu daudela mundu osoan. Horietatik gehienak Asian —bereziki, Txinan eta Koreako Errepublikan— eta giltzurrun-sindromedun sukar hemorragikoarekin lotuak. Europan, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren azken txostenaren arabera, 2023an 2.000 kasu atzeman ziren gutxi gorabehera, gehienak Finlandian eta Alemanian.
Amerikako orthohantabirusei dagokienez, aldiz, kasu gutxiago atzematen dira. Azken datuen arabera, 2025ean 229 kasu atzeman ziren bihotz-birika sindromearekin, eta 59 hildako.
Hala ere, orthohantabirus-kasuak aldakorrak izan daitezke urtetik urtera. Hainbat ikerketaren arabera, karraskarien gordelekua ugaritzen denean, hau da karraskari-populazioa hazten denean, kasu gehiago atzematen dira. Karraskarien populazioa ugaritu egin daiteke hainbat faktoreri esker, hala nola tenperatura egokia izatea (neguak epelak izatea) edo inguruan janari gehiago egotea. Horrela, ikusi izan da Amerikan agerraldiak lotuta egon direla euriteekin edo El Niño fenomenoko tenperatura-igoerekin. Horren adibide izan zen 2012ko abuztuan Estatu Batuetako Yosemite parkean gertatu zena. Aurreko hilabeteetan euriteak izan ziren, eta bertako karraskarien populazioa nabarmen ugaritu zen. Abuztu hartan parkea bisitatu zuten 9 pertsonek Sin Nombre birusak eragindako bihotz-birika sindromea pairatu zuten, eta horietatik 3 hil ziren.
Zenbat eta birusen gordelekua ugariagoa izan, orduan eta arrisku handiagoa izango da gizakiarentzat.
Bestalde, orain arte, orthohantabirus bakoitza oso espezifikoa izan da karraskari espezie bakoitzerako, eta urteetan ez da ikusi beste espezie batzuetara moldatzen joan denik. Hori berri oso ona da, espero dezagun horrela jarraitzea.
Arin diagnostikatzea garrantzitsua
Hantabirusak detektatzeko, pazientearen edo susmagarriaren lagina hartu eta laborategian aztertu behar da. Lagin gisa erabil daiteke exudatu nasofaringeoa edo odola, nahiz eta azken hori arruntena izan. Alde batetik, PCRa egin daiteke, eta bertan atzemango da birusaren genoma (RNA motakoa). Teknika hori oso baliagarria da batez ere sintomen lehen egunetan, hau da, sintomak hasten direnean. Baina denbora aurrera joan ahala ez da hain baliagarria; pazienteak sintoma gehiago ditu, baina bere barruan dagoen birus kantitatea gutxitu egiten da. Bestetik, odoleko laginetan antigorputzak atzeman daitezke ere, IgM motakoak hasieran, eta detektagarriak dira lehenengo astetik.
Teknika bat zein bestea oso arinak dira gauzatzeko, eta normalean biak erabiltzen dira pazientearen egoeraren arabera.
Tratatzeko zailtasunak
Zoritxarrez, gaur egun ez dago inolako medikamentu espezifikorik hantabirusen infekzioa sendatzeko. Pazientearen sintomen arabera, haren egoera hobetzen ahalegindu behar da, tratamendua sintomatikoa izanik. Beraz, arnasa hartzeko ezintasuna balu, aireztapen mekanikoa jarri beharko litzaioke; edo giltzurrunetako gutxiegitasuna balego, dialisiaren antzeko terapia bat ezarri beharko litzateke. Likidoak berreskuratzea, bihotzaren kontrola edo monitorizazioa dira gaur egun hartu daitezkeen beste neurri batzuk, pazientearen egoera ez larritzeko.
Dudarik gabe, ahalegin handiena hantabirusek eragindako infekzioen prebentzioan egin behar da, batez ere karraskarien kontrolean; haien iraizkinak ukitzea ekidin behar da, desinfekzioak egin behar dira, eta arratoiak hil behar dira. Horri gehitu behar zaio ezinbestekoa dela, pertsona kutsatu eta susmagarrien artean, hantabirus mota eta infekzio-iturburua identifikatzea; Andes birusa den kasuetan, bakoitzaren kontaktu estuak identifikatu eta aztertu beharko dira.
Oso garrantzitsua da, baita ere, gizarteari informazio argia eta zentzuzkoa ematea, arriskuen komunikazio sendoa agerian utziz eta desinformazioaren kudeaketa egokia eginez.
Orthohantabirus-kasuak jakinarazi ez diren eremu batean kasu bat agertzen denean (esate baterako, MV Hondius gurutzaontziko kasuak), beharrezkoa da ebaluazio epidemiologiko integrala egitea, arrisku-faktoreak eta pertsona bakoitzaren esposizioaren xehetasunak aztertzea, eta baita ebaluazio ekologikoa eta ingurumenari dagokiona egitea ere, jakiteko zer, non eta zergatik gertatu den hori guztia.
Argi dago hantabirusaren agerraldi baten aurreko erantzuna patogenoaren identifikazio goiztiarraren eta infekzioa kontrolatzeko neurrien inplementazioaren araberakoa dela. Horiek zenbat eta arinagoak izan, hobeto kontrolatuko da agerraldia.
Iturriak:
- Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroa: Hantavirus infection – Annual Epidemiological Report for 2023.
- Osasunaren Mundu Erakundea: Hantavirus.
Egileaz:
Miren Basaras Ibarzabal, Mikrobiologian doktorea, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.