Teruko Ishizaka, alergien immunologoa
Alergien tratamenduak asko zor dio emakumezko immunologo japoniar bati, hain zuzen ere, Teruko Ishazakari; izan ere, berak aurkitu zuen giza organismoak sortzen duen eta erreakzio alergikoak eragiten dituen antigorputz bat: E immunoglobulina (lgE). Gaur egun, IgEren analisi batek antigorputzak neur ditzake alergeno baten aurrean, hala nola polenaren edo elikagai jakin batzuen aurrean, eta alergiarik dagoen egiaztatu eta alergia eragiten duen substantzia identifikatzen du. Goranzko joera duen gaitza da: zenbatesten da munduko populazioaren % 20 eta % 30 artean alergikoa dela, eta aurreikusten da ehuneko hori % 50ekoa izango dela 25 urte barru, klima aldaketa eta kutsadura direla eta. Tesukoren (Terry izenez ezaguna) lana funtsezkoa izan zen alergiaren tratamendua ahalbidetzen duten medikuntzaren arloko aurrerapenetarako.

Teruko, edo Terry, Yamagata hirian jaio zen, Japoniako iparraldean, 1926ko irailaren 28an, familia aberats batean. Amak bultzatu zuen karrera profesional bat egin zezan, eta, zeuden aukeren artean, Medikuntza hautatu zuen. Antzinatik matxista zen herrialde batean, 1912an Emakumeentzako Medikuntza Eskola bat ireki zen Tokion, eta han graduatu zen 1949an. Urte horretan bertan ezkondu zen Kimishige Ishizakarekin, doktorea bera ere, zientziarekiko pasioa partekatuko zuen bikotekidearekin. Izan ere, Terryk, karrera amaitu ostean, ez zuen zalantzarik izan eta ikerketa medikoan jardun zuen, Kimishigek bezala. Gainera, Tokioko Unibertsitateak 1946an ordurako emakumeak onartzen zituenez, zientzia medikoen arloko doktoregoa egiten hasi zen, eta 1955ean lortu zuen. Urte horretarako, biek egiten zuten lan Keizo Nakamuraren laborategian, non Teruko anafilaxiaren mekanismoetan espezializatu baitzen. Anafilaxia erreakzio alergiko larria da, eta hilgarria izan daiteke.
1957an, bikoteak Dan Campbellen laborategian lanean hasteko aukera izan zuen, Kaliforniako Teknologia Institutuan (Caltech), La Jollan, immunokonplexua aztertzeko. Terryk, aldi berean, doktoratu ondokoa egiten zuen, baina, orduan, bere asmoa ez zen Estatu Batuetan geratzea; beraz, bi urte geroago beren herrialdera itzuli ziren Osasun Institutu Nazionaletan beren lanarekin aurrera egiteko. Orduan ez zekiten, ordea, ez zutela asko iraungo beren herrialdean; izan ere, 1962an Estatu Batuetara itzuli ziren, Denverreko Haurren Asma Ikertzeko Institutuak eta Ospitaleak (CARIH) errekrutatu ondoren. Asma da alergia posible baten sintoma argienetako bat, eta Denverren arloko onenak nahi zituzten, eta ikertzeko nahikoa baliabide ematen zizkieten.
Lau urtez elkarrekin egiten zuten lan “belar onduaren sukarraren” atzean zer zegoen jakiteko, eta, azkenik, 1966an, bikoteak aipatutako E immunoglobulina (lgE) isolatzea lortu zuen anbrosia landarearen eraginpean egon ziren paziente batzuetan. Horrela, lortu zuten alergia horren ekintza mekanismoa aurkitzea. Bitxiki, Uppsalan (Suedia) Stig Gunnar Olof Johanssonek eta Hans Bennichek aldi berean eman zuten aurkikuntzaren berri. Azkenean, 1969ko apirilean, elkarrekin argitaratu zuten aurkikuntzari buruzko artikulu zientifikoa Journal of Immunology aldizkarian.

Terukoren eta senarraren aurkikuntza funtsezkoa izan zen erreakzio alergikoak identifikatzeko eta tratatzeko modua hobeto ulertzeko. Halaber, bere lagun eta kideen arabera, aurkikuntzak agerian utzi zuen Teruko nabarmentzen zela bere banakako ikerketagatik eta bere aurkikuntzak beste ikertzaile batzuei laguntzeko baliatzeagatik. Izan ere, beste immunologo batzuek berehala eskuratu nahi izan zuten isolatutako IgE proteina, eta Terryk luze gabe partekatu zituen proteina araztua eta haren aurkako antigorputzak hala eskatzen zioten ikertzaile guztiekin, bai eta bere lanarekin eszeptikoak izan zirenekin ere. “Buru erabat irekia zuen, bai eta lehiakideekin ere”, esaten zuten haren ondoan lan egin zutenek, hala nola Hirohisa Saitok.
1970ean, beren ikerketagunea Juduen Ospitale Nazionalarekin fusionatuko zelako zurrumurruak zirela eta, Ishazaka bikotea Johns Hopkins Unibertsitateko Alergia eta Immunologia Zentrora (Baltimore) joan zen. Han, medikuntzako eta mikrobiologiako irakasle titular izendatu zuten Terry. Johns Hopkins Unibertsitatean argitaratu zuten, 1989an, garrantzi handiko beste ikerketa bat: erakutsi zuten giza mastozito bat (larruazalaren eta antzeko ehunen globulu zuri mota bat) zelula ama hematopoietikoetatik abiatuta ere garatzen dela. Hori, ordura arte, saguetan baino ez zen frogatu. Mastozitoek eta zelula horiek bat egitean, histamina askatzen dute, eta horrek alergiaren sintomak eragiten ditu.
Zientzialari «oso positiboa»
Urte horretan bertan, senarra La Jollako Immunologia Institutuko (LJI) lehenengo zuzendari zientifikoa bihurtu zen, eta bikoteak Kaliforniara joan behar izan zuen. Terryk Alergien Atala zuzendu zuen. Izan ere, LJIk Institutuaren sortzailetzat hartzen ditu Ishizakatarrak, eta bikaintasun zientifikoko estandarrak sortzeko egin zituzten ekarpenak nabarmentzen ditu, bai eta laborategietan nagusi ziren lankideen arteko begikotasun eta begirune giroa ere. Stanfordeko Stephen Galli patologoak gogoratzen zuen Terryk maitasun handiz hartu zuela ikerketa baterako laguntza eskatu zionean. «Kolaboratzaile eredugarria izan zen. Askatasunez eztabaidatzen zituen argitaratutako eta argitaratu gabeko datuak, eta eskuzabala zen gainerakoen ekarpenekin. Berak bazekien lehiakide edo kolaboratzaile batek zekien guztia, eta inoiz ez zuen amore eman bere hipotesia baliozkotzen ez bazen. Oso positiboa zen, eta hori jende gehienak ez du aurkitzen», adierazten zuen Terryri buruz.

Bere lorpenengatik, Behring Kitasato Saria jaso zuen lehenengo emakumezko zientzialari japoniarra izan zen. Eta ez zen sari bakarra izan. Senarrarekin batera, beste sari batzuk ere jaso zituen, hala nola Passano Saria 1972an eta Gairdner Fundazioaren Nazioarteko Saria 1973an. Gainera, oso oparoa izan zen: bere ibilbidean zehar, 1953tik 1992ra, alergiekin lotutako gaiei buruzko 100 artikulu baino gehiago argitaratu zituela esaten da.
Terry Ishizaka 1993an erretiratu zen, 67 urte zituela, baina La Jollan bizitzen jarraitu zuen, bai eta lgE ikerketaren eta mastozitoen biologiaren historiaren berrikuspenetan laguntzen ere, senarrak 1996an erretiroa hartu zuen arte. Orduan, erabaki zuten Japoniako jaioterrira, Yamagatara, itzultzea. Han, bizitza lasaia izan zuten. Kimishige Ishizaka hil zen lehenik, 2018an, eta hurrengo urtean, 2019ko ekainaren 4an, Teruko hil zen Parkisonen sintomak zituela. Biek zituzten 92 urte hil zirenean.
«Uste dut batak ez zuela arrakastarik izango bestea ondoan izan gabe», adierazi zuen Gallik idatzi ziren heriotza ohar ugarietako batean.
Iturriak:
- Teruko Ishizaka, Wikipedia
- Green, Andrew (2019). Teruko Ishizaka (obituary), The Lancet, 394, 212.
- Nawrat, Allie (2019). Understanding allergic reactions: chronicling the work of Dr Teruko Ishizaka, Pharmaceutical Technology, 2019ko abuztuaren 14a
- Kirkpatrick, Charles H. (2025). The Ishizakas and the search for reaginic antibodies, Journal of Allergy and Clinical Immunology, 115 (3), 642-644.
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urriaren 14an: “Teruko Ishizaka, la inmunóloga de las alergias”
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.