Isabella Bird, XIX. mendeko benetako esploratzaile eta idazlea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Urrutiko lekuetan ibili zen, eta bera hazi zen Ingalaterra victoriarrekoak ez bezalako errealitateetan murgildu zen. Horrez gain, ibilera horietako bakoitza trebetasun handiz kontatu zuen mundu osoan zehar arrakasta izan duten liburuetan.

Isabella Birdi buruz ari gara. Yorkshire-n jaio zen 1831n. Txikitatik oso gogoko izan zituen botanika, natura eta irakurketa. Bird urte gutxirekin hasi zen idazten, eta, 16 urte baino ez zituen merkataritza askearen aldeko lehen panfleto bat idatzi zuenean. Harrezkero, artikuluak idazten hasi zen zenbait egunkarirentzat.

Isabella Bird
1. irudia: Isabella Bird esploratzaile eta idazle ingelesa. (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia)

Osasunak baldintzatu zizkion haurtzaroa eta nerabezaroa: bizkarreko mina, nerbio-krisiak, nekea eta insomnioa izan ohi zituen. Aire zabalera irteteak arintzen zioten mina, baina. Naturara gerturatu nahian, udan Edinburgora joaten hasi zen haren familia, eta han zaldiketa ikasi zuen Birdek.

19 urterekin, bizkarrezurreko tumore bat kendu zioten; horixe zen bizkarreko minaren erantzule. Ondoren, sendagileek «itsas bidaia» bat egitea gomendatu zioten, eta hala egin zuen 1852an. Aitak emandako ehun libera eskuan, lehengusuekin batera joan zen Kanadan bizi ziren senideak ezagutzera. Bisitaren ostean, Toronto, Boston, Cincinnati eta Chicago ezagutzeko baliatu zuen bidaia. Aurrerantzean, inoiz ez zion bidaiatzeari utzi, eta senide eta lagunei bidaltzen zizkien gutunen bidez kontatzen zuen ikusitakoa; dena den, beti itzultzen zen Edinburgo kutunera, haiekin egoteko.

Hawaii, Mendi Harritsuak eta Japonia

Behin etxean, lehen bidaia hartan bidalitako gutunak baliatu zituen bere lehen liburuan argitaratzeko The Englishwoman in America (1856).

1872an, berriz ere medikuak aginduta, Australiarantz jo zuen. Hala ere, bidean Sandwich irletan (Hawaii) geratu nahi izan zuen. Zazpi hilabetean zehar, sumendiak eskalatu eta labazko zelaiak zaldiz ibili zituen. Eroso sentitzeko, barruan galtzak zituen soineko bat asmatu zuen. Hiru urte geroago heldu zen bigarren liburua: The Hawaiian Archipelago. Bertan Hawaiin izandako esperientzia kontatu zuen.

Isabella Bird
2. irudia: A Lady’s Life in the Rocky Mountains liburuaren azala. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Urtebete geroago, itsasontziz San Frantziskora joan zen, eta handik Coloradora jo zuen. 200 000 km baino gehiago egin zituen zaldiz Mendi Harritsuetako parke naturalean zehar. Jim Nugent cowboy iheslaria izan zuen gidari; hartaz maitemindu eta txabola batean bizi izan ziren elkarrekin, Estes Park-en. Nugentek berarekin bizitzen gelditzeko eskatu arren, Birdek bideari heldu behar zion berriz, leku eta jende berriak ezagutzeko. Birdek alde egin eta zazpi hilabete geroago, Jim pistola-borroka batean hil zen, eta Birdek Coloradon izandako abenturak kontatu zituen A Lady´s Life in the Rocky Mountains liburuan. Laster best-seller bihurtu zen.

Hurrengo urtean Japoniara joan zen, eta ondoren Txina, Korea, Vietnam, Singapur eta Malaysiara. Lehen helmugan 4 500 km baino gehiago egin zituen helburu bakarrarekin: Japoniako kultura eta gizartea ulertzea eta Mendebaldean ezagutaraztea. 800 orrialde baino gehiagoko bi liburuki argitaratu zituen Unbeaten Tracks in Japan izenburupean, eta bere liburu ospetsuenetako bat bihurtuko zen.

Medikuntza eta misio bat Indian zehar

Asko maite zuen arreba zendu zen, eta Bird John Bishop medikuarekin ezkondu zen, baina hura ere hil egin zen. Isabellak 55 urte zituen orduan; liburuei esker irabazitako dirutza eta senarraren jaraunspena zeukan, Edinburgon finkatzeko aski beraz, baina ez zuen hala egin. 57 urte zituela, zera erabaki zuen: medikuntza ikasketak egitea eta Indiako misio batera joatea. Han aholku medikoak eman eta botikak banatu zituen, eta Srinagar hirian, Bishop Memorial Hospital ospitalea sortu zuen senarra izan zuenaren omenez.

Geografia eta Argazkigintza Elkarteko kidea

Hamarkada askoan egunkari eta aldizkarietan idatzi eta hitzaldiak eman zituen, eta haren liburuak urtez urte berrargitaratu ziren. Idazle ospetsu bihurtu zen hala Europan nola Amerikan. Are gehiago, 1890ean, Royal Scottish Geographical Society elkarteko ohorezko kide izendatu zuten Bird, eta bi urte geroago, Royal Geographical Society elkartean onartutako lehen emakumea bihurtu zen.

Espedizionario, idazle edo mediku izatea aski ez nonbait, eta bere beste zaletasun handietako bat izango zena esploratzea erabaki zuen: argazkigintza. 1894an Ekialdera itzuli zen, Japonia eta Txinaren arteko gerra giro bete-betean. Yangzi eta Han (Txina eta Korea) ibaietan barrenako ibilbidearen argazkiak egin zituen, eta kronika handiak idatzi zituen landa-lanean egindako ikerketetan oinarrituta. Azken finean, Bird gerra erreportari aitzindari hutsa izan zen. Gainera, urte batzuk geroago, Royal Photographic Society elkarteko bazkide izendatu zuten.

Etzan eta goratu zuen mina

XIX. mendearen amaierarako, Birdek bizkarreko min bizia zuen, baina horrek ez zuen geldiarazi, eta Marokora egin zuen azken bidaia. Zaldi gainera igo zen eskailera baten laguntzaz, eta tribu berbereak aztertu zituen. Bidaia hura egin eta hilabete batzuk geroago, Txinarako hurrengo bidaia prestatzen ari zela, ohetik jaiki ezinik geratu zen, eta, azkenean, bertan hil zen 1904an.

Bizkarreko minak izugarri sufriarazi zuten gaztaroan, eta areagotu egin zitzaion hilzorian zenean. Baina ez dakigu zer gertatuko zen Birdek horrelako minik izan ez balu: ez zukeen izango, agian, hain bizimodu abenturazale, esploratzaile eta aberasgarria.

Isabella urrutiko lekuetara iritsi zen, eta horiek behatuta, haien gaineko iritzia modu argi eta erakargarrian jaso eta kontatu zuen. Azken batean, idazle handia izan zen, eta jende askorentzat ezezagunak ziren errealitateak mundu osora zabaltzea lortu zuen.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Maialen Muniozguren Puertas, UPV/EHUn Geologiako graduduna eta dibulgatzailea Zumaiako Flyschean.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 23an: Isabella Bird, una auténtica exploradora y escritora del siglo XIX.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Isabella Bird esploratzaile, idazle eta naturalista Yorkshire-n jaio zen 1831n. 19 urte zituela bizkarreko tumore bat kendu zioten eta sendagileek itsas bidaia bat egitea gomendatu zioten. Lehen bidaia hartan bidalitako gutunez baliatu zen bere lehen liburua argitaratzeko, The Englishwoman […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..