Efektu birsortzailea eta neurobabeslea parkinsonean

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Parkinson gaixotasunean substantzia beltzeko neurona dopaminergikoen endekapena murrizteaz gain, bultzada eman zion zelula berrien eraketari eta zelula diferentziazioari VEGF eta GDNF proteinen konbinazioak.

Irudia: Parkinsona diagnostikatzeko balio dezakeen tomografia.

Bigarren patologia neurodegeneratibo arruntena da gaur egun parkinsona. Aurre egiteko terapiak ordezkapenean oinarritzen dira nagusiki eta arazoak dituzte epe luzera. Diagnostiko goiztiarra egitea eta terapia neurobabesleak eta neurobirsortzaileak sortzea, gaixotasunaren sintomak geldotzeko eta baita lehengoratzeko ere, da parkinsonaren erronka nagusia. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko LaNCE taldeak egin dituen lanetan bi faktore neurotrofikoren efektu birsortzailea eta neurobabeslea egiaztatu da, era konbinatuan aplikatzen direnean.

Garunaren substantzia beltzean neurona dopaminergikoak galtzen direnean sortzen da parkinsona mugimenduaren nahasmendua. Dopamina neurotransmisorea (nahi gabeko mugimenduen modulazioan eginkizun garrantzitsua duena) sortzen duten nerbio zelulak dira neurona dopaminergikoak.

Eredu esperimentala eta bi faktore

Parkinsonaren fase ezberdinak erreproduzitzeko aukera ematen duen eredu esperimentala erabili da ikerketan. Emaitzetan ikusi zenez, gaitzak eragindako aldaketak ez dira homogeneoak garunean kaltetutako eskualdeetan. Kaltea bat dator neurona dopaminergikoen eta haien terminalen banaketa anatomiko espezifikoarekin; zehazki, neurona dopaminergikoek osorik dirauten eremuekin konexio gehiago dituzten zonaldeetan kaltea txikiagoa da.

Eredu esperimentala gaixotasunak eragiten dituen aldaketa morfologikoak eta funtzionalak aztertzeko balio duela egiaztatutakoan, faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoak aplikatu dira. Zelulen hazkundea, plastikotasuna eta biziraupena errazten duten eta neurona funtzioaren erregulazioan funtsezko eginkizuna duten proteinak dira erabilitako faktoreak.

Bi faktore aplikatu dira: endotelio baskularraren hazkunde faktorea (VEGF) eta zelula glialetatik eratorritako faktorea (GDNF). Polimero biobateragarri eta biodegradagarria den azido (poli-laktiko-ko-glikolikoa), PLGA, mikroesferetan edo nanoesferetan sartu dira proteinak, pixkana-pixkana baina etenik gabe askatuak izan daitezen. Faktoreak era konbinatuan erabili dira, batera efektu sinergikorik ba ote duten aztertzeko.

Bai ereduaren fase goiztiarrean bai fase zorrotzean, emaitzak itxaropentsuak izan dira. Substantzia beltzeko neurona dopaminergikoen endekapena nabarmen murriztu ez ezik, bultzada eman dio zelula berrien eraketari eta zelula diferentziazioari VEGF eta GDNF faktoreen konbinazioak.

Efektu sinergiko eta neurobirsortzailea frogatzeko aztertutako bi faktore neurotrofikoen hartzaileak inhibitzen dituen molekula bat erabili da. Ondorioak are okerragoak izan dira sistema dopaminergikoan eta VEGF eta GDNF faktoreek Parkinson gaixotasunean dituzten efektu onuragarri eta sinergikoak frogatu dira.

Faktoreak nanoesferen barruan kokatuta eta ereduak erreplikatutako gaixotasunaren fase goiztiarrean eman direnean lortu dira emaitzarik onenak. Diagnostiko goiztiarrak duen garrantzia eta nanoteknologiaren egokitasuna adierazten dute emaitza hauek.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Bi proteinaren konbinazioak efektu birsortzailea eta neurobabeslea du Parkinson gaixotasunean.

Erreferentzia bibliografikoa

Lafuente, Jose V. et al., (2017). Nanoformulation. A Useful Therapeutic Strategy for Improving Neuroprotection and the Neurorestorative Potential in Experimental Models of Parkinson’s Disease. International Review of Neurobiology, 137, 99-122. DOI: https://doi.org/10.1016/bs.irn.2017.09.003

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.