Alfa-sinukleina proteina, Parkinsonaren diagnostikoan biomarkatzaile

Argitalpenak · Dibulgazioa

Parkinson gaixotasuna nahasmendu neurodegeneratibo motore ohikoena da. Mundu mailan, 60 urtetik gorako biztanleriaren %1-2ri eragiten dio, eta 80 urtetik gorako biztanleen %4ri. Prebalentziak gora egiten du adinarekin, eta biztanleriaren zahartzearen ondorioz, datozen hamarkadetan nabarmen gorago egingo duela aurreikusten da.

Parkinson gaixotasunaren diagnostikoa irizpide klinikoetan oinarritzen da. Gorputz-adarren dardara edo moteltasuna bezalako sintoma motorrak agertzen direnean, gaixoek medikuarengana jotzen dute. Neurologo batek sintoma motorrak aztertzen eta neurtzen ditu, hala nola, atsedenaldiko dardara, mugimenduen moteltasuna, gorputz jarreraren ezegonkortasuna edo muskuluen zurruntasuna. Neurologoak sintoma hauen presentziaren, ezaugarrien eta graduaren arabera egingo du diagnostikoa. Hala ere, sintoma motorrak azaleratzen direnerako, garuneko substantia nigra pars compacta-ko neurona dopaminergikoen erdia baino gehiago galdu direla uste da eta honek tratamenduen eraginkortasuna mugatzen du. Hori dela eta, Parkinsonaren terapeutika hobetu nahi bada, lehenik eta behin diagnostiko goiztiarra ahalbidetu dezaketen adierazle biologikoak edo biomarkatzaileak identifikatzea beharrezkoa da.

biomarkatzaile
Irudia: Parkinsonaren sintoma motorrak azaleratzen direnerako, garuneko substantia nigra pars compacta-ko neurona dopaminergikoen erdia baino gehiago galdu direla uste da eta honek tratamenduen eraginkortasuna mugatzen du. (Argazkia: AnnyksPhotography – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Parkinsonaren diagnostikorako ikertu diren biomarkatzaile hautagai guztien artean, alfa-sinukleina (α-sinukleina) proteina kontsideratzen da baliagarriena. Izan ere, Parkinsona duten gaixoen neuronetan proteina honen metaketa ematen da. Zorionez, α-sinukleinaren eta bere forma ezberdinen edo proteoformen mailak gorputzeko fluido desberdinetan neur daitezke. Likido zefalorrakideoa (LZR) izan da α-sinukleinaren maila neurtzeko hautazko biofluidoa ikerlan gehienetan. Ikerlan hauetan behatu da α-sinukleina totalaren maila murriztuta dagoela Parkinsona duten gaixoen LZRan kontrol osasuntsuekin alderatuta. Hala ere, α-sinukleina totalaren mailak LZRan zehaztasun diagnostiko txikia du eta, berez, ezin izango litzateke erabilgarritzat jo Parkinson gaixotasunaren diagnostikoan. Aldiz, gaixoen LZRan a-sinukleina fosforilatua eta oligomerikoa handituta daudela frogatu da. Nahiz eta oraindik ikerlan gutxi egin diren, badirudi proteoforma hauek modu espezifikoagoan areagotzen direla eta baliagarriak liratekeela diagnostikorako, baina ebidentzia gehiago behar da hauen potentziala baieztatzeko.

Azken urteotan, α-sinukleina eta bere proteoformen presentzia beste biofluido batzuetan ere aztertu da. Kontuan hartuta LZR biltzeko prozedura inbaditzailea dela, ez da egokia ingurune kliniko gehienetan eta modu errazago batean biltzen diren fluidoetan detektatzea izan da helburua. Hori dela eta, odol-plasma, listua eta malkoa bezalako biofluidoak ikertu dira. Biofluido hauetan lortutako emaitzak ere ez dira eztabaidaezinak izan, segur aski, nahasle-faktoreek eta prozedura analitikoen aldakortasunak duten eraginagatik. Hala ere, badirudi α-sinukleina fosforilatuaren maila handituta dagoela Parkinsona duten pazienteen plasman. Bestalde, listua biofluido erakargarria izan daiteke bere irisgarritasun eta homogeneotasunagatik, baina gaur egun existitzen den ebidentzia eskasa eta kontraesankorra da. Azkenik, Parkinson gaixotasunean malkoetan α-sinukleina oligomerikoa nabarmen handitzen dela frogatu da eta azken ikerketek, ultrasentikorra den entsegu bat erabiliz, frogatu dute α-sinukleina totalaren maila ere areagotuta dagoela.

Orain arte α-sinukleinaren neurketak muga tekniko anitz izan ditu, hala nola, hemoglobinaren kutsadura, teknika desberdinen arteko aldakortasuna edo teknika berdinen arteko errepikakortasuna. Azken urteotan sortutako tekniken bitartez, entseguen errepikakortasuna eta fidagarritasuna nabarmen areagotu da. Beraz, α-sinukleinak eta, batez ere, bere proteoforma fosforilatuak izan ditzaketen potentziala Parkinsonaren diagnostikoan hurrengo urteetan egiaztatzea espero da.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 41
  • Artikuluaren izena: Alfa-sinukleina biomarkatzaile gisa Parkinson gaixotasunaren diagnostikoan.
  • Laburpena: Parkinson gaixotasuna ohiko gaixotasun neurodegeneratiboa da, patologikoki Lewy gorputzen presentziagatik eta neurona dopaminergikoen galera progresiboagatik bereizten dena. Gaur egun, Parkinson gaixotasunaren diagnostikoa irizpide klinikoetan oinarrituta dago; hau da, gorputz-adarren dardara, mugimenduen moteltasuna edo muskuluen gogortasuna bezalako sintoma motorrak agertzen direnean diagnostikatzen da. Hala ere, sintoma motorrak azaleratzen direnerako, mesentzefaloko neurona dopaminergikoen erdia baino gehiago galdu direla uste da. Gainera, Parkinsonaren diagnostiko klinikoa erronka bat denez, ohikoak dira diagnostiko okerrak. Horrek argi uzten du gaixotasunaren berariazko diagnostikorako biomarkatzaileak behar direla, batez ere fase goiztiarretan. Lewyren gorputzak aberatsak dira alfa-sinukleina (α-sinukleina) proteinatan, eta hauek funtsezko eginkizuna dute Parkinson gaixotasunaren patogenesian. Hori dela eta, α-sinukleina baliagarria izan daiteke Parkinsonaren biomarkatzaile gisa.
  • Egileak: Ane Murueta-Goyena, Maider Zubelzu, Teresa Morera-Herreras
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 11-29
  • DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22751

Egileez:

Ane Murueta-Goyena eta Teresa Morera-Herreras Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasunen Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak.

Maider Zubelzu UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.