Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean

Argitalpenak · Dibulgazioa

Azken urteotan, sexuak gaixotasunen intzidentzian, bilakaeran edota agindutako tratamenduen erantzunean duen eragina aztertzea Medikuntzako arlo askoren jomuga izan da. Izan ere, sexuak osasunean eta gaixotasunean eragin nabarmena du, eta eragin hori aztertzea bereziki garrantzitsua da pazienteen denbora luzez diziplina anitzeko arreta eskatzen duten gaixotasun kroniko progresiboetan, hala nola Parkinson gaixotasunean.

Parkinson gaixotasuna nahasmendu motor neurodegeneratibo ohikoena da, eta alfa-sinukleina izeneko proteinaz osatutako Lewy gorputzen presentziarekin eta substantia nigra pars compacta-ko neurona dopaminergikoen galerarekin lotuta dago. Ebidentzia askok iradokitzen du sexu biologikoa faktore garrantzitsua dela parkinsonaren intzidentzian, garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Gizonek ia bi aldiz maizago pairatzen dute gaixotasuna, baina emakumeetan hilkortasun-tasa altuagoa da eta gaixotasunaren diagnostikoa gizonetan baino bi urte inguru beranduago gertatzen da. Emakumeen artean, Parkinson gaixotasunaren intzidentzia altuagoa da menopausia-osteko aldian menopausia-aurreko aldiarekin alderatuz. Hortaz, emakumeen hormona sexualek zerikusia izan dezaketela iradoki da. Izatez, hainbat ikerketek erakutsi dute estrogenoek eragin neurobabeslea eskaintzen dietela emakumeei parkinsonaren aurrean.

Parkinson gaixotasunean
Irudia: Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunaren sintomatologian eta fisiopatologian. Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunaren fenotipo klinikoan eta patogenian parte hartzen duten funtsezko mekanismoetan. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gaixotasunaren fisiopatologian ere sexu-desberdintasunak azter daitezke. Gizonetan emakumeetan baino endekapen handiagoa gertatzen da parkinsonean kaltetuta dagoen bidezidorreko sistema dopaminergikoan. Horrez gain, sexuaren arabera, gaixotasunaren aurrean gertatzen den inflamazio-erantzuna eta oxidazio-estresa ere desberdinak dira. Oxidazio-estresari buruz aritzean mitokondrien funtzioa azpimarratzekoa da, eta estrogenoek mitokondrien disfuntzioa gutxitzea eragin dezaketenez, emakumeetan gertatzen den oxidazio-estresa baxuagoa da oro har. Aldiz, testosteronak, gizonezkoen hormona sexualak, Parkinson gaixotasunean izan dezakeen eragina ez dago guztiz argi oraindik.

Beste alde batetik, hainbat ikerlanek gizon eta emakumeen arteko desberdintasun klinikoak deskribatu dituzte Parkinson gaixotasunean. Gaur egun, sintoma motorrak gaixotasunaren diagnostikoaren oinarria dira: atsedenaldiko dardara, muskuluen zurruntasuna, gorputz-jarreraren ezegonkortasuna eta mugimenduen moteltasuna. Emakumeetan sintoma motorrak gizonetan baino beranduago agertzen dira, eta kasu gehienetan, dardara izaten da lehendabizikoz adierazten dena. Gizonetan aldiz, maizago gertatzen dira baldarkeria eta idazteko zaitasuna. Halaber, sintoma motorrak azaleratu aurretik sintoma ez-motorren agerpena gertatzen da, zeinak eguneroko bizi-kalitatea gogor astintzen duten: usaimenaren galera, narriadura kognitiboa, depresioa, antsietatea, mina, loaren nahasmenduak, ikusmen arazoak edota idorreria. Sintoma ez-motor horien sexu-desberdintasunei dagokienez, emakumeek maizago pairatzen dituzte depresioa, antsietatea edota mina bezala sintomak, baina gizonek baino hobe mantentzen dituzte gaitasun kognitibo orokorra eta hitzezko gaitasuna.

Sintoma motorren agerpenaren ondoren, eta sintoma horiek arintzeko helburuarekin, tratamendu farmakologikoak erabiltzen dira, levodopa (L-dopa) izanik ezagunena. Garrantzitsua da gizon eta emakumeek tratamendu horien aurrean izan dezaketen erantzuna desberdina izan daitekeela azpimarratzea, eta hortaz, ezinbestekoa dela tratamendu terapeutikoa neurrira diseinatzea. Izan ere, badirudi emakumeek L-dopa eman ondoren gain-dosifikatzeko arriskua dutela, eta horrek diszinesiak (nahigabeko mugimendu hiperzinetikoak) garatzeko arriskua areagotzen duela.

Laburbilduz, gero eta ikerketa gehiagok uzten dute agerian gizon eta emakumeen artean desberdintasunak daudela Parkinson gaixotasunean. Hortaz, ezinbestekoa da desberdintasun horiek kontuan hartuz, besteak beste, sexuaren araberako tratamendu terapeutikoak egokitzea, gizon-emakumeen behar indibidualak asetzea eta behar ezberdinei erantzuteko programa berritzaileak garatzea, pazienteei osasun-arreta integrala eskaintzeko bidean.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean
  • Laburpena: Gero eta ebidentzia gehiagok adierazten du sexu biologikoa faktore garrantzitsua dela Parkinson gaixotasunaren garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Jakina da Parkinson gaixotasunaren prebalentzia ia bi aldiz altuagoa dela gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Hala ere, emakumezkoek gaixotasunaren progresio azkarragoa izaten dute. Gainera, azken urteotan egindako ikerketek agerian utzi dute Parkinson gaixotasunaren ondorioz agertzen diren sintoma motorrak eta ez-motorrak maiztasun edota larritasun desberdina dutela sexuaren arabera. Halaber, emakumeek eta gizonezkoek tratamendu farmakologikoen eta kirurgikoen aurrean duten erantzuna ere desberdina dela uste da. Sexu-desberdintasun hauen oinarriak zehatz-mehatz ezagutzen ez badira ere, mekanismo fisiopatologikoak desberdinak direla iradoki da. Berrikuspen honetan parkinsona duten emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden desberdintasunak laburbiltzen dira, besteak beste, ezaugarri klinikoetan, arrisku-faktoreetan, gaixotasunaren fisiopatologian eta tratamenduen erantzunean. Patologiak sexu bakoitzari nola eragiten dion argitzeak pazienteen arreta hobetzea ahalbidetu dezake gizonen eta emakumeen maneiu terapeutikoa neurrira diseinatuz eta bakoitzaren beharrei erantzuteko programa berritzaileak garatuz.
  • Egileak: Maider Zubelzu, Andrea Leivar, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 41-61
  • DOI: 10.1387/ekaia.23974

Egileez:

  • Maider Zubelzu, Andrea Leivar eta Teresa Morera-Herreras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.
  • Maider Zubelzu, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.
  • Ane Murueta-Goyena UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.