Aurrerapen terapeutikoak Parkinsonen gaixotasunean

Argitalpenak · Dibulgazioa

Parkinsonen gaixotasuna (PG), gaixotasun neurodegeneratiboen artean ohikoena da, Alzheimer gaixotasunaren atzetik. PGaren kasu gehienek ez dute inolako erlaziorik gordetzen asaldura genetikoekin, zahartzea arrisku faktore nagusiena izanik. Mendebaldeko batezbesteko bizi itxaropenaren handitzea aintzat hartuta, PG pairatzen duten gaixo kopuruak gorakada esanguratsua izan du. Klinikan, ezaugarri bereizgarrienak: bradikinesia (mugikortasunaren moteldura), dardara, zurruntasuna eta ezegonkortasuna dira. Substantia nigra pars compacta (SNc) deritzon burmuineko gunearen endekapen neuronala zein gune ildaskatuko dopamina mailaren galera %50-80koa denean lehenengo sintomak agertzen dira. Normalean, une horretara arte ez da gaixotasuna diagnostikatzen ezta tratatu ere. Sintoma motor klasikoak agertu aurretik, gaixotasunaren aldi goiztiarrean, baliogabetze edo ezintasun handia eragin dezaketen sintoma ez motorrak agertzen dira, hauek sarritan gutxietsiak badira ere (esfinterren disfuntzioa, ez-ohiko jokaera psikiatrikoa eta hondatze kognitiboa, besteak beste).

Parkinsonen
Irudia: Parkinsonen Gaixotasunaren etiologia ezezaguna denez, tratatzeko eskuragarri dauden terapiek, soilik, sintomak baino ez dituzte tratatzen. (Argazkia: Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

PGaren etiologia ezezaguna denez, tratatzeko eskuragarri dauden terapiek, soilik, sintomak baino ez dituzte tratatzen. Kasu gehienetan, egindako ikerketetan oinarrituta, gaixotasunaren aldi goiztiarra tratatzeko lehenengo aukera tratamendu farmakologikoa da. Gaur egun, eskuragarri dagoen tratamendurik eraginkorrena L-dopa da. Honek bereziki, mugimenduen geldotasuna eta zurruntasuna hobetzen dituen arren, dardara eta jarrera asaldurak neurri txikiagoan ere hobetzen ditu. Alabaina, L-dopak gaixotasunaren garapena ez gelditzeaz gain, denborak aurrera egin ahala, bere eraginkortasuna murriztu egiten da eta pazienteen %50ean tratamendua hasi eta 5 urtera fluktuazio motorrak eta kaltegarriagoak diren diskinesiak eragiten ditu.

PG tratatzeko dagoen beste aukera terapeutikoa sistema dopaminergikoan aktibazio zuzena eragiten duten farmakoak erabiltzea da. Horien artean, agonista dopaminergiko ez-ergotikoak dira erabilienak. Hauek, L-doparen tratamendua atzeratzea baimentzen dute eta ondorioz, epe luzerako eragin kaltegarrien agerpena. Horretaz gain, L-doparekin batera administratzen diren B-motako monoamina oxidasaren inhibitzaileak eta katekol-o-metil-transferasaren inhibitzaileak erabil daitezke. Hauek, dopaminaren degradazioa inhibituz, L-doparen ekintza denbora luzatzea ahalbidetzen dute. Antikolinergikoak ere erabiltzen dira dopaminaren efektuak bultzatzen baitituzte.

Azken urteetako ikerketa klinikoek L-doparen eragozpenei aurre egiteko terapia eta farmakoak frogatu dituzte (farmako serotonergiko eta glutamatergikoak, farmakozinetika hobetzeko formulazioak edota garezurrean zeharreko estimulazio magnetikoa (rTMS), besteak beste) beti ere PGren terapeutika hobetzeko helburuarekin.

Entsegu kliniko batzuetan, sarizotanek eta eltoprazinek, sistema serotonergikoa bultzatzen duten farmakoak, L-dopak eragindako diskinesiak murrizten dituzte. Horretaz gain, PGaren aurkako efektuaren luzapena ere eragiten dutela ikusi da. Hala ere, oraindik ikerkuntza-lan gehiago beharrezkoa da farmako horiek merkaturatu ahal izateko. Bestalde, PG zein honi lotutako diskinesietan sistema glutamatergikoaren hiperaktibitatea aurkitu da, eta igorpen glutamatergikoaren normalizatzeak diskinesiak murriz ditzake. Izan ere, diskinesiei aurre egiteko komertzializaturik dagoen aukera farmakologiko bakarra amantadina farmakoa da. Gainera, sistema honetako blokeatzaileak diren farmakoak entsegu kliniko batzuetan diskinesien aurkako nolabaiteko efektua erakutsi dute, ikerketa berrien beharra ondorioztatu den arren. Azken urteotan, askapen kontrolatutako formulazioak eta administratzeko bide berriak (larruazal edo inhalazio bidez administratzeko formulazioak) frogatu dira bi helburu nagusirekin: alde batetik etengabeko estimulazio dopaminergikoa lortzea eta bestetik L-doparen berehalako askapen formulazioa aurkitzea. Horietako batzuk, etorkizun hurbilean Espainian merkaturatuta egotea espero da. Azken urteotan PGean rTMS ere frogatzen ari da eta lortutako emaitzak nahiko itxaropentsuak dira. Beraz, ikertzen ari diren farmakoak gaixotasunaren sintomatologia gero eta gehiago arintzen ari dira. Nolanahi ere, etiologia ezezaguna denez, egun ez dago babeslea den edota endekapen prozesua gelditzeko aukera terapeutikorik.

Iturria

Duque, Mailen; Sagarduy, Ainhoa; E. Ortega, Jorge; Morera-Herreras, Teresa (2020). «Aurrerapen terapeutikoak Parkinson gaixotasunean»; Ekaia, 36, 2019, 49-64 (https://doi.org/10.1387/ekaia.20833)

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Aurrerapen terapeutikoak Parkinson gaixotasunean
  • Laburpena: Parkinson gaixotasuna (PG) adinarekin erlazionatutako gaixotasun neurodegeneratiboa da. PGren prebalentzia gorantz doa, eta hurrengo 40 urteetan kasuak bikoiztuko direla uste da. Gaur egun, farmako erabilgarrien artean, L-dopak tratamendurik eraginkorrena izaten jarraitzen du, baina ez du endekapena geldiarazten edo moteltzen. Horrez gain, denbora pasatu ahala, haren eraginkortasuna murriztu egiten da, eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu: esate baterako, diskinesiak. Berrikuspen honek PG tratatzeko aurrerapen terapeutiko berriak laburbiltzen ditu; besteak beste, farmako serotonergikoak eta glutamatergikoak, farmakozinetika hobetzeko forma farmazeutikoak edo garezurrean zeharreko estimulazio magnetikoa.
  • Egileak: Mailen Duque, Ainhoa Sagarduy, Jorge E. Ortega, Teresa Morera-Herreras
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 49-64
  • DOI: 10.1387/ekaia.20833

Egileez

Mailen Duque, Ainhoa Sagarduy, Jorge E. Ortega, Teresa Morera-Herreras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Sailekoak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Ekaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude