Kannabinoide berriak: segurtasun eta eraginkortasun terapeutikoaren bila

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gizakiak antzinatik naturan aurkitu izan ditu bere gaixotasunen sendabidea. Beraz, ez da harritzekoa printzipio aktibo ezagunenak iturri naturaletan aurkitu izana, gehienak landaretan. Cannabis sativa landarean kannabinoide izeneko konposatuak daude, eta horiek propietate terapeutiko desberdinak aurkezten dituzte.

Irudia: Orain arte dauden ikerlanen arabera, kannabiseko CBDa erabilgarria izan liteke gaixotasun neuropsikiatrikoak tratatzeko. THCVa, obesitatea tratatzeko proposatu da eta CBGa, berriz, endekapenezko gaixotasunetarako.

Dena dela, kannabinoideak medikamentu gisa garatzeko oztopoetako bat dituzten propietate psikotropikoak dira, hau da, hartzaile kannabinoideak (CB) aktibatuz pertzepzioaren aldaketa eragitea. Hori dela eta, egungo terapeutikan kannabinoideen erabilera gaixotasun batzuetara mugatu izan da. Azken urteotan, eragin psikotropikorik ez duten kannabinoideek ikertzaileen arreta piztu dute. Izan ere, konposatu horiek esparru klinikoan erabiltzeko interesgarriagoak izango lirateke, oro har, hartzaile kannabinoideak zuzenean ez aktibatzeagatik segurtasun-profil hobea aurkezten dutelako. Gaur egun, kannabinoide ez-psikoaktibo ugari ikertzeko bidean badaude ere, ezagunenak honakoak dira: kannabidiola (CBD), Δ9-tetrahidrokannabibarina (THCV) eta kannabigerola (CBG). Kannabinoide horiek nerbio-sistemako itu desberdinetan eragiten dute.

CBDa kannabinoide ez-psikoaktiboen artean ikertuena da. In vitro ereduetan zein animalietan egindako ikerketek kannabinoide honek sistema serotonergikoa, sistema endokannabinoidea eta hanturan parte hartzen duen sistema erregulatzen dituela frogatu dute. Animalia-ereduei esker, posiblea izan da kannabinoide horrek dituen efektu antipsikotikoak, antidepresiboak, antsiolitikoak, antiepileptikoak, motoreak eta goitikaren kontrakoak frogatzea. Aipaturiko eragin horiek neurotransmisio-sistema desberdinen modulazioarekin erlazionatzen badira ere, ebidentzia gehien bildu dituena sistema serotonergikoa izan da eta, bereziki, 5-HT1A hartzailea. Gizakietan, bi dira CBDari egotzi zaizkion propietate nagusienak: eragin antiepileptikoa eta antsiolitikoa. Espainian 2010. urtetik aurrera osagai moduan CBDa duen eta esklerosi anizkoitzaren tratamendurako aproposa den medikamentu bat merkaturatuta dago, Sativex (CBD eta Δ9-THC konbinaketa) izenez ezagutzen dena.

Bestalde, THCVaren eta CBGaren efektuak oraindik ez dira ondo karakterizatu. Animalietan egindako ikerketek THCVak gosea inhibitzen duela frogatu dute. Bestetik, 5-HT1A hartzailearen aktibazioaren bidezko eragin antipsikotikoak ere deskribatu dira eta baita eragin antidepresiboak ere. Pertsona osasuntsuengan egindako saio klinikoren batek ere THCVa obesitatearen aurka erabilgarria izan daitekeela frogatu du eta gainera depresiorik eragiten ez duela. Izan ere, aurretik indikazio horretarako merkaturatu zen kannabinoide bat, Acomplia®, obesitatea tratatzeko erabilgarria zen baina egoera emozionalaren asaldura eragiten zuen. Azkenik, CBGaren ituak oraindik deskribatu gabe daude, eta are gutxiago haren efektu farmakologikoak. Ikerketaren batek eragin antidepresiboa duela iradoki badu ere, ebidentzia gehienek hanturaren inhibizioa frogatu dute. Eragin horri esker CBGak efektu neurobabesgarria izan dezakeela proposatu da, adibidez, Huntington gaixotasunean baina oraindik ez da eragin hori saio klinikoetan frogatu.

Laburbilduz, kannabinoide ez-psikoaktiboei buruz dauden ebidentziak itxaropentsuak izan arren, horien ituak, ezaugarri farmakologikoak eta eraginak sakonago ikertu behar dira. Orain arte dauden ikerlanen arabera, CBDa erabilgarria izan liteke gaixotasun neuropsikiatrikoak tratatzeko. THCVa, obesitatea tratatzeko proposatu da eta CBGa, berriz, endekapenezko gaixotasunetarako. Badirudi kannabinoide horien segurtasun-profil hobearen arrazoia, sistema kannabinoidea zeharka erregulatzea edota beste itu desberdinak modulatzea (adibidez, sistema serotonergikoa) dela. Beraz, hurrengo urteetan baliteke kannabinoide horien erabilera klinikoa hedatzea.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Kannabinoide berriak: segurtasun eta eraginkortasun terapeutikoaren bila.
  • Laburpena: Cannabis sativa landarean kannabidiola, kannabigerola edo Δ9-tetrahidrokannabibarina bezalako kannabinoide ez-psikoaktiboak aurki daitezke. Oro har, kannabinoide horiek kannabinoideen hartzaileekiko (CB) afinitate txikia dutenez, ez daukate kannabinoide klasikoek (bereziki Δ9-THCak) duten aktibitate psikoaktiboa. Gizakietan eta animalietan kannabinoide ez-psikoaktiboekin egindako lehenengo ikerketek horien propietate terapeutikoak frogatu dituzte. Efektu horiek azaltzeko itu eta mekanismo desberdinak proposatu dira, besteak beste, hartzaile serotonergikoen aktibazioa edota entzima desberdinen modulazioa.
  • Egileak: Erik Aostri, Joseba Pineda, Aitziber Mendiguren.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-20
  • DOI: 10.1387/ekaia.16320

Egileez: Erik Aostri, Joseba Pineda eta Aitziber Mendiguren UPVEHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Sailekoak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.