“Kannabisaren hamar aurpegiak”, Ekaia aldizkariaren ale berezia

Ekaia, UPV/EHUko zientzi eta teknologi aldizkariak, ale berezia plazaratu du, kannabisaren inguruko eztabaida ikuspuntu askotariko eta desberdinetatik aztertzen duena. “Kannabisaren hamar aurpegiak” izenburupean, hamar artikulutan zehar, landare honek gizartean, osasunean, ekonomian eta norberarengan izan ditzakeen abantaila eta desabantailak ezagutzera ematen dira zuzenbidea, ekonomia, biologia, kimika, farmakologia edo fisiologia arloetako adituen bitartez.

Ekaia

Ekaia, UPV/EHUko zientzi eta teknologi aldizkariak, ale berezia plazaratu du, kannabisaren inguruko eztabaida ikuspuntu askotariko eta desberdinetatik aztertzen duena. “Kannabisaren hamar aurpegiak” izenburupean, hamar artikulutan zehar, landare honek gizartean, osasunean, ekonomian eta norberarengan izan ditzakeen abantaila eta desabantailak ezagutzera ematen dira zuzenbidea, ekonomia, biologia, kimika, farmakologia edo fisiologia arloetako adituen bitartez.

Iker Val, Euskadiko Kalamuaren Elkarteko (EUSFAC) presidenteak, ale berezi honen hitzaurrean adierazi duenez, “kannabisa aipatzen den bakoitzean, gehienetan, zigarroa, gazteria, droga eta abar datozkigu burura eta albo batera uzten ditugu medikuntza, osasuna edota lasaigarria bezalako arloak. Horregatik, ale berezi honekin, hainbeste eztabaida pizten dituen landare hau bere osotasunean ezagutzera eman nahi dugu, Euskal Herrian ditugun adituei hitza emanaz”.

Hamar artikulu horietan, besteak beste, kalamuak urteetan zehar izan dituen erabileren (ehun-zuntz gisa, olio askoko elikagai gisa, sendagai edo droga psikotropiko gisa…) nondik norakoen azalpena eta kalamu landarearen ezaugarri morfologiko eta anatomiko bereizgarrienen deskribapena egiten da. Era berean, landarea kontsumitzeko modu desberdinak ere aipatzen dira eta modu horien berezitasunak ere, gaur egun merkatuan dauden kannabinoide garrantzitsuenetarikoen sintesiaren azterketaren bidez. Bestalde, Cannabis Sativa edo marihuana noiz eta zenbat kontsumitu den jakiteko analisi metodo berrien garapenaren beharrizana ere azaltzen da, Cannabis Sativaren osagai nagusiaren efektu psikoaktiboak istripu edota ondorio latzen eragile izan daitezkeelako eta informazio hori ezinbestekoa delako ikerketa batean argibideak izateko.

Jakina denez, kalamua aspalditik erabili da zenbait gaixotasuni aurre egiteko. Hori dela eta, ikuspuntu zientifiko batetik, kannabisaren eta bere eratorkinen terapia erabileraren analisia ere egiten da Ekaia aldizkariaren ale berezi honetan, gaur egun dauden ebidentzia zientifikoak azalduz. Eta, beste alde batetik, hainbat egilek, kannabisa legez kanpo jartzeko arrazoiak ez duela inongo zientzi oinarririk edota, ikuspuntu ekonomikotik, kannabisari buruzko politiken norabidea berrikusteko beharra dagoela ere defenditzen dute.

Depresioa eta antsietatea bezalako gogo-aldartearen asalduretan eta eskizofrenia gaixotasunean ikusitako sistema endokannabinoidearen parte-hartzeari buruzko ebidentziak ere aztertzen dira ale berezi honetan. Bestalde, sistema endokannabinoidearen modulazioa estrategia terapeutiko berri bezala erabiltzea proposatzen dute adituek mugimenduaren asaldurak (Parkinsonen gaixotasunean gertatzen den bezala) tratatzeko. Eta, era berean, sistema kannabinoideak, nerbio-sistema zentralaz gain, beste ehun periferikoetan duen eragina ere sakonean aztertzen da.

Artikuluak

Honako hauek dira Ekaia aldizkariaren “Kannabisaren hamar aurpegiak” ale bereziko artikuluak:

– Hitzaurrea (Iker Val eta editoreak).
– Kannabisaren terapia erabileraren zuzenbide alderdiak: hurbilketa bat (Xabier Arana, Aitzol Azpiroz).
– Kannabisaren eragin ekonomikoaren inguruko zenbait gogoeta (Josune López Rodríguez).
– Kalamua: Biologia eta dibertsitatea (Gustavo Renobales, Esti Sarrionandia).
– Kannabis landarearen kimika (Oier Aizpurua, Jone Omar, Nestor Etxebarria).
– Kannabinoideen sintesia (Estibaliz Coya, Eider Arantzamendi).
– Konposatu kannabinoideen analisia matrize biologikoetan: odola, plasma, gernua, listua eta ilea (Maitane Olivares, Asier Vallejo, Ibone Alonso, Nestor Etxebarria).
– Kannabisaren terapia erabilera (Igor Horrillo, Luis F. Callado).
– Sistema endokannabinoidea: etorkizun handiko itu terapeutikoa gaixotasun psikiatrikoetan (Sergio Barrondo, Maider Lopez de Jesús, Gontzal Garcia del Caño, Imanol Gonzalez-Burguera, Xabier Aretxabala, Mario Montaña, Joan Sallés).
– Kannabisaren terapiarako erabilera mugimenduaren asalduretan (Teresa Morera-Herreras, Cristina Miguelez, Asier Aristieta, José Ángel Ruiz-Ortega, Maria Torrecilla).
– Sistema endokannabinoidearen funtzio periferikoak (Ekaitz Agirregoitia, Naiara Agirregoitia).

Zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko lehenengo aldizkaria den Ekaiak 1989. urtean kaleratu zuen bere lehen zenbakia. Euskaraz osoki idatzitako eta oinarrizko hezkuntza zientifikoa duten irakurleei bideratutako dibulgazio-aldizkaria da, urtean behin argitaratzen dena. Bere helburuen artean ondokook daude: zientzia eta teknikaren alorretan egiten diren aurrerapenak plazaratzea, unibertsitateko ikasleei zein irakaskuntza ertaineko irakasleei testuliburuen osagarriak izango diren materialak eskaintzea, esparru zientifiko-teknikoan euskararen estandarizazioa bultzatzea, eta esparru honetan hizkuntzaren erabilerak sortzen dituen arazoak konpontzen laguntzea.

Iruzkin 1

Eman iritzia

“Kannabisaren hamar aurpegiak”, Eka...

[…] Kannabisak gizartean, osasunean edota ekonomian duen eragina aztertu dute arlo desberdinetako adituek Ekaia, UPV/EHUko zientzi eta teknologi aldizkariak, ale berezia plazaratu du, kannabisaren inguruko eztabaida ikuspuntu  […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>