Alzheimer eta kakahuetearen proba

Antonio Martínez Ron

Irudia: University of Florida

Irudia: University of Florida

Atzeman ote daiteke alzheimer usaimenaren galerari esker? Duela aste pare bat, Journal of the Neurological Sciences aldizkarian1 plazaratutako ikerketa batek ikusmin handia eragin piztu du Amerikako Estatu Batuetako hedabideetan. Izan ere, alzheimerren garai goiztiarretan antzemateko modua aurkitua omen zuten, besterik gabe kakahuete gurina usaintzera emanda. Bitxia ematen badu ere, neurozientzialariek aspaldi dakite usaimen-galera badela hainbat endakatze-gaixotasunen seinale, besteak beste alzheimerren seinale. Hori dela eta, buru-belarri ari dira zientzialariak horretan ikertzen, baina egiazkoa ote da kakahuetearen proba hori?

Hasteko, ikerketaren zehaztapenak ezagutu behar dira. Beren lanean, Floridako (Gainesville) Unibertsitateko ikerlariek 94 kide hartu zituzten lagin gisa, eta eskatu zieten kakahuete gurina usaintzeko. Sudurreko zulo bakar batetik egin behar zuten hori, eta gainera hainbat distantziatara egin behar izan zuten (30 cm-tik 1 cm hurbilduz aldiro). Proba ehun bat aldiz errepikatu ostean, ikusi zuten ustez alzheimer izan zezaketenek zailtasun handiagoak zituztela sudurreko ezker zuloan. NPRen azaldu dute ikerlariek uste zutela hori zentzuzkoa zela, zeren eta alzheimerrek ezker hemisferioari diolarik usaimena ipsilaterala baita (hau da, eskuin estimuluak hemisferioko alde berera doaz eta alderantziz).

Emaitzak egiaztatzeko, ikerlari taldeak ikerketa handiagoa egiteko asmoa du, baina hala ere, hastapenezko ondorio hauek erakargarrienak ziren hedabideek isilgordean izateko eta “kakahuete gurina alzheimer atzemateko” bezalako izenburu nahasiak plazaratu ziren. Ganorazko hedabide batzuek zentzuz jokatzeko eskatu zuten eta izan ere, usaimena ezaguna da seinale gisa, baina ikasketa hori txikiegia da eta sistematikotasunik gabea. Alegia, goizegi da horrelako ondorioak gizarteratzeko. Beste gaixotasun askoren seinale ere izan daiteke usaimen-galera.

Espainian, Juan Álvarez-Linera izan da aitzindarietako bat alzheimer atzemateko metodo goiztiarren inguruko lanetan. Neuroirudia Saileko zuzendaria da CIEN fundazioan. Bere taldeak urteak daramatza usaimen-galeraren bidez gaixotasun hau atzemateko sistema batekin lanean. “Aspaldi uztartuak ditugu usaimen-galera eta alzheimer” dio Fronterak, “baina oraindik ez dago argi zein zonalde endekatzen den, edo eta neurotransmisoreen kontu bat ote den. “Gehiegizkoa bide da alzheimer kakahuete gurina usainduz antzeman daitekeela esatea” diote, “baina baliteke informazio hau batera baliagarria izatea beste hainbat konturekin”.

Besteak beste, traumatismo batek, hotzeriak edo produktu kimiko batzuek eragin dezakete usaimen-galera. Medikuak ez ohi die horren berririk pazienteei eskatzen eta gaixoa ere ez da kontuaz ohartzen, baina diagnostikorako beste seinaleetako bat izan liteke hau. “Badakigu usaimena kokatuta dagoen burmuinaren zonaldean bertan hasten dela alzheimer gaixotasuna” dio Linerak “kortex entorrinala da zonalde hori; gizakiok ez daukagu beste animalia espezie batzuek bezain garatua usaimena baina edonola, zonalde honek zeregina dauka oroimenean ere, eta hipokanpotik hurbil dago, lobulu tenporaleko erdialdean”.

Ezaguna da usaimenaren neurketak subjektiboak izan ohi direla, gizakiak atzematen duen horretan baizik ez baitira oinarritzen ikerlariak, eta hori dela eta, lan-talde hau duela urte batzuk ari da olfatometro izeneko sistema objektiboago bat lortu nahirik. “Era automatikoan ematen diogu ustezko gaixoari usain bat, dosi eta denbora baldintzak kontrolpean izanda. Horren ostean, erresonantzia magnetiko funtzionalen bidez ikusten dugu burmuinaren erantzuna usaimen-kortexean”. Horrela, saiatzen ari dira balio ertainak zein diren finkatzen, geroago usaimenaren neurriak era fidagarrian erabiltzeko. Oso eragozpen larria dute ordea, erresonantziak odol-fluxuaren jarduera neurtzen duelako eta tartean aldagai asko daudelako aztertzeko. “Jo dezagun arteriosklerosiagatik gizaki baten zuhaitz baskularrak desberdin erantzuten duela” edo “ustezko gaixoa botika jakin bat hartzen ari dela. Hori guztia neurtzeko ahaleginetan ari gara”.

Alzheimer atzemateko lehia honek aldagai asko aztertzera eraman ditu ikerlariak eta aldagai horietako bat besterik ez da usaimena. Azkarregi esan dute agian kakahuete guruin bidez egin daitekeela, baina baliteke etorkizunean Álvarez-Linerak egiten duen neuroirudiaren antzerako proba batek emaitza fidagarriak ematea. Hala bada, has gintezke usaimena galdu duen gaixoaren diagnostikoa egiten.

Iturria: A brief olfactory test for Alzheimer’s disease (Journal of the Neurological Sciences)

—————————————————————–

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.

—————————————————————–

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

References

  1. Stamps J.J., Bartoshuk L.M. & Heilman K.M. (2013). A brief olfactory test for Alzheimer’s disease, Journal of the Neurological Sciences, 333 (1-2) 19-24. DOI:

Iruzkin 1

Eman iritzia

Gorka AzkuneGorka Azkune

Alzheimer gaixotasunaren diagnostiko goiztiarraren inguruan RT: ” Alzheimer eta kakahuetearen proba – t.co/S4L7PbzhLm … “

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>