Asteon zientzia begi-bistan #397

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

orkidea

Osasuna

Itziar Gonzalez Moro 1 motako diabetesaren garapenean lncRNA geneek duten funtzioa aztertzen ari da bere doktoretza-tesian. lncRNA molekulak RNA luze ez-kodetzaileari egiten dio erreferentzia, ingeleseko sigletatik. Itziarrek azaldu duenez, berriki aurkitu dira molekula hauek, eta oraindik ez dira oso ondo ezagutzen. Hauek hobeto ezagutzeko, beraz, Itziarren tesian lncRNA geneak erabili dituzte, eta infekzio biral bat simulatu dute gene hauek 1 motako diabetesean izan dezaketen eragina frogatzeko. Orain arte, eritasun honen garapenean eragina duten zenbait lncRNA aurkitu dituzte. Hemendik aurrera, gene hauek duten funtzioa argitzea falta zaie, bai eta gaixotasunarekin duten lotura topatzea. Elkarrizketa osoa irakur daiteke Unibertsitatea.net webgunean.

Tximino baztangaren zazpigarren kasua atzeman dute. Orain arte, sei pertsonak eman dute positibo Euskal Herrian, denak kasu arinak. Osakidetzaren hitzetan, ez dute inor ospitaleratu beharrik izan, aski izan baitute osasun langileek egin dieten jarraipenarekin.

Aitor Santisteban Jarduera fisiko eta kiroletan doktoreak bere ikerketan ikusi duenez, surfa egiteak eragina du ezaugarri antropometrikoetan, gaitasun fisikoan eta tekniko-taktikoan. Besteak beste, ikusi du esperientzia gehiagoko surflariek hobeto interpretatzen dutela itsasoa, eta morfologia fisikoari dagokionez, gihar-masa handiagoa dute enborraren goiko aldean behealdean baino, eta, horregatik, forma mesomorfoa izaten dute. Azterlan horren prozesu osoa eta emaitzak ezagutarazten ditu “Surf praktikatzen duten kirolari ez profesionalen ezaugarri morfologiko, fisiologiko eta teknikoak” hitzaldian, Zientzia Kaieran dago ikusgai.

Gaur egun, diagnostiko goiztiarra ahalbidetu dezaketen biomarkatzaileak identifikatzea beharrezkoa da Parkinsonaren terapeutika hobetzeko. Orain arte, eritasun honen diagnostikorako ikertu diren biomarkatzaile hautagai guztien artean, alfa-sinukleina proteina kontsideratzen da baliagarriena. Izan ere, Parkinsona duten gaixoen neuronetan proteina honen metaketa ematen da, eta gainera, molekula honen mailak gorputzeko fluido desberdinetan neur daitezke. Honela, odol-plasma, listua eta malkoa bezalako biofluidoak ikertu dira biomarkatzaile honen mailak aztertzeko, eta emaitzak eztabaidagarriak diren arren, badirudi alfa-sinukleina fosforilatuaren maila handituta dagoela Parkinsona duten pazienteen plasman.

Aste honetan, Zientzia Kaierako Zientzialari atalean, Asier Anabitarteri egin diote elkarrizketa. Anabitarte UPV/EHUko EANPsi ikerketa-taldeko ikertzailea da, eta gune berdeek gizakiongan duen eragina aztertzen du. Azaldu duenez, berdeguneek modu ezberdinetan eragiten dute osasunean. Eremu hauek ingurumen faktore negatiboak arintzeko gaitasuna dute, eta estresa eta arreta-falta hobetzen dituztela ere ikertu da. Gainera, ariketa fisikoa egitera bultzatzen duten guneak direnez, giza-kohesioa indartzen laguntzen dute. Azkenik, immunitate-sistema ere hobetzen dutela ondorioztatu da. Asier Anabitarte: “Gune berdeek 11 eta 13 urteko gazteen arreta hobetzen laguntzen dute”

Psikologia

Nature Human Behavior aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ikusi du zientzialariek joera diskriminatzaileak dituztela artikulu zientifikoak aipatzen dituztenean. 35 urtetako 20 milioi artikulu zientifikoetako aipamenak aztertuta ikusi dute joera hori, beti ere kalitate bereko ikerketak konparatuz. Honela, ikusi dute ikertzaileen jatorriaren inguruko diskriminazioa egiten dela. Hiru herrialde dira aipamen gehienak jasotzen dituztenak: AEB, Erresuma Batua eta Txina. Brasilek, Mexikok eta Turkiak, bestalde, aipamenetatik kanpo geratzeko joera dute. Honek jatorri jakin batzuetako zientzia-aurkikuntzak isilean geratzea eragiten du, eta herrialdeen arteko ideien fluxua eteten du.

Mikrobiologia

Iraia Garcia Santisteban EHUko Genetika Saileko ikertzaile eta irakasleak penizilinaren aurkikuntzaren nondik norakoak azaldu ditu Berrian. Fleming bakteriologoak Staphylococcus aureus bakterio patogenoen kultibo bat laborategian utzi eta onddo batez kutsatu zitzaion. Ikertzailea ohartu zen, ordea, onddoaren inguruan ez zirela bakterioak hazi, eta Penicillium notatum izena eman zion onddoari. Alabaina, Flemingek penizilinaren ikerketa alde batera utzi zuen, klinikan inolako aplikaziorik edukiko ez zuela pentsatu zuelako. Handik hamar urtera ordea, Oxfordeko Unibertsitateko talde batek penizilinaren ikerketari berriro ekin zion, eta azkenik lortu zen erabilera klinikoa izatea. Azalpenak Berrian: Serendipia eta penizilina.

Teknologia

Prozesadore fotoniko batekin gailentasun kuantikoa lortu dute ikertzaile kanadar batzuek. Gailentasun edo abantaila kuantikoa zera da, konputazio kuantikoko gailuek problemak ebazteko duten gaitasuna. Abantaila hau neurtzeko erabiltzen den esperimentuetako bat bosoien laginketa da, eta hauen probabilitate-banaketa azaltzea da helburua. Aurretik egin diren beste esperimentuetan gehienez 113 fotoi detektatzea lortu dute, baina oraingo honetan 219 fotoitara iritsi dira. Honako hau aurrerapauso garrantzitsua izan liteke ordenagailu kuantikoak eskuragarriago izateko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Apo hontzaren errolda egin dute Iruñerrian eta Zangozan. Bildutako datuekin ikusi ahal izan dutenez, uste baino hontz gehiago bizi dira inguru horietan. 2019an abiatu zuten apo hontzaren errolda egiteko proiektua, eta laginketetan bi datu nagusi ateratzen dituzte: kontatutako hontz kopurua eta kilometro bakoitzeko dauden hontz kopuruaren dentsitatea. Oraindik goizegi da eskuratu dituzten datuei buruzko ondorioak ateratzeko, baina uste baino hotz gehiago daudela dirudi. Azalpenak Berrian: Nork aditu du gaueko doinu hori?

Jon Benito biologoak, blog bat zabaldu berri du Gaubean dagoen natur-aberastasuna aurkezteko. Un naturalista por Valdegovía jarri dio izena blogari eta bertan, inguruan dauden ibilbideez gain, naturalista honen kontakizunak irakur daitezke. Benitok dioenez, Gaubeako natura basatia da, ia dena mendia eta basoa. Gainera, inguru horietan basoko orkideak aurki daitezkeela azaldu du. Biologikoki oso bitxiak dira orkideak, goi mailako eboluzioa eduki dute, eta intsektuekin batera egin dute eboluzioa. Gaubea inguruan aurki daitezkeen espezie eta bitxikeria biologikoen inguruan egin diote elkarrizketa Jon Benitori, Alea aldizkarian.

Aezkoa ibarrean alka belarra hedatzeak izan dituen ondorioak ikertu ditu María Duránek. Defendatu berri du doktoretza-tesia Duránek UPNA/NUPen. Azaldu duenez, alka belarra (bazka-kalitate eskaseko gramineo autoktonoa) hedatzearen ondorioz, Aezkoa ibarrean flora-dibertsitate handia galdu da. Larreen kalitate murrizketak ekonomikoki duen eragina ere ikertu du tesian, eta bere kalkuluen arabera, uda bakoitzean 50.007 elikagai-errazio galtzen dira alkaren hedapenaren ondorioz. Gainera, onddo endofitoetan ere eragina duela aztertu du. Azalpen gehiago Unibertsitatea.net webgunean.

Animalia batzuk gai dira lurreko eremu magnetikoa erabiliz orientatzeko eta nabigatzeko. Alabaina, oraindik ez dakigu ziur zer mekanismok ahalbidetzen duen gaitasun hori. Hipotesi onartuenaren arabera, organulu zelular batzuek dituzten magnetita kristalen eta eremu magnetikoaren arteko elkarreraginaren bidez gertatzen da. Izokinen kasuan zehazki, argitaratu berria den ikerketa batek ikusi duenez, izokinen usaimen epitelioko zeluletako substantzia kimiko batzuen bidez, zehazki zein ibaitara doazen identifikatu dezakete. Azalpenak Zientzia Kaieran: Izokinen iparrorratza.

Geologia

Zundaketek lur-barrunbeak ezagutzeko aukera ematen dute, eta metodo honekin lortutako datuek balio zientifiko aparta izaten dute. Izan ere, eremu jakin batek azken ehunka, milaka edo milioika urteetan izan duen bilakaera geologikoaren erregistro bat gordetzen dute barruan. Antartikan eta Groenlandian, adibidez, izotz geruza ikaragarri lodiak aurki daitezke, eta zundaketen lekukoak aztertuta, zenbait gasek (karbono dioxidoak eta metanoak, adibidez) denboran zehar izan dituzten aldakuntzak berreraiki ahal izan dira, baita azken 800.000 urteotan atmosferak izan duen tenperatura ere. Blanca María Martínezek azaldu du Zientzia Kaieran: Iraganaren lekukoak.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..