Asteon zientzia begi-bistan #55

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Getty Images
Argazkia: Getty Images

Asteroko laburpena egiteko tiki taka, tiki taka, ordenagailuko teklatuari ematen diot. Ordu asko pasatzen ditut egunero teklei sua ateratzen. Seguruenik etekin hobeagoa aterako nion tekleatzeko lan honi, mekanografia ikasi izan banu. Baina ez, ez nuen ikasi. Finlandian, ordea, 2016. urtetik aurrera eskolan kaligrafiari ematen zaizkion orduak murriztu eta mekanografia lantzeko asmoa dute. Erabaki honek hainbat zeresan eman zuen ezagutu zenean. Maria José Moreno kazetariak, erabakiaren aitzakia hartu eta eskuzko idazkera eta irakasketa-garapen orokorraren arteko harremana aztertu du Zientzia Kaieran. Esaten digunez, umeek azkarrago ikasten dute irakurtzen, aurretik idazten ikasi badute.

Ordenagailuei bueltatuz, ba al dakizue zenbat neurtzen duen munduko ordenagailurik txikienak? Milimetro kubiko bat inguru neurtzen du eta Michigango Unibertsitateko ikertzaileek garatu dute. Ez da ez ohiko ordenagailua, ez du balio dokumentuak idazteko, argazkiak gordetzeko edo sarean nabigatzeko. Ordenagailu batek datuak sartzeko, gordetzeko eta bidaltzeko ahalmena baino ez du behar ordenagailu izateko. Eta hori egiten du, Michigan Micro Mote edo M3 munduko ordenagailurik txikienak. Amaia Portugalek aurkezten digu berau Zientzia Kaieran. Gailua medikuntzan erabilgarria izan liteke, esaterako, minbizi kasuetan, kimioterapia funtzionatzen ari ote den ebazteko, tumorearen presioa detektatzeko ahalmena izango bailuke.

Eta, ba al dakizu ordenagailu hitzak asteon 60 urte bete dituela? 1955. urtean sortu zuen Jacques Perret filologo frantsesak IBM enpresaren eskari bati erantzunez, haren kalkulagailu elektronikoentzako izen aproposa bilatu zezala. Urtzi Odriozolak kontatzen digu Game Erauntsia blogean.

Esklerosi anizkoitza gaitz konplexua eta heterogeneoa da, faktore askok eragiten baitute haren agerpenean. Eider Cartonek azaldu digu Elhuyar aldizkarian EHUko ikertzaileek gaixotasuna eragiten duen kausen konplexutasuna aztertu dutela, gaitza agerrarazten duten faktoreen arteko interakzioak aztertuz. Lana aurrera eramateko sare-analisia erabili dute eta lortutako emaitzen arabera, patologia molekular bat baino gehiago dago esklerosi anizkoitza esaten zaion aterki klinikoaren azpian. Datu guztiak, gaitzaren eragileak antolatzen, esklerosi anizkoitza hobeto ezagutzeko artikuluan.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen taldeko astronomoa den Itziar Garatekin solasaldia izan dute Gipuzkoako Hitzakoek. Elkarrizketa irakurriz ikasi dugu espazioko eguraldiak gero eta garrantzi handiagoa duela Lurrean ere. Eguzkiaren atmosferan, eguzki haizeak eta eguzki ekaitzak sortzen dira. Eguzki haizea deritzogu, eguzkiak une oro eta etengabe igortzen duen partikula korronteari. Ekaitza, aldiz, noizean behin gertatzen diren eztandei esaten zaie. Horrez gain, oso energia handiko argi flashak ere badaude. Fenomeno hauek, guztiek, Lurrean eragin handia izan dezaketen fenomenoak dira. Guztiek eragina dute gurean, era batera edo bestera, zuzenean edo zeharka.

Eraginak ditu ere osasunean sakarinak. Horrela diosku Asier Fullaondo genetistak. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten emaitzak oinarri hartuta, Asierrek azaltzen du sakarina bezalako kaloriarik gabeko gozogarrien erabileraren artean eta hainbat sindrome metabolikoen arteko korrelazio positiboa dagoela. Ikerketan parte hartu zutenek, esaterako, glukosarekiko intolerantzia garatu zuten. Horrez gain, lehengo aldiz egiaztatu zen ikerketan, harreman zuzena dagoela kaloriarik gabeko gozogarrien eta obesitatearen sorreraren artean. Eta nola da hori posible, sakarina bezala konposatuak argaltzeko dietetan erabiltzen badira sarri? Bera, guzti hau ikusi ondoren, Asier Fullaondok galdera bat luzatzen digu Zientzia Kaieran: Edulkoratzaileak loditzeko osagaiak ote?


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.