Munduko ordenagailurik txikiena

Amaia Portugal

Michigango Unibertsitateko zenbait ikertzailek M3 delakoa sortu dute, milimetro kubiko bat inguru duen mikro ordenagailua. Tenperatura eta presio sentsoreak dauzka eta irudiak ateratzeko ahalmena du, eta energia fotovoltaikoaren bitartez funtzionatzen du. Aplikazio interesgarriak izan ditzake biomedikuntzaren alorrean.

Zerk definitzen du ordenagailu bat? Lehen kolpean dokumentuak idazteko, argazkiak gordetzeko edo sarean nabigatzeko balio duen euskarri bat irudikatuko genuke ziurrenik; izan PC bat, tablet bat edo sakelako telefono bat. Baina ordenagailu batek datuak sartzeko, gordetzeko eta bidaltzeko ahalmena baino ez du behar ordenagailu izateko. Eta hori egiten du Michigango Unibertsitatean (AEB) sortu duten eta milimetro kubiko bat inguru neurtzen duen piezak. Munduko ordenagailurik txikiena da.

Michigan Micro Mote edo M3 du izena tresna honek. Dennis Sylvester Michigango Unibertsitateko irakasleak eta gailuaren egileetako batek azaldu bezala, “gure sistemak edozer ordenagailuk dituen ahalmenak dauzka. Haren portaera ez da hain goi mailakoa izango agian, baina beste abantaila batzuk ditu, adibidez, bere tamaina eta energia kontsumo txikia”.

Irudia: Milimetro kubiko bateko neurria duen ordenagailua, txanpon baten gainean. (Argazkia: Electrical & Computer Engineering at Michigan)

Irudia: Milimetro kubiko bateko neurria duen ordenagailua, txanpon baten gainean. (Argazkia: Electrical & Computer Engineering at Michigan)

M3-k tenperatura sentsoreak ditu, eta presio sentsoreak eta irudiak ateratzeko funtzioa, aukeran. Esaterako, erabilgarria izan liteke, minbizi kasuetan, kimioterapia funtzionatzen ari ote den ebazteko, egileek diotenez tumorearen presioa detektatzeko ahalmena izango bailuke. Geruzatan ditu metatuta funtzionatzeko behar dituen ezinbesteko ezaugarriak; prozesagailua, bateria eta irrati geruza, kasu.

Dena dela, ikertzaileek azaldu bezala, bateria da erronkarik handiena halako gailu txikiak eraikitzeko unean. David Blaauw beste egileetako batek dioenez, “tamaina txikitzen duzunean, sistemaren proportziorik handiena bateriak hartu ohi du. Berez ez da zaila txipak murriztea, baina bai energia gutxi baliatzea. Oso txip txikiak izan ditzakegu, baina azkenerako bateria oso handiak eduki”.

M3-ren kasuan, argia da bere energia iturria: gailuak dituen zelula fotovoltaiko txikiek xurgatzen dute funtzionatzeko behar duen lehengaia. Gainera, argiak ez du zertan naturala izan, eguzkirik gabe ere, gela batean dagoen argia bilduta, mikro ordenagailu honek aski du nahi beste denboran lan egiteko. Phoenix izeneko prozesadore bat baliatzen dute mikro gailu hauek, eta hain zuzen ere horri esker lortu dute bateria oso txikiarekin funtzionatzeko ahalmena, prozesadore honek ikaragarrizko energia eraginkortasuna baitu, eta beraz, ez du bateria handiegirik behar.

Izan ere, Phoenixi esker, gailu honek standby egoeran dagoenean duen energia kontsumoa bi nanoamperekoa baino ez da; sakelako telefono batek egoera berean kontsumitzen duena baino milioi bat aldiz txikiagoa da hori. Gauzak horrela, 20 nanowatt sortzen dituen milimetro karratu bakarreko bere zelula fotovoltaikoarekin, eta prozesadore honek ematen dion eraginkortasun itzelarekin, M3-k bermatuta dauka betiereko funtzionamendua.

Gaurtik gaur, ordenagailu hauek bi metroko distantzian egin dezakete lan. Hau da, bi metroko tartean gertatzen diren mugimenduak eta presio eta tenperatura aldaketak antzeman ditzakete haien sentsoreen bidez, bai eta datu horiek transmititu ere. Dena dela, hogei metroko distantziara iristea dute helburu Michigango Unibertsitateko ikertzaileok. Horrez gain, M3 are txikiagoa izan dadin ere ari dira lanean, bere neurria milimetro baten herena izatea jomugan. Hori lortuz gero, aukera izango lukete hura benetako zelula biologikoetan ere txertatzeko.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Cuando la ciencia es Zientzia #4 | Cuando la ciencia es Zientzia | Cuaderno de Cultura Cie...

[…] qué avances tecnológicos tendrán éxito en un futuro cercano. Quizás el Michigan Micro Mote, el ordenador más pequeño del mundo, que mide tan sólo un milímetro cúbico, sea una de esas tecnologías que triunfen y puedan […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>