Dengearen aurkako txerto erabat eraginkorra

Amaia Portugal

Birusaren aldaera gogorrena ere garaitzen duen txertoa frogatu eta aurkeztu du AEBtako ikerketa talde batek, eta entsegu zabalagoak egiten ari dira orain, Brasilen eta Bangladeshen. Dengea eta zika familia berekoak direnez eta eltxo berak kutsatzen dituenez, bigarren gaitz horren aurkako ikerketa bideratzeko ere izan daiteke lagungarria.

Dengeak 400 milioi lagun inguru kutsatzen ditu urtero. Gehienek ez dute ia sintomarik izaten, baina gutxi gorabehera bi milioi lagunek sukar hemorragikoa izaten dute birusaren eraginez, eta azkenerako, 25.000 hiltzen dira urtero. Sukar handia, buruko min larria, mina begien atzealdean, oinazea gihar eta hezurretan… Gaitzaren zantzuak ez dira samurrak.

Orain, dengearen kontra %100 eraginkorra den eta dosi bakarra behar duen txerto bat aurkeztu du AEBtako ikerketa talde batek. 41 lagunekin egindako entsegu bati esker egiaztatu dituzte haren emaitza onak. Gainera, dengea eta zika eltxo berak transmititzen dituenez (Aedes aegypti), txerto berri hau abiapuntu baliagarria izan daiteke, bigarren gaitz horri ere aurre egiteko modua aurkitzeko. Johns Hopkins Bloomberg Eskolako eta Vermonteko Unibertsitateko zientzialariek elkarlanean egin dute lan hau, eta Science Translational Medicine aldizkarian eman dute haren berri.

1. irudia: Dengea zein zika transmititzen ditu Aedes aegypti eltxoak. (Argazkia: James Gathany / Wikimedia Commons)

1. irudia: Dengea zein zika transmititzen ditu Aedes aegypti eltxoak.
(Argazkia: James Gathany / Wikimedia Commons)

Dengearen lau andui oso desberdin daude, eta neurri handi batean, horregatik da hain zaila birus honen kontrako txerto eraginkorra lortzea. Izan ere, lau andui horietako batekin kutsatu den pertsonak beste edozeinek baino arrisku handiagoa du, gerora, dengearen beste andui batek jota gaixotzeko. Hori dela eta, lau aldaeretatik babesteko ahalmena duen botika garatu behar da, benetan birusari aurka egin nahi bazaio.

Gaitzaren bigarren anduia da garaitzen zailena, eta TV003 txertoa haren kontra ere baliagarria dela egiaztatzea zen erronka. Horretarako, osasuntsu zeuden boluntario batzuei txertoa jarri eta haien antigorputzen garapenari behatzea ez zen aski; aurrez egindako beste zenbait ikerketatan ikusi baita, erantzun immunologiko ona izanda ere, garatu daitekeela gaitza gerora. Beraz, horren ordez, dengearen bigarren anduiaren eraginpean jarri behar zituzten boluntarioak zuzenean, eta zer gertatzen den ikusi. Kalteak arinak izan zitezen, dengearen andui horren bertsio ahuldua baliatu zuten esperimenturako.

Zehazki, ikerketa honetan, TV003 txertoa aplikatu zitzaien 24 laguni, eta plazeboa beste 24ri; guztiak osasuntsu zeuden esperimentua hasi zuten unean. Sei hilabete geroago, 41 boluntariok jarraitzen zuten ikerketan parte hartzen, eta birusaren eraginpean jarri zituzten guztiak. Horien artean, 21ek zuten txertoa jasoa sei hilabete lehenago, eta esposizioaren ondoren, bakar batek ere ez zuen infekzioaren zantzurik odolean. Gainerako 20 boluntarioak, aldiz, plazeboa jaso zutenak ziren: %100ak zuen birusaren arrastoa odolean, %80ak zeukan erupzioren bat azalean, eta %20ak, behar baino globulu zuri gutxiago. Horrenbestez, txertoaren emaitza onak agerikoak izan ziren, eta dosi bakarra aplikatuta, gainera.

2. irudia: Vermonteko Unibertsitateko ikertzaileak, dengearen aurkako txertoarekin lanean. (Argazkia: UVM)

2. irudia: Vermonteko Unibertsitateko ikertzaileak, dengearen aurkako txertoarekin lanean. (Argazkia: UVM)

Entsegua AEBetan bertan egin zuten, eta orain, dengea ohikoa den inguruneetan ere, txertoa eraginkorra izan daitekeela egiaztatu behar dute. Kristen Pierce Vermonteko Unibertsitateko ikertzailearen arabera, “hilabete honetan bertan, Bangladeshen hasiko gara txertoa probatzen, eta Brasilen ere hasiak gara eraginkortasuna egiaztatzeko entsegu zabal bat egiten”.

Gainera, dengearen kontrako txerto hau garatzeko egindako lanak baliagarriak izan daitezke, era berean, beste birus entzutetsu batentzat: zika. Izan ere, familia bereko birusak dira biak ala biak, eta Aedes aegypti eltxoaren erruz hedatzen dira bata zein bestea.

Erreferentzia bibliografikoa:
B.D. Kirkpatrick el al. The live attenuated dengue vaccine TV003 elicits complete protection against dengue in a human challenge model. Science Translational Medicine. 16 Mar 2016: Vol. 8, Issue 330, pp. 330ra36. doi: 10.1126/scitranslmed.aaf1517

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>