Dengeari aurka egiteko balizko bide berri bat

Dibulgazioa

Londresko Imperial College unibertsitateko ikertzaileek orain arte identifikatu gabeko antigorputz talde bat aurkitu dute, dengearen gaitza gainditu duten 145 lagunen odol laginak aztertuta. Birusaren lau serotipoei erasotzeko gai dira, eta emaitza honek ate bat zabal dezake etorkizunean gaitzaren aurkako txertoa garatzeko.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, dengearen birusak 50 milioi lagun baino gehiago erasotzen ditu urtero. Berez, 2.500 milioi pertsona baino gehiagok (munduko populazioaren %40tik gora) dute infekzio honekin kutsatzeko arriskua. Bestela esanda, klima tropikal edo subtropikaletan bizi den edonork; askoz iparralderago ere (Kanadan, AEBetan, Europan, Txinan…) kasuak izan badirela ahaztu gabe.

Izan ere, oso gaitz kutsakorra da dengea: Aedes generoko eltxoek transmititzen diete gizakiei, ziztada bidez. Gainera, genero honetako eltxoek ziztada egiten badiote infektatutako pertsona bati, birusarekin kutsatzeko arriskua dute aldi berean, eta gaitza zabaltzeko aukerak handituz doaz, horrenbestez.

1. irudia: Dengearen birusaren irudikapena. (Argazkia: Protein Data Bank)
1. irudia: Dengearen birusaren irudikapena. (Argazkia: Protein Data Bank)

Denge arruntak gripearenaren moduko sintomak ditu: sukarra, buruko mina, goragalea… Gaitzak astebete irauten du asko jota, eta normalean ez da hilgarria izaten. Batzuetan, baina, denge larria garatzen dute gaixoek, eta aldaera hori arriskutsua da oso: urtero, denge larria duten 500.000 lagun artatzen dituzte erietxeetan, eta %2,5a hiltzen da. Gaitza garaiz harrapatzea eta zaildutako profesionalek tratatzea da gakoa, hilkortasun tasa handiagoa izan ez dadin.

Gaur egun, dengeak ez du sendabide espezifikorik, baina bide horretan aurrerapauso garrantzitsua ekar dezakeen ikerketa baten berri eman dute orain egun gutxi, Nature Immunology aldizkarian. Gavin Screaton Londresko Imperial College unibertsitateko ikertzaileak zuzendutako lan honetan, etorkizunean dengearen aurkako txertoa garatzeko oso eraginkorra izan daitekeen antigorputz talde bat aurkitu dute, orain arte identifikatu gabea.

Dengearen birusaren lau serotipo edo mota ezagutzen dira. Pertsona batek gaitza izaten duenean, serotipo zehatz horren aurkako antigorputz oso sendoak garatzen ditu: bere bizitzan ez du inoiz denge mota hori berriro izango. Antigorputz horiek ez dute balio beste hiru serotipoetatik babesteko, ordea, eta hortik etor dakioke erasoa etorkizunean. Garrantzitsua da, beraz, lau serotipoen aurka eraginkorrak izan daitezkeen antigorputzak aurkitzea, eta horretan ari dira Screaton eta bere lankideak.

2. irudia: Aedes generoko eltxo bat. (Argazkia: John Ragai / CC BY 2.0)
2. irudia: Aedes generoko eltxo bat. (Argazkia: John Ragai / CC BY 2.0)

Artikuluan azaldu dutenez, noizbait denge infekzioren bat izan duten Asia hego ekialdeko pertsonekin egin dute lan ikerketa honetan. Zehazki, 145 lagunen odol laginak hartu dituzte. Lagin horiek aztertuta, ondorioztatu dute pertsona horietako bakoitzak garatutako erreakzio immunologikoaren herena orain arte identifikatu gabeko antigorputz mota batetik datorrela.

Gainera, antigorputzek birusaren proteina bakarrari erasotzen diote normalean, baina identifikatu berri duten talde honek birusaren bi proteina lotzen dituen zubi molekularra du jomugan, eta horrek are eragingarriagoa bihurtzen du. Antigorputzek ez dute birus osoa hartzen etsaitzat: birusaren parte den egitura zehatz bat izan ohi dute jomugan. Kasu honetan, jomuga edo epitopo hori dengearen birusaren lau serotipoek partekatzen duten egitura bat eta berbera da: aipaturiko zubi molekularra.

Horregatik da hain garrantzitsua egin duten aurkikuntza: lau birus motentzat da eraginkorra, eltxoetan zein gizakietan. Hori horrela, eta bidea luzea izango bada ere, aukera berri bat zabaldu da etorkizunean dengearen aurkako txertoa garatu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa

Wanwisa Dejnirattisai, Wiyada Wongwiwat, Sunpetchuda Supasa, et al. A new class of highly potent, broadly neutralizing antibodies isolated from viremic patients infected with dengue virus. Nature Immunology, 15 December 2014. doi: 10.1038/ni.3058


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Egoera onean dago ere denge gaixotasunaren aurkako ikerketa. Londresko Imperial College unibertsitateko ikertzaileek orain arte identifikatu gabeko antigorputz talde bat aurkitu dute, dengearen gaitza gainditu duten 145 lagunen odol laginak aztertuta. Birusaren lau serotipoei erasotzeko gai dira, eta emaitza […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.