Asteon zientzia begi-bistan #38

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: @SistersCity

Argazkia: @SistersCity

Estatu Batuetako zientzialariek bost urtez aritu dira aztertzen nola tolesten den bi metroko genoma zelularen nukleo barruan. Emaitzen arabera, DNAk osatzen dituen begiztak gako dira geneen erregulazioan. Izan ere, begiztak baliatzen dituzte zelula desberdinek, genoma berarekin gauza desberdinak egiteko. Horren berri ematen digu Egoitz EtxebestekElhuyaraldizkarian: DNAren begiztak gako dira geneen erregulazioan.

Sorpresa bat izan da AEBko ikertzaileentzat DNAren 3Dko mapa osatzea lortu izana eta, seguru gaude, Oihane Mitxelena ingeniari biomedikoarentzat ere sorpresa atsegina izan dela jaso duen saria. University College Londonen egon da ikertzailea masterra egiten eta haren amaierako proiektua saritu dute. Lanaren oinarria da, tumore bat dagoen zonaraino medikamentuak garraiatzeko gai diren mikroburbuilen garapena. Nanobasquen hurbiltzen digute guztia: “Minbiziaren aurkako tratamendu egokiena bilatzen laguntzen duten gailuak sortzen ditugu.

Gogoratzen duzue txikitan erabiltzen zenuten futbol-baloi hura? Ez zen izango gaur egun dugun pilota bezalako distiratsua, baina bai erakargarria, ezta? Baloia borobila zenaren inpresioa izan dugu beti, baina ez da horrela. Javier San Martín kazetariak pilotaren geometriaz aritu zaigu Zientzia Kaieran eta esan digunarengatik, futbol pilota hura ikosaedro moztu bat zen eta %86,74ko biribiltasuna baizik ez zuen: Futbol-baloiaren zientzia.

Futbol-baloia esferikoa zela eta sinetsiak geunden eta ez da horrela. Historian zehar, sinesgaitzak diren hainbat gauza sinetsi izan ditu gizakiak. Nagore Irazustabarrenak kontatzen digu Argian honako kasu bat. 1849. urtean Samuel Birley Rowbotham asmatzaile eta idazleak Astronomia Zetetikoa: Lurra ez da globoa lana argitaratu zuen. Bertan zioenez, Lurra laua zen, kontinenteek ozeanoan flotatzen zuten, ozeanoa elurrezko eta izotzezko basamortu batek inguratzen zuen eta desertu izoztuaren atzean labar eskergetan amaitzen zen Lurra. Erretorikan trebea zen gizon hura eta askok sinetsi zuten bere teoria: ‘Parallax’ edo hitzontzikeriaren garaipena.

Europako Batasunak 2015. urterako helburu zehatz bat izendatu zuen, inguruko ur masa guztiak egoera ekologiko onean nahi zituen. Hala adierazi zuen 2000. urteko Uraren Esparru Direktiban. Epea heltzear dago eta begi-bistan duguna ez da baikorra: lurgaineko ur masa askok ez dute egoera ekologiko ona izatea lortu. Baina joerak, ordea, hobekuntza islatzen du. Esaterako, EAEko ur masa guztien %60k dute egoera ekologiko ona. 2009. urtean %30 ziren. Datu guztiak, Ander Pérezek bildu ditu Berrian: Motel, baina bide onetik.

Ura da ere bainuetxeen oinarria. Bainuetxeek presentzia nabarmena izan zuten Euskal Herrian XIX. mendean. Industrializazioarekin batera, osasun eta ongizateko turismoak presentzia izan zuen zerbitzuen eskarian. Hori jaso du Carlos Larrinagak, Bergarako UNEDeko irakasleak Balnearios guipuzcoanos, 1776-1901. Turismo de salud e inversión de capital en aguas minerales liburuan. Dirudienez, turismo partikularra zen, nahiko elitista, eta, osasunarekin lotuta egon arren, guztiak ez ziren sendatzeko joaten bainuetxeetara. Berrian hurbiltzen digu gaia Ainara Arratibelek: Sistema ekonomiko oso bat sortu zuten bainuetxeek.

Egoera onean dago denge gaixotasunaren aurkako ikerketa. Londresko Imperial College unibertsitateko ikertzaileek orain arte identifikatu gabeko antigorputz talde bat aurkitu dute, dengearen gaitza gainditu duten 145 lagunen odol laginak aztertuta. Birusaren lau serotipoei erasotzeko gai dira, eta emaitza honek ate bat zabal dezake etorkizunean gaitzaren aurkako txertoa garatzeko. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean: Dengeari aurka egiteko balizko bide berri bat.

Grafenoa material aparta dela badakigu. Bera jotzen da etorkizuneko materialtzat, dituen aparteko propietate mekaniko, optiko eta elektronikoak direla eta. Hala ere, grafenoak ez du propietate magnetikorik eta, ondorioz, oraindik ez da aurkitu bidea haren elektroiak edo propietateak gailu magnetoelektronikoetan erabili ahal izateko. Baina Donostia International Physics Center-eko ikertzaileek partaide diren ikerketa-talde batek, aurkitu du gako berri bat eta grafenoan eremu magnetikoa nola sortu deskribatu dute. Basque Research gunean: Etorkizuneko materiala magnetizatzen dute berun-irlek grafeno-itsasoan murgildurik.

NASA Orion espazio-ontzia prestatzen ari da gizakiak Martera eramateko. Azken urteotan, bidai horretarako, azpiegitura egokiak prestatzen dihardute NASAn. Besteak beste, kalitate handiko jaurtigailu sistema bat garatzen ibili dira. Martera joan-etorria egiteko misioak hemezortzi hilabeteko bidaia egingo luke eta behin Marten, lau hilabeteko egonaldia egingo luke. Arkaitz Almortza kazetariak kontatzen dizkigu xehetasunak Berrian: Marte jomugan jarrita.

Jomugak eta helburuak askotarikoak dira zientzian. Ikertzaileek lan egiten dute bide berriak zabaltzen edota bide ezagunen hobekuntzak uztartzen egungo metodoekin. Laiene Olabarrieta ikertzailea ere horretan ari da. Neuropsikologoa da eta elebitasunak funtzio kognitiboetan eta froga psikologikoetan duen eragina aztertzen du. Zehatzago, dementzia eta iktusak bezalako gaitzak antzemateko baliagarriak diren hitz jariotasun frogak elebidunei egokitzea du helburu, orain arte, elebidunen emaitzak elebakarren parametroekin neurtu baitira. Zientzia Kaieran: Elebitasunaren eragina funtzionamendu kognitiboan eta froga psikologikoetan.

Hizkuntza, arbasoak, ingurugiroa eta teknologia dira interesa pizten dizkiguten zientzia-gaiak. Urtea amaitzear dago eta, Eider CartonekElhuyaraldizkarian gehien irakurri diren artikuluen azterketa egin ondoren, arestian aipatutako datua hurbildu digu: Urteko hamar eduki irakurrienak Elhuyar aldizkarian. Eta, zeuri, zerk pizten dizu jakin-mina?

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>