Asteon zientzia begi-bistan #43

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

cuarto milenio irudia cuatro tv

Argazkia: Cuatro TV

Makinatxo bat misterioekin egin dugu topo asteon, baina guk ez dizkizuegu argituko.

Luistxo Fernandezek bere jatorriaz zertxobait gehiago jakin nahi zuen. Horretarako, 2005etik aurrera munduko populazio zabalen azterketa genetikoa egiten dabilen Genographic egitasmoan parte hartu eta bere DNA analizatu du. Jatorriaren misterioa argitu nahian dabilela, beste bat aurkitu du R1b haplotaldearen misterioa euskaldunen jatorrian (Geno-5). (Ingelesen hilerria blogean)

Euskaldunen jatorriaren misterioaz hausnartzen genbiltzala, ikertzaile ondarrutar batek harritu gaitu minbiziaren jatorria azalduz. Minbizia eragiten duten faktoreak ugariak badira ere, “gaixotasuna bera oso sinplea da” dio Iker Badiolak. Izan ere, honen oinarria da gure gorputzean kontrola galtzen duen zelula bat. (Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzan)

Zelula bat gaitza sortzeko gai bada, horretarako gai dira ere antibiotiko askorekiko erresistentzia garatu duten bakterioak. Baina… mikroorganismo hauek eragindako infekzioak sendatzea gero eta zailagoa da, ez baitago honen aurka egingo duen antibiotiko berririk. Eta zein ote da honen arrazoia? Pablo Ortiz ikertzaileak diosku arazoa ekonomikoagoa dela, zientifikoa baino. (Zientzia Kaiera blogean)

Dirua, hor dago gauza askoren gakoa. Diruak ere zeresana izango zuen XIX. mendean hasi zen industria iraultzan. Orduan, gizakiok lurrazalaren mugarik gabeko ustiapen bat egiten hasi ginen eta ondorioz, basoak, baliabide naturalak eta 500 animalia espezie baino gehiago galdu ditugu. Egindakoak ez omen digu ezer erakutsi Amaia Portugalek gogoratzen digun bezala, izan ere, egun gizakiak itsasoarekin berdin jokatzen hasi gara. (Zientzia Kaiera blogean)

Nahastuta gaude, klima-aldaketaren gaia pil-pilean dagoenean, gizakiok errepikatu egiten dugu kaltea, ingurumenari errespetu gutxi adieraziz. Agian gizarte eskizofreniko bat gara, nahasmendu bipolarra duena. Kaltetuta ote dugu gure nerbio-sistema zentrala? Argituko al digu norbaitek? (Achucarro ZentrokoNeurozientzian blogean)

Aurreko galderen erantzunaren bila goaz kobazulo batera. Kantabriako Mirón haitzuloan aurkitutako aztarnek erantzun ugari eman baitituzte. Esaterako, duela 40.000 urte gertatu ziren ingurumen eta klima-aldaketei buruzko datuak eskaini dituzte, eta gauza bat ziurtatu dutela kontatu digu Javier San Martinek, lurra aldatu dela. (Zientzia Kaiera blogean)

Ez dugu uste lurrean gertatuko aldaketak eboluzioa direnik. Bizirautea lortu du gure planetak eta ezta desagertu, gu gara testigu, baina Koldo Garciak azaltzen digu batzuetan aldaketek ez dutela ezer aldatzen. (Edonola blogean)

Gutxi dakigu edozertaz, uste duguna baino gutxiago. Gure garuna ere ez dugu ezagutzen, agian oraintsu arte berau ezagutzeko genituen erremintak ez zeudelako oso garatuak. Behar bada orain, bertako zirrikituak ezagutu eta mapa baten jarriko ditugu, norabidea ez galtzeko. (Achucarro ZentrokoNeurozientzian blogean)

Mapak lagungarriak dira, izendatu egiten dute ibilbidea, abiapuntua eta helmuga. Badaude ere, garunaren mapa bezalako mapa bitxiak. Adibidez, Euskal Herriko hiriburuetako zaraten kartografia jasotzen duen mapa. Lander Muñagorrik hitz egiten digu kutsadura akustikoak baduela ere ibilbidea. (Berrian)

Bitxikeriaz josita gaude eta antzinaroan ere bazeuden. Nola da posible, esaterako, elektrizitatea erabili izana antzinaroan sendagai bezala? Misterio horri erantzuna eman dio Nagore Irazustabarrenak, Grezian, Erroman eta Egipton arrain elektrikoen deskargak erabiltzen zituzten sendagai bezala. (Argia aldizkarian)

Sasoi hartan gure osasunaren onurarako erabiltzen ziren arestian aipatu ditugun animaliak. Euren osasunaz arduratzen gara gu ere, tentuz batez ere albaitariak. Egun ohikoa bada andrazko bat albaitari lanetan ikustea ez zen horrela XX. mende hasieran. Euskal Herrian 1935. urtean izan genuen lehen emakume albaitaria, Luz Zalduegi Gabilondo (Uxune MartinezZientzia Kaiera blogean)

1935. urtea data zehatza da. Zehaztasun gutxiago dago ordea, Antropozenoa garai geologikoaren hasiera finkatzeko orduan. Antropozenoa, gizakiok planetan eragindako aldaketen ondoriozko garaia da eta Unai Break kontatzen digunez, lehen bonba nuklearrek eztanda egin zuten eguna proposatu dute garai geologiko berriaren hasieratzat. (Argia aldizkarian)

Guztiak du hasiera eta amaiera. Haur psikoanalisiak ere bere hastapena izan zuen bost urteko ume baten arazoekin. Hans zuen izena eta ez zuen etxetik irten nahi, kalean zegoen zaldiak koska egingo ziola beldur baitzen. Idoia Agirrek kontatzen digu Freudek lagundu ziola umeari. Arazoaz hitz eginez askatu zuen izua baina bidean beldur bat sortu zuen umeak. Ez al da azken hau, misterio berri bat? (Argia aldizkarian)

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>