Asteon zientzia begi-bistan #32

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Juankarh, @juankarh

Argazkia: Juankarh – @juankarh

1919. urtean Bilbok 80.000 biztanle zituen eta horietatik 6.000k tuberkulosia zuten. Gaitza oso zabaldua zegoen Bizkaiko Ezkerraldean ere. Sasoi hartan gaixotasunari aurre egiteko eguzkiaren argia eta itsasoak duen iodoa oinarrizkoak ziren medikuen ustez. Hori dela eta, Bizkaiko herri eguzkitsuenean zabaldu zuten ospitalea gaixoak tratatzeko: Gorlizen. Berrian kontatzen digu Lander Muñagorrik: Itsasoa sendagai bihurtu zuen erietxea.

Gorlizeko herriak eguzki ordu asko eta itsasoa zituen gaixoei laguntzeko. Egun ere, ospitaleak bertan jarraitzen du baina baliteke mende baten zerbait aldatu izana. Amaia Porgutal kazetariak, klima-aldaketa aztergai duen gobernuarteko erakundeak (IPCC) klima-aldaketaz egin duen azken txostenaren emaitzak azaltzen dizkigu Zientzia Kaiera blogean. Txostenak erakusten duenez, ur eta lurrazalaren tenperatura hazkundea etengabekoa izan da, eta are handiagoa 1980ko hamarkadatik hona. Gaur egun Lurra XIX. mende bukaeran baino 0,8 gradu epelagoa da, eta tenperaturak gora egiten jarraitzen du baina… ezin Lurrari gehiago berotzen utzi.

Grabatu sakonekin apaindutako duela 14.500 urte inguruko bi haga aurkitu dituzte Azpeitiko Ezkuzta kobazuloko indusketetan. Madeleine aldiko erdikoak dela uste da, eta haien kalitatea aintzat harturik Iberiar penintsula osoan pieza bakarrak direla adierazi dute. Juan Luis Zabalak kontatzen digu Berrian: Ezustekoa Ezkuztan eta Ana GalarragakElhuyar aldizkarian: Paleolitoko altxorra topatu dute Gipuzkoako kobazulo batean.

Ederra bada iraganeko altxorrak aurkitzea, gure inguruan baditugu ere hamaika edertasun. Gotzone Barandika kimikariak Zientzia Kaiera blogean azaltzen digu edertasunaren gakoa zein den: simetria. Simetrian osasuna ikusten dugu izaki bizidunetan eta objektu bizigabeetan, berriz, simetria ordenaren armoniarekin uztartzen dugu. Izan ere, guztiok ditugu gustuko gauza ederrak, ezta? Datu gehiago Kristalografia, simetria eta edertasuna artikuluan.

Antartidak, Europa baino handiagoa den izotz-azal erraldoiak, estazio zientifikoa batzuetan dauden 1.000-5.000 gizakiz osatuta dagoen populazioa du. Antartidako bizia, itsaso ondoko zonalde estu batzuetan pilatuta dago. Izotz artean, urtean sei hilabetean argi hotz eta bortitza pairatuko duzu, eta beste sei hilabeteetan, ilunpean egongo zara, tartean hego-aurorek baizik ez dizute argituko bizitza. Toki latza da baina sasoi baten ez zen horrelakoa izan eta Antonio Cantó dibulgatzaileak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean: Antartida paradisua izan zen garaia.

Antzekoa baina ez berdina, hori da Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileek esan dutena zakilen jatorriari buruz. Hauen esanetan, kanpo-genitalen garapena ez da berdina ornodun lurtar guztietan. Ugaztun gehienetan, zakila garatzen duten zelulak isatsa sortzen duten zelula enbrionarioetatik eratortzen dira. Sugeetan eta beste narrasti batzuetan, aldiz, atzeko hankak sorrarazten dituztenetatik. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Zakilen jatorria: desberdina narrastietan eta ugaztunetan, baina antzekoa.

Europarrok hona nondik nora ailegatu garen jakiteko bidea irekia du aspalditik genetikak eta baita ere paleontologiak. Azken asteotan bi ikerketen berri eman dute hedabideetan. Biek Errusian aurkitutako aztarnen azterketak dute oinarrian. Batak, Moskutik 400 bat kilometro 1954an aurkitu zuten Kostenki 14 izeneko hezurrarenak dira. Duela 38.700 eta 36.200 urte artean bizi izan zen gizon baten fosilek osatzen dute. Besteak, duela 45.000 urte Siberian bizitako gizonezko baten izterrezurra du oinarrian, ‘Ust-Ishim-eko gizona’ ren aztarna. Bi aztarnen azterketek erakusten dute zein konplexua izan zen gure arbasoen hedatzea Eurasian barrena. Eider Cartonek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Beste giza genoma zahar bat, Europaren populatze konplexuaren erakusle.

“Edozein neskak izan dezake glamourra. Geldirik geratu eta inozo itxurak egin besterik ez du”. Hedy Lamarr aktore austriarra eta telekomunikazio ingeniariarena da esaldia. 1941 George Antheil musikariarekin maiztasun jauziaren bidezko espektro hedatua (FHSS) teknika garatu eta patentatu zuen. Honi esker, torpedoak irrati bidez gidatu zitezkeen, etsaiek antzeman gabe. Nagore Irazustabarrenak dakarkigu emakume honen historia Argia aldizkarian: Hedy Lamarr, Wifiaren hazia erein zuen zine izarra.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>