Antartida paradisua izan zen garaia

Antonio Cantó

Egun, ez dago Antartida baino toki estralurtarragorik: Europa baino zabalagoa den izotz-azal erraldoi bat, tartean harri batzuk eta su pixka bat duena; populazioa, 1000-5000 gizaki, estazio zientifiko batzuetan pilatuta. Izan ere horrelakoetan bakarrik bizi gaitezke gizakiok Antartidan.

eocene_rainforest-500

Bestalde, Antartidako bizia, itsaso ondoko zonalde estu batzuetan pilatuta dago. Zonalde hori Hego Amerikarantz eta inguruko itsasoetarantz hedatua dago. Horrela bizia larriki harrapatua dago bertan, baina antzera dago Lurreko bizi guztia harrapatuta amildegiaren eta kosmosaren artean. Antartidakoa bortizkiago zokoratua dago hala ere. Lehorrera iristen zarelarik, baleak, txipiroi erraldoiak eta pinguinoak dituzu nonahi. Inoiz, basa loretxo pare bat aurki ditzakezu, edo uretako hartz txikia[1], Chuck Norris baino gogorragoa bera. Barrurago zoazela, bakterio gutxi batzuk baizik ez daude. Horretaz gain, izotz infinitua, eta base zientifiko erresistenteenak. Inoiz, hegaka ikus dezakezu elurretako petrel bat (edo Ilyushin 76 bat).

Hor, izotz artean, urtean sei hilabetean argi hotz eta bortitza pairatuko duzu, eta beste sei hilabeteetan, ilunpean egongo zara, tartean hego-aurorek baizik argituko ez dizutelarik bizitza. Toki latz batean, Vostok estazioan erregistratu da Lurrean aurkitu den tenperatura baxuena: -89.2ºC (bai ba, zero azpitik, 1983 uztailaren 21an! [2]). Sateliteen datuek, iradokitzen dute termometrorik ez dagoen tokietan ziur aski -93.2ºC-ra iritsiko dela tenperatura, Domo Argus eta Domo Fujiren artean. Gauzak argitze aldera, esan dezakegu ohiko termometroak izoztu egiten direla -39ºC-an; Antartidan, beste teknika batzuk erabili behar dira. Martitzen -55ºC eta -63ºC tartean [3] dabil tenperatura, eta bertan karbono dioxidoa izotz lehor bihurtzen da -78.5ºC-an. Vostokeko tenperatura oraindik 10 gradu gehiago jaitsi daiteke. Elurra ere nekez egiten du bertan, aireko hezetasuna izoztua baitago. Hori bai toki estralurtarra!

Hala ere, ez da beti horrela izan. Garai batean, Antartida baratze tropikal bat izan zen, bizidunetan oso joria. Animaliak iritsi ziren bertara, egun Amerika, Afrika, Madagaskar, Eurasia (Indiatik) eta Australia direnetatik. Nolatan izan zen hau?

Positions_of_ancient_continents_550_million_years_ago

Irudia: Kontinenteen kokapena duela 550 milioi urte.

Lurreko tenperatura globala eta kontinenteen kokapena asko aldatu dira aro geologikoetan zehar. Antartida aldiz, gutxi mugitu da, eta beti ere Hego Hemisferioan egon da Hego Polotik gertu, lehorreko biziaren historiako aldi handi batean. Duela 530 milioi urte [4] ausartu zen lehenengo animaliatxoa uretatik lehorrera egiten, eta garai hartan Antartida beste batzuekin batera Gondwana kontinente handia osatzekotan zebilen, gutxi gorabehera ekuatorearen parean. Bizia 100 milioi urte beranduago lehorrean arnasa hartzen hasi zenerako [5], Antartida hegoalderantz abian zen jadanik, Gondwanaren barruan. Egungo Australiaren latitudean zegoen gutxi gorabehera. Ez zen inoiz nabarmenki iparrera itzuli, eta uste da ez duela horrelakorik egingo gutxienez hurrengo 250 milioi urteetan. Berez, gero eta hegoalderago joan zen, Eurasia, Amerika eta Afrika iparrerantz zihoazen bitartean. Azken hauetako batzuk, beste hemisferiora ere joan ziren, azkenean egungo geografia osatzeko.

Egungo Antartidako zonalde batzuk, antzinako Antartidaren barruan beste gune batzuetan kokatuta zeuden Permikoan zehar. 50 milioi urte beranduago sortuko ziren lehenengo dinosauroak, eta bere horretan jarraitu du Antartidak, azken bolada honetan, Hego Poloaren inguruan.

Pentsa liteke eguzki-izpiek bertara iristeko duten angeluagatik nekez izango zuela hain polarra den zonalde batek Cancúnen antzik. Hala ere, gauzak ez dira hain errazak. Gaurko hotz bortitz hori ez zaio bakar-bakarrik kokapenari zor. Hala izango balitz, Artikoa ere oso hotza izan beharko litzateke, eta ez da hala. Izan ere, Ipar Hemisferioko tenperaturarik hotzenak, diotenez, Siberiako toki demonio batean erregistratu dira: Oimiakón, -67.7ºC eta -71.2ªC tenperaturen artean. Beti ere, itsas mailan garaierarik ez duten tokiez ari gara, zeren eta hainbat gailurretan -77.5ºC-raino ere iritsi dira hartutako tenperaturak (oraindik ere Vostokekoak baino samurragoak).

Baina Omiakón ez dago Artikoan, Ipar 63º15′-ko latitudea baitauka, Zirkulu Polarretik behera. Islandiako hiriburu den Reykjaviketik iparrerago dago (64º09’N), eta bertan, tenperaturak ez du inoiz -24ºC-tik behera egin, eta ez du -20ºC-tik behera egin 1971tik. Omiakóneko tenperatura bortitzak ez dira sortzen latitudeak sortuak; klima kontinentaleko kontu batek sortzen ditu baldintzapen txarrak Yakutia zonaldean eta ibarrean zehar. -66.1ºC-koa da Artikoan bertan erregistratu den tenperaturarik baxuena (North Ice estazioa, Groenlandia, 1954ko urtarrilaren 9a). Are garrantzitsuago, Ipar Poloko tenperatura ertaina -18.2ºC-koa zen, eta -28.1 ºC-ra iristen zen Groenlandiako erdiguneko izotzetan; Hego Poloan aldiz, -49.4ºC-koa da tenperatura ertaina, eta Vostoken -55-1ºC-ra jaisten da, Martitzen antzera.

Kokapen geografikoak, eta itsasoko korronteek eta haizeak eragiten dituzte Artiko eta Antartikoaren artean dauden alde handi hauek. Garaierak ere eragiten du, baina ez uste litekeen bezainbeste: Antartidako garaiera ertaina 2.500 m-koa bada ere, Groenlandiakoa ere 1922 m inguruan dabil. Antartida aldiz, kontinente handia da, hainbat itsasok inguratua. Gainera, Polo inguruko Korronte Antartikoak eragotzi egiten du barruko zonalde hotzen eta inguruko zonalde beroagoen arteko trukea. Klimaren ikuspegitik, Antartida putzu hotz batean harrapatuta dago, atera ezinik.

Baina esana dugu hau ez dela beti horrela izan. Duela 35 milioi urte hartu zuen Antartidak kokapen hau, beste kontinenteak iparrera jo eta Drake eta Tasmania igarobideak zabaltzen ari ziren bitartean. Hori gertatu aurretik, ez zegoen Polo inguruko korronterik, eta Antartidak inguruko zonaldeekin beroa trukatzeko modua zuelarik, tenperatura ez zen hainbeste jaisten [6]. Gainera, garai bateko Lurreko tenperatura gaurkoa baino altuagoa zen, orain bertan glaziazio betean sartuta baikaude. Badirudi oharkabean glaziazio aldi honetatik bortitz eta zakar atera nahirik gabiltzala, baina glaziazio bat da azken batean. Lurraren historiaren zatirik handiena beroagoa izan da[7], anhidrido karbonikoaren milioiko 1000 partera edo gorago ere iristen zelarik [8][9]. Horrela, Paleozeno-Eozenoan, duela 55.9 milioi urte 22ºC-ko gailurrera iritsiko zen tenperatura (anhidrido karbonikoa milioiko 1225 partera). Berez, Lurra “bipolarra” izan da betidanik: negutegi efektutik iglu efektura doa txandaka. Horrela ba, aldaketa tektoniko hauek ederki argitzen dute Antartida garai batean tropikala izana, oraingo izotz-basamortutik urrun. Egia esan, behin baino gehiagotan gertatu zen hori. Urruneko Aro Kanbriar hartan ere (581-485 milioi urte), ekuatore partean zegoen, trilobitez eta antzerako ornogabeez beteta. Devoniar garaikoak dira (419-360 miloi urte) aurkitu dituzten landare-fosil ugariak. Flora horretan nabarmen nagusitu ziren, Permiarrean zehar (298-252 mioi urte), Glossopteris bezalako iratzeak, pantanoetan eta paduretan.

Denborak aurrera egin ahala, landare eta padura hauek Antartikan zeharreko mendien ikatz-meategia sortuko zuten. Ordurako, Lurra berotzen ari zen eta Gondwanaren zati handi bat, basamortu lehor bilakatua zen, baina bertako bizitzak aurrera egin zuen. Permiarrean eta Triasikoaren hasieran (250-200 mioi urte), hazidun iratzeak sortuko ziren, eta bai narrasti sinapsidoak, ugaztun bilakatuko zirenak. Jurasikoan (200-145 miloi urte) eta Kretazikoan (145-66 milioi urte) izugarria izan zen kontua: zikadak, ginkgoak, konifera-basoak, amoniteak itsasoan, eta gutxienez hiru dinosauro mota lehorrean: kriolofosauroak, glazialisauroak eta antarktopeltak. Hori da fosilei esker jakin duguna. Hori bai historiaurreko paradisu tropikal ederra, Gondwanako zonaldeen arteko zubi modura jokatzen zuena, eta Lurraren gainontzeko zonaldeekin lotura bat eskaintzen zuena. Espezie asko sortu eta ugaritu ziren bertan.

660444main_antarctica20120617-43_946-710

3. irudia: Antartida, Miozenoaren erdialdean. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/Philip Bart doktorea, LSU.)

Garai hartarako, hegoaldeko partea larri zegoen. Lehenengo izotzak sortu ziren, espezieei mehatxuka. Biziak baina, ez du inoiz etsitzen eta aurrera egin zuen. Bere horretan jarraitu zuen, Hego Amerika banandu zen arte. Horrela, Drake igarobidea irekita, bidea eman zitzaion Polo inguruko Korronteari, eta Antartida isolatuta geratu zen betiko. Orduan izotza hedatzen hasi zen eta bertan zegoen bizia oro suntsitu zen. Bizia baina, babes bila joan zen kostaldera, garai hobeagoen zain. Zoritxarrez, suntsipena handiegia eta luzeegia izan zen. Pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan zen glaziazioaren izerkari zuri handiaren pean.

Oraindik ere, biziak gora egin zuen apur batean, Erdi Miozenoan, duela 15 milioi urte. Orduan anhidrido karbonikoaren mailak 400-660ra igo ziren (gaur 440 ditugu berriz) [01]. Ordurako baina, izotz geruza gaur bezain zabal zegoen. Tenperaturak gora egin zuen kostaldean, eta tundra-landareak sortu ziren, egungo Andeetako zonalde batzuetan [11] dagoenaren antzera. Azkenean, duela hiru edo lau milioi urte, izotza atera zen garaile azkenean.

Ez guztiz. Hasieran esan dizudan bezala, bizidun batzuek eutsi egin diote bizitzari kostaldeko harrietan eta itsas hotzean. Horrela jokatzen du biziak beti, edozein aukera noiz azalduko zain. Agian gure diru-nahiak eta gure ergelkeriak badute alderdi on bat. Agian, beste aukera bat emango diogu Antartikako bizitzari.

Erreferentziak:

[1] Guidetti, R.; Rebecchi, L.; Cesari, M.; McInnes, S. J. (2014ko maiatzaren 18a: Mopsechiniscus franciscae, a new species of a rare genus of Tardigrada from continental Antarctica. Polar Biology (Springer Science + Business Media) 37 (9): 1221–1233. DOI: 10.1007/s00300-014-1514-x.

[2] Arizona State University: World lowest temperature.

[3] NASA National Space Cience Data Center: Mars fact sheet.

[4] MacNaughton, R. B et al. First steps on land: Arthropod trackways in Cambrian-Ordovician eolian sandstone, southeastern Ontario, Canada. Geology 30, 391 – 394 (2002). DOI: 10.1130/0091-7613 (2002) 030 2.0.CO;2.

[5] Wilson, H. M.; Anderson, L. I. (2004): Morphology and Taxonomy of Paleozoic millipedes (Diplopoda: Chilognatha, Archipolypoda) from Scotland. Journal of Paleontology 78(1):169-184. DOI: 10.1666/0022-3360 (2004) 078 2.0.CO;2.

[6] Exon, N. F.; Kennett, J. P. (2013): Paleoceanographic evolution of the Tasmanian Seaway and its climatic implications. American Geophysical Union, Geophysical Monograph Series 01/2004; DOI: 10.1029/151GM19.

[7] Hansen, J. E.; Sato, M. (2012): Paleoclimate Implications for Human-Made Climate Change. En Climate Change: Inferences from Paleoclimate and Regional Aspects. A. Berger, F. Mesinger y D. Šijački, Eds. Springer, 21-48. DOI: 10.1007/978-3-7091-0973-1_2.

[8] Lowenstein, T. K.; Demicco, R. V. (29 de septiembre de 2006): Elevated Eocene atmospheric CO2 and its subsequent decline. Science, Vol. 313, nº 5795, p. 1928. DOI: 10.1126/science.1129555.

[9] Bice, K. L.; Norris, R. D. (2002): Possible atmospheric CO2 extremes of the Middle Cretaceous (late Albian – Turonian). Paleoceanography, vol. 17, nº. 4, 1070. DOI: 10.1029/2002PA000778, 2002.

[10] Knorr, G; Lohmann, G. (2014): Climate warming during Antarctic ice sheet expansion at the Middle Miocene transition. Nature Geoscience 7, 376–381. DOI: 0.1038/ngeo2119.

[11] NASA: Study finds ancient warming greened Antarctica.

——————————————–

Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuriblogaren egilea da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>