Monito del monte
Martsupialak entzutean askok kanguroak edo koalak irudikatzen ditugu, baina talde harrigarri hori askoz zaharragoa eta anitzagoa da. Duela 100 milioi urte inguru, ugaztunak bi adar nagusitan banatu ziren: alde batetik plazentadunak, gizakiok edo elefanteek bezala; bestetik, martsupialak, kume oso txikiak erditu eta martsupio batean hazten dituztenak. Gaur egun Australiari lotzen badizkiogu ere, martsupialen arbasoak Ipar Amerikan sortu eta Hego Amerikatik igaro ziren Australiara iritsi aurretik. Han, ia lehiarik gabe, askotariko forma eta bizimoduak garatzeko aukera izan zuten.
Bideo honetan ikusiko dugu nola kontinente isolatu batek eboluzioan eragin handia izan dezakeen. Australiako martsupial askok beste kontinenteetako animalien antzeko itxura eta bizimodua garatu dituzte, nahiz eta ahaide hurbilak ez izan. Horri konbergentzia ebolutiboa deitzen zaio: antzeko inguruneetan bizi diren animaliek antzeko irtenbideak garatzen dituzte. Horrela sortu ziren “martsupial otsoak”, “martsupial satorrak” edo planeatzen duten martsupialak. Eboluzioak behin eta berriz antzeko bideetara iristeko duen gaitasunaren adibide ikusgarriak dira.
Gure arbasoak Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.