Asteon zientzia begi-bistan #267

Uxue Razkin

Klima-aldaketa

Klima larrialdiari aurre egiteko gizarteak zenbait neurri har ditzake, Berrian irakur daitekeenez. Hala nola, elikadura ohiturak aldatzea. Jendeak haragi gutxiago jan beharko lukeela dio IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ateratako azken txostenak, adibidez. Badira beste batzuk: erabilera bakarreko plastikozko poltsak gutxiago erabiltzea; etxeko energia iturri kutsagarriak aldatu eta energia berriztagarriak erabiltzea eta ingurumenari kalte egiten ez dioten materialekin egindako jantziak erostea.

Lurraren historia modernoko laugarren urterik beroena izan zen 2018. urtea. Klima-aldaketa gertatzen ari dela argi dugu jada eta egoera hori nagusiki gizakiaren industria jardueragatik sortu dela ere bai. IPCCren “Global Warming of 1,5ºC txosten bereziak argi uzten du: jarduera horrek planetaren tenperatura gutxi gorabehera 1 ºC igo duela uste da. Gure planetak aurre egin beharko dien egoera posibleak aztertzeko, NASA, UK Met Office eta halako taldeek simulazioak erabiltzen dituzte, hau da, etorkizuneko egoera posibleak eraikitzeko erabiltzen diren tresnak.

Paleontologia

Duela 550 milioi urteko animalia mugikor eta bilateral baten fosila aurkitu dute Dengyingen, Yangtze ibaiaren arroilen inguruan (Txina). Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Yilingia spiciformis deitu diote, eta, guztira, 35 ale bildu dituzte. Zientzialariek ondorioztatu dute arrastoak itsas hondoan narrasean ibiltzean sortu zituztela. Horretaz gain, esan dute nerbio-sistema bat zutela.

Kimika

Paketatze-industrian jatorri petrokimikoa duten polimeroak (polipropilenoa PP, polietilen tereftalatoa PET edo polietilenoa PE) ordezkatzeko, biopolimeroak gero eta gehiago erabiltzen dira. Biopolimero hauen artean, poliazido laktikoa (PLA) dago, adibidez. Bioiturrietatik eratorria eta biodegradagarria da. Aktibitate antibakterianoa erakusten duten biopolimero asko daude, baina bakterioen aurkako aktibitaterik onena erakusten duena kitosanoa da.

Ingurumena

Mikroplastikoz osatutako partikulak ere Artikora iritsi dira. Hala aditzera eman dute Alfred Wegener institutuko ikertzaileek. Zer aurkitu dute bertan baina? Kautxua, polietilenoa, berniza edota poliamida izan dira konposatuetako batzuk. Partikula horietatik, %80 inguruk 25 mikra edo gutxiagoko neurria zuten. Kanadan ere topatu dituzte mikroplastikoak.

Emakumeak zientzian

Izaro Zubiria albaitaria eta ikertzailea elkarrizketatu du Ana Galarragak. Bertan, Zubiriak kontatzen du naturaz inguratuta bizi izan dela jaio zenetik eta beraz logikoa izan zela ikasketa horiek aukeratzea. Oso ikasketa gogorrak direla dio gizartean aitortza eskasa duelako. Elikagaien kalitatea eta segurtasun Masterra egin zuen horren ondotik eta baita tesia ere. Geroago, Gasteizko ukuilu batean aritu zen lanean, peoi gisa, azpiak ateratzen, behiak ezten… Horretaz gain, Zubiriak CAF-Elhuyar sariketan parte hartu eta NEIKER sari berezia irabazi zuen.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>