Asteon zientzia begi-bistan #239

Uxue Razkin

Emakumeak zientzian

Rosalyn Yalow fisikariak lortu zuen Medikuntzako Nobel saria 1977an, erradioimmunosaio teknika (RIA ingelesez) garatzeagatik. Bere bizitzan zehar oztopo ugari izan zituen, gehienak emakumea izateagatik baina aurrera egin zuen. Yalowk Fisika Nuklearra doktoregoa lortu zuen 1945ean eta hortik aurrera lanean aritu zen Solomon Berson medikuarekin batera, 22 urteko lankidetza izan zen; biek lortu zuten erradioimmunosaio teknika garatzea. Metodo honek ahalbidetzen zuen, besteak beste, organismoan oso kantitate txikian zirkulatzen duten hormonak antzematea isotopo erradioaktiboak erabiliz. Azken batean, teknika honi esker zenbatu daitezke antigorputzen (Ac) eta antigenoen (Ag) kontzentrazioak modu oso espezifikoan.

Genetika

Giza genomaren “bereizmen osoko” lehen mapa aurkeztu du deCode konpainiak, Berriak kontatu digunez. Lan honetan saiatu dira bereziki gizaki bakoitzak aparteko ezaugarri berezituak izatea dakarten bi aldagai aztertzen: de novo mutazioak eta birkonbinazioak. Mapa honekin erakutsi dute, adibidez, de novo mutazioak gertatzeko probabilitatea 50 bider handiagoa dela birkonbinazio lekuetan, genomako beste edozein eremutan baino.

Big dataren iraultza genetikara ere iritsi da. Koldo Garciak kontatu digu artikulu honen bidez zer diren biobankuak eta zeintzuk diren hauen ezaugarriak. Hasteko, biobankuek gizakien lagin biologikoak jasotzen, kudeatzen eta gordetzen dituzte. Bi modutara sailkatzen dira nagusiki: batetik gaixotasun baten gene-oinarrian sakontzeko erabiltzen direnak, eta bestetik, hor daude biomarkatzaile berriak aurkitzeko populazio orokorra oinarri dituztenak. Adibide moduan, Erresuma Batuko Biobankua (UKB ingelesez) jarri du Garciak, zeinak iazko urrian artikulu bat argitaratu zuen bertan biltzen dituen datuei buruz. Gene-azterketentzat eta genoma-azterketentzat mugarri bat izan da lan hori.

Genoma editatzeko erabiltzen den CRISPR metodoaren aldaera bat egin dute, eta emaitzak Cas 9-rekin baino are hobeak izan direla adierazi dute. Elhuyar aldizkariak kontatu digu Feng Zhang ikertzaileak zuzendu duela ikerketa eta zehaztu dutenez, Bacillus hisashii bakterioaren Cas12b nukleasa erabili dute. Badirudi eraginkorra dela oso: moztu beharreko DNA-zatiarekiko Cas9 nukleasak baino berariazkotasun handiagoa duela baieztatu dute.

Kimika

Josu Lopez Gazpiok kontatzen digu nola egiten den kafe deskafeinatua. Kafeari kafeina kentzeko disolbatzaileak erabil daitezke eta bi modutara egin daiteke: era zuzenean eta zeharkakoan. Disolbatzaileak era zuzenean erabiltzeak, baina, arazoak dakartza, hala nola zapore aldaketak gertatzen ahal dira. Horretaz gain, artikuluan beste modu batzuk agertzen dira; karbono dioxidoa eta presioa erabiliz lortzen den teknika eta deskafeinatze naturala.

Osasuna

Lo-eskasiaren eta alzheimerraren arteko lotura identifikatu dute oraingoan: loa eteten denean, gora egiten du nabarmen Alzheimer gaixotasunean gako den Tau proteinaren kontzentrazioak. Zehazki, Tau proteina % 50 gehiago agertzen dela ikusi dute, garuneko likido zefalorrakideotik eta hezur-muinetik gizakiei hartutako laginak aztertuta. Ikertzaileen arabera, loaren eskasiak ez du gaixotasuna sortzen, baina bai laguntzen dio azkarrago hedatzen jada garatzen ari denean. Elhuyar Aldizkariak eman digu honen berri.

Klima-aldaketa

Jean-Noel Thepaut, Copernicus Climate Change Zerbitzuko burua, elkarrizketatu dute Berrian, tenperaturaren igoera dela eta. Izan ere, 2018a urte beroenetan laugarrena izan zen eta berotegi gasen isuriak ere areagotu egin ziren. Thepautek ohartarazten digu gas horiek atmosferan egongo direla urte luzez.

Neurozientzia

Ziortza Guezuraga kazetaria adiskidetasunaz mintzo da artikulu honetan. Jakina denez, hori ez da gizakien artean bakarrik ematen. Primateen, zetazeoen eta elefanteen artean ere adiskidetasuna ikusi da. Ildo honi jarraiki, azaltzen digu nerbio sisteman erantzuna sorrarazten duen eguneroko estimuluei erreakzio naturalak ikertzea erabaki zuela Carolyn Parkinsonen taldeak. Lortutako emaitzen arabera, adiskidetasunaren oinarrian garunak daude eta homofilia maila neuralean gertatzen dela frogatu dute ikerketaren emaitzek.

Paleontologia

Robot bat eraiki dute, duela 280 milioi urte bizi izan zen animalia baten fosilean oinarrituta. Zientzia fikzioa dirudien arren, benetan gertatu da. Zientzialari talde batek robotika erabili du antzinako tetrapodoek ibiltzeko erabiltzen zuten modua hobeto ezagutzeko. Euren helburua argia da oso: aspaldi desagertutako animalia bat mugimenduan ikustea. Ikertzaileek ondorioztatu dute animalia horiek orain arte uste zena baino modu hobeagoan ibiltzen zirela, eta, horregatik, iradoki dute lurrean mugitzeko gaitasun aurreratua amnioten agerpena baino askoz lehenago izan zitekeela.

Eboluzioa

‘Sapiens ispiluaren aurrean’ liburua aurkeztu berri du Elhuyar Zientzia taldeko Ana Galarragak eta horren harira, Berriak elkarrizketa egin dio. Bilduma honek Elhuyar aldizkarian idatziriko artikuluak jasotzen ditu; horietan, gizakien egoera erretratatu du, genetika, arkeologia eta demografia arloetatik, besteak beste. Horretaz gain, zientziaren dibulgazioaz mintzatu da elkarrizketan eta hori euskaraz egitearen garrantziaz. Ez galdu!

Ingurumena

Keko Alonso biologoa eta Kolore Guztietako Basoak ekinbideko kidea izan da protagonista Berriako elkarrizketa honetan. Berak mendien kudeaketa eredua aldatzea proposatzen du basoen kudeaketan atzeman zuten krisia dela eta, bai ingurumenean, bai alde ekonomikoan. Euren iritziz, mendiaren dibertsifikazioa behar da: “Ikuspuntu guztietatik da interesgarria: bioaniztasuna handitzeko, baita errentagarritasun ekonomikotik begiratuta ere”.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>