Rosalyn Yalow (1921-2011): Erradioimmunosaioaren hazia jarri zuen fisikaria

Uxue Razkin

Bazirudien Rosalyn Yalowen patua zehaztuta zegoela txikia zenetik; zientziaren bidetik joko zuela argi zuen berak eta bere inguruak. Matematika interesatu zitzaion lehenik, ondoren kimika… azkenean, fisika hautatu zuen. Zaila da hasieratik zein ikasketari helduko diozun erabakitzea, azken finean hautu horrek erabakiko duelako zure etorkizuna. Bertigoa sentitzea ez da arraroa, aukera hori egiten den momentuan bizitza aldaezina izango dela iruditzen zaigulako. Ausardia handiko pertsona izan zen Yalow.
Oztopoak izan zituen, emakume izateagatik gehienak, baina bizitza orok beti du sorpresarako abagunea. Fisika arloan emaitza esanguratsuak lortu ondoren, Fisiologiako eta Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen 1977an –Roger Guillemin eta Andrew Schallyrekin batera–, erradioimmunosaio teknika (RIA ingelesez) garatzeagatik, hain zuzen.

Solomon Berson medikua izan zuen bidelagun 22 urtez. Nobel Saria bien lanaren fruitua izan bazen ere, Yalowk bakarrik jaso zuen saria, bere lankidea 1972an hil zelako. Aipatu moduan, 1959an erradioimmunosaio teknika garatu zuten, zeinak ahalbidetzen zuen, besteak beste, organismoan oso kantitate txikian zirkulatzen duten hormonak antzematea isotopo erradioaktiboak erabiliz. Azken batean, teknika honi esker zenbatu daitezke antigorputzen (Ac) eta antigenoen (Ag) kontzentrazioak modu oso espezifikoan.

1. irudia: Rosalyn Yalow 1977. urtean laborategian lanean, Roger Guillemin eta Andrew Schallyrekin batera Medikuntzako Nobel sariaren irabazlea zela jakin odoren. (Argazkia: Wikimedia Commons, Creative Commons lizentziapean)

Hasieran abiatu zuten ikerketak diabetesaren fisiopatogenia argitzea zuen helburu. Honekin guztiarekin, intsulina gisako molekula txikiek antigorputzak sortzea ezinezkoa zutela zioen axioma deuseztatzea ere erdietsi zuten. Aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen baina lortutako emaitzak argitaratzeko zailtasunak izan zituzten. Nature eta Journal Clinical Investigation aldizkariek, esaterako, ezezkoa eman zien baina, azkenean, Naturen publikatu zuten artikulua, moldaketa batzuk egin ostean, zehazki, “antigorputza” hitza testutik ezabatu zutenean.

Oztopoak eta erreferenteak

Rosalyn Yalow 1921ean jaio zen, New Yorken. Txikitatik jaso zuen irakurtzeko zaletasuna bere amari esker, eta zientzia ere maite zuen. Hala, fisika ikastea erabaki zuen. Bi erreferente nagusik baldintzatu zuten bere hautaketa. Alde batetik, Marie Curie, une hartan bere alaba Eve Curiek amaren biografia bat publikatu zuelako (liburu horrek behar zuen bultzada eman zion); bestetik, Enrico Fermi –lehenengo erreaktore nuklearra egin zuen ikertzailea–, zeinak 1939an hizketaldi bat eman zuen fisio nuklearrari buruz. Fermik landu zuen gaia oso interesgarria iruditu zitzaion.

Fisikan graduatzea lortu zuen Hunter Collegen eta handik gutxira, Illinoisko Unibertsitatetik deitu zioten irakasle-laguntzaile gisa aritzeko bertako Ingeniaritza Eskolan. Gelako emakume bakarra zen bertan. Izan ere, fakultateko dekanoak kontatu zion moduan, 1917tik ez zen emakumerik igaro handik. Yalowek berak jakin bazekien lanpostu hori lortu zuela, neurri handi batean, Bigarren Mundu Gerraren kariaz: gizonak armadara joateak ekarri zuen emakumeek fakultateetan lan egiteko aukera izatea.

1941ean jazo zen Pearl Harborreko erasoak Estatu Batuak gerran sartzea eragin zuen. Itsas armadako gaztez bete zen campusa eta lan handia zegoen egiteko, garai korapilatsua izan zen berarentzat: klaseak prestatu, laborategiko praktikak egin, masterra egin, doktoregoa hasi… Halere, bere lanean arreta jarri zuen eta 1945ean lortu zuen Fisika Nuklearra doktoregoa Illinoisko Unibertsitatean (bertan doktoregoa bukatu zuen lehendabiziko emakumea izan zen). Urte berean, New Yorkera itzuli zen eta ingeniari-laguntzaile gisa hasi zen lanean Federal Telecommunications Laborategian. Berriz ere, taldeko emakume bakarra izan zen. Urtebete beranduago, Hunter Collegera itzuli zen lanera. Bertan, gerratik zetozen beteranoei fisika irakastea egokitu zitzaion aurre-ingeniaritza deituriko programa batean, hain zuzen ere.

2. irudia: Rosalyn Yalow isotopo erradioaktiboekin lanean. (Argazkia: James J. Peters Va Medical Center – Iturria: Boston.com)

Doktoregoa egin aurretik, diskriminazioarekin topo egin zuen behin baino gehiagotan fisikariak. Bere lehenengo aukera ikasketak egiteko Purdue Unibertsitatea izan zen, baina ez zuten onartu hiru arrazoirengatik: New Yorken jaio zen, judua zen, eta, gainera, emakumea.

Yalow-Berson sinergia perfektua

1950. urtea oso garrantzitsua izan zen Yalowentzat. Bere senarra, fisikaria zena, une hartan Montefiore Ospitalean zegoen lanean, Bronx auzoan. Hari esker Edith Quimby ikertzailea ezagutu zuen eta Yalow bere laborategian hasi zen lanean boluntario gisa erradiazioaren aplikazio medikoak zeintzuk ziren aztertuz. Kasualitatearen katea jarraitu besterik ez zuen egin. Izan ere, Quimbyk Gioacchino Failla fisikaria ezagutzen zuen eta azken honek Bernard Roswit doktorea, Bronx Veterans Administration Ospitaleko Erradioterapia Zerbitzuko zuzendaria zena. Roswitek aukera eman zion Yalowi bere laborategian lan egiteko. Bi aldiz pentsatu gabe, irakasle izateari utzi eta lan berriari ekin zion.

Une hartan hasi zen Yalow eta Bersonen arteko lankidetza. Hasteko, isotopo erradioaktiboak ikertu zituzten. Horiek erabili zituzten, besteak beste, odol-bolumena zehazteko, tiroidearen gaixotasunetan diagnosi klinikoa egiteko eta iodoaren metabolismoaren zinetika ikertzeko. Ondoren, hormonetara egin zuten jauzi; horien artean intsulina hautatu zuten, hormonen artean egokiena zelako ikerketarako. Horretarako, erreminta bat landu zuten, organismoan zegoen intsulina neurtzeko gai zena isotopo erradioaktiboak erabiliz: erradioimmunosaioa.

Egun, teknika hori mundu osoko laborategietan erabiltzen da (baita ELISA metodoa ere, ingelesez Enzyme-Linned ImmunoSorbent Assay izenez ezagutzen da) organismoan oso kantitate txikian dauden substantzia biologikoak neurtzeko. Ekarpen berri hau garrantzitsua izan zen oro har medikuntzarentzat, eta zehazki endokrinologia arloarentzat. Diabetesaren inguruko ikerketei bultzada eman zien aurkikuntzak, baita hormona-arazoen tratamenduei ere (hazkuntza, funtzio tiroideoa eta ugalkortasuna).

Sariak barra-barra

Jendeak errazago gogoratzen du Nobel saria gainontzekoak baino. Bada, Rosalynek beste hainbat jaso zituen bere bizitzan zehar, hala nola Lasker Saria, 1976an lortu zuena, A. Cressy Morrison Saria eta Gairdner Fundazioak eskaintzen duena. Honoris Causa doktore izendatu zuten zenbait unibertsitatek, horien artean Hartford Unibertsitateak, adibidez. Horretaz gain, Estatu Batuetako Zientzien Nazioarteko Domina eta Banting eta Lilly Domina jaso zituen, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izateaz gainera.

3. irudia: Medikuntzako Nobel saria jaso zuen Stockholmen 1977. urtean Rosalyn Yalow bifisikariak. (Argazkia: Wikpmedia Commons – Creative Commons lizentziapean)

Yalowek dena ondo egin zuen. Hasieratik hain argi duzun ideia bati bizkar ematea oso erraza da; aurkitzen dituzun oztopoek azpiak jaten dizkizute, zalantzek irensten zaituzte, zure gorputza lausotuz doa zugan sinesten ez duen jendea inguratzen zaituen bitartean. Baina ez zuen estropezu egin tranpa haietan. Zientzia helmuga zen harentzat, baina baita bidea ere. Iñaki Uriartek Diarios liburuan idatzitako hausnarketa batek Yalowek bere bizitza osoan izandako irmotasunari keinu egiten diola pentsatzen dut: “Ez ditu soilik oinak lurrean, gorputz osoa baizik, sugeen antzera”.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #239 - Zientzia Kaiera

[…] zuen Medikuntzako Nobel saria 1977an, erradioimmunosaio teknika (RIA ingelesez) garatzeagatik. Bere bizitzan zehar oztopo ugari izan zituen, gehienak emakumea izateagatik baina aurrera egin zuen. Yalowk Fisika Nuklearra doktoregoa lortu […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>