Dinosauroak baino lehenagoko animalia ‘berpiztu’ dute, robotikaren bidez

Juanma Gallego

Robot bat eraiki dute, duela 280 milioi urte bizi izan zen animalia baten fosilean oinarrituta. Lur idorraren gainean ibilitako lehen izakiak nola mugitzen ziren hobeto ezagutzeko bidea eman du ikerketak.

Zein izan zen aurrena, arrautza ala oiloa? Horrelako gauzaren bat galdetzen dizuten hurrengoan, atakatik atera nahi baduzu, egizu politikarien antzera, eta beste zerbait aipatu. Larba. Bai, aurrena larba izan zen. Zalantzarik ez dago. Arrautza ondorengo asmakizuna izan zen, baina, hori baino lehen, larbak ziren jaun eta jabe naturaren haurtzaindegietan. Ondorengoak mundura ekartzeko modu duina zen hori, eta oraindik badira formatu hori erabiltzen duten animalia asko. Baina zalantzarik ez dago: arrautza asmakizun bikaina izan zen. Enbrioia gainerako mundutik babesteko kanpo geruza bat du arrautzak, eta barruan elikagaia asko gordetzeko aukera ematen du ere. Adituek amniota izenaren barruan sailkatzen duten talde baten berrikuntza izan zen arrautza. Narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak biltzen dituen kladoa da amniotena. Uretan utzitako larbak erabili beharrean, amniotek arrautzak “asmatu” zituzten (ados, bai: teknikoki, eboluzioa izan zen milaka urteren poderioz garapen hori ahalbidetu zuena. Asmatu, naturan, ezer gutxi asmatu egiten da, noski).

1 . irudia: John Nyakatura eta Kamilo Melo ikertzaileek gidatutako talde batek orain arte paleontologian gutxi erabili izan den metodologia erabili du: fosiletan oinarritutako robota eraiki dute. (Argazkia: Maxime Marendaz)

Asmakizunak lur idorra konkistatzeko aukera zabaldu zuen, larbek ez bezala, arrautzek aukera ematen dutelako enbrioia idorrean garatzeko. Konkista horretarako, ordea, arrautza ez ezik, bestelako egokitzapenak beharrezkoak izan ziren, uretan eta lur idorrean mugitzea oso bestelakoa baita. Lau hanken gainean ibiltzea da egokitzapen horietako bat.

Hori nola lortu zen jakiteko paleontologoek fosiletan oinarritu ohi dute, baina teknologia berriek laguntza asko ematen dute zeregin horretan ere. Oraingoan, zientzialari talde batek robotika erabili du antzinako tetrapodoek ibiltzeko erabiltzen zuten modua hobeto ezagutzeko. Funtsean, edozein paleontologoren ametsa izan litekeena lortu dute: aspaldi desagertutako animalia bat mugimenduan ikustea.

Orobates pabsti izeneko espeziean oinarritu dute Nature aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa. Duela 280 milioi urte bizi zen animalia hura, Permiar garian. Eboluzioaren egutegian, urlehortarren eta narrastien artean kokatutako espeziea zen. Belarjalea, tamaina dezente garatu zuen lehen animalia lurtarra izan zen. Baina Orobatesen ezaugarririk nabarmenena zen mendietan bizi zela. Hain zuzen, hortik datorkio izena: “mendietako ibiltaria”.

Garai horretan animalia espezie batzuk mendietan bizi baziren ere, animalia gehienak kostaldetik gertu bizi zirela uste dute zientzialariek. Baina logikak agintzen du mendietan ibiltzeko lokomozio garaturen bat behar zutela. Egungo teoriek babesten dute lokomozio aurreratu hori narrastiekin batera iritsi zela, hau da, beranduago. Horregatik, gure protagonistak paleontologoen arreta bereganatu du.

2 . irudia: Animalia gehienak kostaldetik gertu bizi ziren garai batean, Orobates mendietan bizi zen. Haren hezurduraren fosilak ez ezik, oinatzen arrastoak ere aurkitu dituzte paleontologoek. (Argazkia: Thomas Martens)

Misterioa argitu aldera, ordenagailu bidez, hiru dimentsioko berreraikitzea egin dute, eta robot bat eraiki dute ere. Jakintza eta irudimena beti batera ez doazela erakusteko edo, OroBOT izena eman diote Orobates fosilean oinarritutako robotari. Berreraikitze digitala eta robota bera eraikitzeko, fosiletatik harago joan dira zientzialariak, eta gaur egun bizi diren zenbait espezietako gorputzaren neurriak kontuan hartu dituzte ere. Baina ikerketa honetarako gako izan den ezaugarria da fosil honen oinatzak kontserbatu direla harrietan “zizelkatuta”, eta horrek, noski, informazio ederra utzi die ikerlariei.

Ibiltzeko modu desberdinak antzeztu eta probatu dituzte, gorputzaren zein hanken mugimenduak konbinatuz. Egungo hainbat animaliak darabiltzaten mugimenduekin alderatu dute ikusitakoa, eta konturatu dira soilik kaimanaren mugimenduekin duela antza.

Ondorioztatu dute animalia horiek orain arte uste zena baino modu hobeagoan ibiltzen zirela, eta, horregatik, iradoki dute lurrean mugitzeko gaitasun aurreratua amnioten agerpena baino askoz lehenago izan zitekeela. Halere, onartu dute ere atera dituzten ondorioak behin-behinekoak direla. Kasu honetan, beste hainbatetan gertatu ohi den moduan, ondorioak ez dira hain garrantzitsuak. Bai ordea, metodologiaren alorrean aurrera emandako urratsa, eta horrek irekitzen dituen ateak, biorobotika paleontologiaren mundura eramanda. Norabide horretan, ate horiek zabal-zabalik utzi dituzte. Eskuratu dituzten datu zehatzak publikoki askatu dituzte, Orobates Interactive gunean, nahi duten ikertzaile guztiek datu horiek erabiltzeko eta ondorioak ateratzeko aukera izan dezaten.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nyakatura John, Melo Kamilo et al., (2019). Reverse-engineering the locomotion of a stem amniote. Nature, 565, 351–355. DOI: 10.1038/s41586-018-0851-2

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #239 - Zientzia Kaiera

[…] bat eraiki dute, duela 280 milioi urte bizi izan zen animalia baten fosilean oinarrituta. Zientzia fikzioa dirudien arren, benetan gertatu da. Zientzialari talde batek robotika erabili du antzinako tetrapodoek ibiltzeko erabiltzen zuten […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>