Asteon zientzia begi-bistan #56

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia:

Argazkia: Harfian Herdi

Asteon urtebetetze bat ospatu dugu, Hubble espazio-teleskopioak 25. urte bete ditu orbitan. 1990. urteko apirilaren 24an bidali zuten espaziora eta espero zuten baino tarte gehiago egon da lanean Unibertsoko hainbat sekretu argitzen. Zientzia Kaieran kontatzen digute bi astronomo planetarioek, Naiara Barradok eta Itziar Garatek: Hubble teleskopioa: 25 urte orbitan unibertsoa arakatzen.

Lurraren erraiak arakatzen dituzte geologoek. Adibidez, UPV/EHUko geologo talde batek, gizakiok lurrean utzi omen ditugun “arrastoak” (markatzaile estratigrafikoak) erregistro sedimentarioan aurkitzeko lanetan ari dira, giza jarduerak lurraren historiako pasarte berri bat idatzi ote dugun jakiteko: Antropozenoa.

Arantza Ugalde sismologoak ere lurraren erraietan gertatzen dena aztertzen du. Lurrikarak aztertzen ditu CSICeko ikerketa zentro batean eta haren esanetan, lurrikarak, Lurraren barrualdea ikusteko aukera ematen duten X izpiak dira.

Edu Lartzagurenek, Arkeolan fundazioko Mertxe Urteaga arkeologoarekin batera, lurrazpiko sekretuei begiratu die ere Berrian. Hiru urteko lanaren ondoren Aditurriko parkeko Hirugarren Meatzea zabaldu dutela kontatzen digute. Zilarra ateratzen zuten handik erromatarren garaian eta orduko giroa berreskuratu nahi izan da duela 2.000 urteko zain irekiak publikoari erakusteko.

Antropologoek ere lurreko aztarnak dituzte ikergai. Arizonako Unibertsitateko ikertzailea den Chalachew Seyoum antropologoak Etiopian aurkitu duen masailezur zati fosildu bat homo generokoa omen da, eta dirudienez, Lucy baino zaharragoa. Duela 2,8 milioi urtekoa. Nagore Irazustaberrenak kontatzen digu Argian antza Lucy ez dela gure arbasorik zaharrena.

Elhuyar aldizkarian azaltzen digu Egoitz Etxebestek Italiako iparraldean aurkitutako bi esne-hortz duela 42.000 urte inguru, agertu zen Protoaurignac kultura nork sortu zuen erantzun duela. Esne-hortzak aztertuta, ondorioztatu dute Protoaurignac kultura gizaki modernoari dagokiola.

Argian beste bi gai hurbiltzen dizkigu Joxerra Aizpuruak. Lehenean esaten digu gizakiontzat txokolatea ona bada alboko animaliontzat ez dela onuragarria. Beraz, ez eman txokolaterik txakurrari. Izan ere, tableta erdi batek heriotza eragin diezaioke txakur txiki bati eta. Bestalde, izerdi egitean usain hobea ematen duen perfumea lortu dutela azaltzen digu. Dirudienez Belfasteko Queen´s Unibertsitateko ikerlariek lortu du perfume batek usaina komeni den momentuan askatzea. Perfume inteligentea da, antza.

Zenbakiak bidelagun ditugu eguneroko bizitzan. Horrela kontatzen digu Lander Muñagorri kazetariak Berrian. Baieztapen hori oinarritzeko Raúl Ibáñez matematikariarekin hitz egin du. Eguraldi aurreikuspenak egiteko, Bizkaiko golkoko antxoa kopurua zehazteko, marrazki bizidunetako hiru dimentsiotako irudiak egiteko eta beste hamaika arlotan matematikak beharrezkoak dira, izan ere, ekuazioak edonon ditugu.

Dena matematika bada, agian Koldo Garcia biologoak esango du dena genetika dela. Izan ere, noizbait gene batek dena azaltzen duela baieztatzeko tentatua egon da, baina ez du egin. Aldiz, genetika arloan dauden bost tentazioen berri eman digu Edonola blogean: determinismo genetikoa, harreman zuzenak, sinplifikazioa, tranpak egitea eta harrokeria.

Asteko errepasoa bukatzeko ikertzaile gazte biren solasaldiekin amaituko dugu. Unibertsitatea.net atarian CIC nanoGUNEn ikertzen dabilen Aitor Manteca ingeniariak kontatu digu genetika eta biologia molekularrari esker, duela 300 milioi urteko animalien proteinak berpizteko gai direla euren laborategian.

Zientzia Kaieran psikologoa den Lorea Kortabarriak azaltzen digu, neskek uste dutela errealitatean pisatzen dutena baino gehiago pisatzen dutela. Eta, gainera, errealitatean pisatzen dutena baino gutxiago pisatzea gustatuko litzaiekeela.

—––

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>