Asteon zientzia begi-bistan #34

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Theo Jansen

Argazkia: Theo Jansen

Desagertzeko zorian dauden espezieen zerrenda gorria osatzen du UICNk, Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak. 2004an 15.000 espeziek osatzen zuten zerrenda eta 2014an 22.400k baino gehiagok. Desagertzearen arrazoiak asko dira. Besteak beste, arrantza edota habitataren suntsipena. Berrian azaltzen digute erakunde honen arduradunek adierazi dutela espezie anitzentzat berandu dela jada, 1964. urtean hasi ziren zerrenda gorria osatzen eta ordutik hona 832 espezie jo dituzte desagertutzat: 22.400 animalia espezie baino gehiago daude arriskuan egun.

Euskal Herrian bizi diren espezieak babesteko ekimenak lantzen dihardute, esaterako Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek. Asteon jakinarazi dute Lezoko anfibio eta narrastien kontserbazio egoera hobetzeko lanetan ari direla. Horren baitan anfibio eta narrasti espezien inbentarioa eguneratu dute, egokiak diren habitatak aztertu eta prestatu dituzte, esaterako, Olatar ibaiaren ertzean anfibioentzako putzua egokitu dute: Lezoko narrasti eta anfibio espezie eta habitat berriak.

Koldo Garcia biologoak DNAren sekretuak erakusten jarraitzen du Edonola blogean. Gauza bat da esatea eta beste bat egitea artikulu-sortaren ale berri baten histonak zer diren azaltzen digu. Histonak DNA paketatzeko erabiltzen diren proteinak dira. Hainbat histona mota daude eta horietako batzuetan gertatzen diren aldaketen arabera, geneak aktibatzen dira.

Beste biologo batek, Ander Galarragak konpost-gailuen nondik norakoak azaltzen ditu Konpostazank! blogean. Asteon konpostaren ekosistema hurbildu digu. Badirudi hainbat ekosistema mota daudela konpost-gailua kokatzen den tokiaren eta berau hornitzen den hondakinen arabera. Ondorioz, konpost-gailuan aurkituko ditugun zizare, zomorro eta bestelako bizidunak ez dira berdinak izango hemen edo han.

Antonio Cantó dibulgatzaileak ere bizia izan du hizpide Zientzia Kaieran editatu duen artikuluan. Bertan Virginia Techen (AEB) eta Zientzia Akademia Txinarrean egindako ikerketa geobiologiko baten emaitzen berri ematen digu. Ikertzaileok Kanbriarreko bizi-eztanda baino 60 milioi urte lehenagoko bizi zelulanitzaren aztarnak aurkitu dituzte. Uste genuen baino 60 milioi urte lehenagokoak, alegia: Gero eta bizi gehiago, bizia gero eta goizago.

Jakoba Errekondo jakin-minaz azaldu zaigu asteon Argia aldizkarian. Izan ere, Uribei abizena daraman landare mordoa omen dago Hego Amerikan: Paragynoxys, Ida, Sudamerlycaste, Salvia, Clidemia, Espeletia, Machaerium, Stelia, Sobralia, Berberis, Lepanthes… eta horrez gain, Medellíngo Lorategi Botanikoak Joaquín Antonio Uribe kolonbiarraren izena du, naturalista izan omen zena eta agian, honen omenez daude hainbeste landare “uribeitar”: Uribe arraioa.

Kanadan, jatorri txinatarra duten ume frantses-hiztun elebakar eta elebidunekin egindako ikerketa baten emaitzak adierazi dute ikasten den lehen hizkuntzak, nahiz eta ahaztu, arrastoa uzten duela garunean. Egoitz EtxebestekElhuyar aldizkarian kontatzen digu, denei jarri zizkietela txineran ohikoak diren, eta frantsesak ez dituen soinuak, garunaren jarduera neuronalaren jarraipena egiteko. Eta txinera ahaztua izan arren, garunak soinu txinatarren aurrean erantzuten jarraitu zuen: Ama-hizkuntza ahaztu arren, garunean gelditzen da.

Amaia Portugal kazetariak eta Ana Galarraga zientzia-dibulgatzaileak espaziora eraman gaituzte. Amaiak Zientzia Kaiera blogean mapamundi atlas berezi baten berri eman digu. Bi hamarkadatan Lurraren atmosfera zeharkatu duten 556 asteroide biltzen dituen atlasa, NASAk egindakoa: Suzko bolen mapamundia. Anak aldiz, Philae zundak bateriak izan zituen bitartean Churyumov-Gerasimenko kometan bildutako datuen arabera, kometan molekula organikoak badaudela dirudiela kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Izotz gogorra eta molekula organikoak, Philaeren lehen emaitzen artea.

Eta gaurko bilduma amaitzeko galdera batekin esango dizuegu agur, imajinatu sintoma jakin batzuk emanda ordenagailu bati, gaixoak gripea, malaria edo ebola duen jakin nahi dugula. Zein gaixotasun du? Emango digu erantzunik ordenagailuak? Gorka Azkune informatikariak honako planteamenduei nola erantzun erakusten digu ikasketa gainbegiratua (II) artikuluan.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>