Hubble teleskopioa: 25 urte orbitan unibertsoa arakatzen

Dibulgazioa

Hubble iraupen luzeko misio zientifikoa izateaz gain, ezagutzen den arrakastatsuenetarikoa ere izan da. Milaka artikulu idatzi dira haren datuetan oinarrituz. 1990eko apirilaren 24an jarri zen Lurraren inguruan orbitan eta 25 urtetik geroztik ari zaigu informazio oso baliagarria bidaltzen astronomooi.

Hubble espazio-teleskopioa. (Argazkia: NASA)
1. irudia: Hubble espazio-teleskopioa. (Argazkia: NASA)

Hubble Lurraren atmosferatik at dugun espazio-teleskopioa da eta, gutxi gorabehera, 593 kilometroko orbitan dago. Atmosferatik kanpo dagonez, turbulentzia atmosferikoak gainezartzen dituen efektu guztiak ekiditen ditu eta horrek, kalitate oneko irudiak ateratzea ahalbidetzen dio Hubbleri.

25 urtetan hainbat aurkikuntza egin ditu eta, besteak beste, aipatzekoa da Unibertsoaren adina prezisio handiz zehaztea lortu zuela. Teleskopioaren lanari esker, esaterako, urruneko galaxien argazkietan oinarrituz, hauen eboluzioa aztertu ahal izan da eta ezagutu dugu galaxia gehienen erdiguneetan zulo beltz erraldoiak daudela.

Halaber, disko protoplanetarioen eta exoplaneten lehen irudiak atera zituen Hubblek; disko protoplanetarioen behaketei esker planeten sorkuntzaren inguruan ikerketa ugari burutu izan dira. Gainera, guregandik hurbilago dauden objektuak, eguzki-sistemako planetak adibidez, ere ikuskatu ditzake bereizmen handiz, horri esker 1994an Shoemaker-Levy 9 kometak Jupiterren aurka egindako talkak utzitako aztarnak aztertu ahal izan ziren. Eta, honek, kometa batek planeta baten aurka jotzean izan ditzakeen ondorioei buruzko ideia ere eman zigun.

2. irudia: Shoemaker-Levy9 kometak Jupiterren kontra utzitako aztarnen irudiak Hubble teleskopioak hartuta. (Argazkia: NASA)
2. irudia: Shoemaker-Levy9 kometak Jupiterren kontra izandako talken markak, Hubble teleskopioak hartuta. (Argazkia: NASA)

Teleskopioak hartutako irudiek eguzki-sistemako planeten meteorologia, konposizioa eta beste hainbat faktore ere aztertzeko eta ezagutzeko aukera eman digute. Azkenik, aipatuko dugu Hubble espazio-teleskopioaren ekarpenik garrantzitsuenetariko bat: Unibertsoa espantsio azeleratuan dagoela antzematea. Honek ondorioztatzen baitu energia iluna existitu behar dela azelerazio hau gertatu ahal izateko.

Adinean aurrera doan misioa den arren, egun lehen mailako ikerkuntza egin daiteke Hubblerekin. Bost zerbitzu-misio joan dira teleskopiora konponketak eta berrikuntzak egitera, eta, horri esker, lanean jarraituko du aurrerantzean ere.


Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kidea.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.