Arantza Ugalde sismologoak, lurrikaren hizkuntza aztertzen du

Uxune Martinez

1906. urtean San Frantzisko hiria suntsitu zuen minutu bakarreko lurrikarak. Hau izan zen argazkiekin eta pelikulekin dokumentatu zen lehen fenomeno sismikoa. Sasoi hartan geologoek ez zekiten zein zen hauen oinarria. Izan ere, ez zekiten failak ziren lurrikaren oinarria edota hauen ondorio. San Frantziskoko lurrikara hura, besteak beste, baliagarria izan zen kontzientzia hartzeko eta egiaztatzeko Lurraren dardarak ez zuela hirietako bizilagunik akabatzen, eraikuntza kaxkarrek baizik. Beraz, lurrikaren arazoa lurrazalean dugu ez erraietan.
Gaur egun lur-dardaren aurrean dugun ahultasuna saihesteko, ustez, noiz gertatuko diren aurresaten dihardute sismologoek. Baina zaila da lurrikara bat noiz gertatuko den iragartzea. Beraz, zer egiten dute sismologoek?

Arantza Ugalde Aguirre sismologoak Katalunian egiten du lan, lurrikaren hizkuntza aztertzen dihardu, eta haren esanetan ezinezkoa da Lurraren indarraren kontra egitea, indar horren aurrean egokitzea edo moldatzea besterik ez dugu. Lurrikarak, haren esanetan, Lurraren barrualdea ikusteko aukera ematen duten X izpiak dira.

Arantza Ugalde sismologoa.

Arantza Ugalde sismologoa.

Arantza Ugalde 1966. urtean jaio zen Barakaldon eta egun Lleidan bizi da. Gaztea zelarik familiarekin batera Kataluniara joan zen bizitzera eta bertan ikasi zuen fisika. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan Fisikan doktoratu zen. Fisika-ikasketak egiten hasi zenean ez zuen buruan lurrikaren bueltan aritzea. Espezializazioa hautatzeko unean, aukeran zituzten arloen berri emateko hitzaldi-sorta bat antolatu zuten unibertsitatean eta sismologiari buruz hitz egin zuen hizlariaren hitzek txunditu zuten. Orduan erabaki zuen lurraren dardarei erreparatzea eta ikerketa abiatzea arlo horretan.

Behin erabakia hartuta, Japoniara joan zen ikasketak burutzera eta bertan bizi izan zuen bere lehen lurrikara. Gau baten gertatu zen, lotan zegoela eta ohetik botarazi zuen lurraren dardarak. Zorionez, lurrikara hark ez zuen kalterik sortarazi.

Arantza Ugaldek lurrikarak ikertzen ditu, haren lana, arrisku sismikoen menpe dauden herrialde aktiboei begira dago eta uhin-sismikoen indargabetzean oinarritzen da. L’Observatori de l’Ebreko (Ebroko Fisika Kosmikoko Behatokia) sismologia saileko zuzendaria izan da eta egun, CSICek Bartzelonan duen Jaume Almera Institutuko Lurraren Egitura eta Dinamikako Saileko ikertzailea da. Horrez gain, irakaslea da Ramon Llull Unibertsitatean.

Estazio sismikoetatik zuzenean jasotako datuak aztertzen ditu eta eszeptikoa da lurrikarak aurresateko aukerei buruz. Hainbat urtez datuak bildu eta ikertu ondoren, lurrikarak aurresatea ezinezkoa dela onartzen du eta bestalde, teknologia aurrera joan ahala ere, fenomeno hauek arrakastaz iragartzea aurretiaz oso zaila ikusten du. Baina, sismologoen lanari esker zehaztu daiteke zein eskualdek duen arrisku gehiago lurrikara bat pairatzeko. Arantzaren esanetan, sismologoek ezin dute aurresan, baina bai pronostiko bat egin eta leku arriskutsuenak izendatu ditzakete.

Ikerketa eta irakaskuntza lanez gain Arantza Ugaldek kultura zientifikoa eta ezagutza zabaltzeko ekintzen bultzatzailea ere izan da, hori dela eta, Jaume Almera Institutuko Kultura Zientifikoko Zerbitzuaren koordinatzailea ere bada. Horren baitan, CSICek 2009. urtean argitaratu zuen “Cuando la tierra tiembla” liburuaren koordinatzailea izan zen. Publiko orokorrari zuzendua dagoen argitalpen honen helburua izan da, modu errazean azaltzea zeintzuk diren lurrikaren ezaugarriak eta zergatiak.

Lurraren dardarak ikertzea, ezagutza zabaltzea eta korrika egitea dira Arantzaren hiru pasio. 2010. urtetik aurrera maratoietan parte-hartzen du eta korrikalari bezala dituen bizipenak kontatzen ditu Mujeres que corren blogean.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>