Zelula ametan oinarritutako medikamentuak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel ikertaldeak zelula amei egokitutako sendagaiak diseinatzeko eta garatzeko sistema biomimetiko bat garatu du. Sistema honi esker, sendagaion funtzionalitatea eta gaitasun terapeutikoa hobetu ahal izango da. Gaur egun tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasun kronikoetarako aukera berriak zabaltzen dio ekarpen honek.

Mikrokapsuletan ibilgetutako zelula ama mesenkimalak. (Argazkia: UPV/EHU)
Mikrokapsuletan ibilgetutako zelula ama mesenkimalak. (Argazkia: UPV/EHU)

Zelulen terapia gero eta maizago erabiltzen da gaixotasunei aurre egiteko. Zelula amak erabiltzeak izugarrizko aurrerapausoa ekarri du, eta hainbat ikertaldek gero eta sarriago erabiltzen dituzte. Medikamentu klasikoek ez bezala (konprimituak eta kapsulak, adibidez), botika berriok biomaterial eta zelula onenak konbinatzen dituzte, substantzia terapeutikoak askatzeko sistemak sortzeko.

Zelula amek substantzia immunomodulatzaileak jaria ditzakete, sistema immunea eraldatzeko gai direnak. Gainera, substantzia horiek jasotzen dituen organismoak ez ditu arrotzat hartzen, eta, hala, beste espezie batzuetan txerta daitezke, sistema immuneak baztertu gabe. Bestalde, zenbait zelula motatan bereizten dira; hori dela eta, aukera gehiago ekar ditzakete leheneratzeko medikuntza bezalako beste terapia batzuk lantzeko. Baina, zelula amen ahalmen guztia baliatu ahal izateko, haiek behar bezala garraiatu eta txertatuko dituzten sistemak diseinatu eta garatu behar dira.

UPV/EHUko NanoBioCel ikertaldeak, bere lanean, sistema biomimetiko bat garatu du genetikoki aldatutako D1 zelula ama mesenkimalak erabiliz, eritropoietina (EPO) jariatzeko. Zelulak immobilizatzeko erabilitako mikrokapsulak aldatu egin zituzten, atxikitze peptidoen kontzentrazio desberdinak erabiliz, zelulek gehiago iraun ahal izateko.

Lortutako emaitzek erakutsi zutenez, atxikitze peptidoa zuten mikrokapsulek hobetu egin zuten zelula ama kapsulatuen jarduna, EPO gehiago jariatu zuten eta. Horrez gain, egiaztatu zen diseinaturiko sistemek ez zietela kalterik egin zelula immobilizatuei, ezaugarri propioei eutsi baitzieten. Gero, bigarren fasean, mikrokapsulak animalietan txertatu eta esperimentuak egin ziren, ikusteko in vivo inguruneak nolako eragina sor zezakeen zelula ama kapsulatuen jokabidean. Azterlana saguetan egitean, ez zen alde handirik nabaritu atxikitze peptidoa zuten mikrokapsuletan immobilizaturiko zelula amen eta atxikitze peptidorik gabeko mikrokapsuletako zelula amen artean; dena dela, zelula gehienek bizirik iraun zuten saio guztian. Era berean, ikusi zen substantzia terapeutiko gero eta gehiago jariatu zela denborak aurrera egin ahala.

Gaur egun, hainbat taldek dihardute mikrokapsulazio zelularrarekin loturiko ikerketak egiten, saio klinikoak barne. Izan ere, alternatiba terapeutiko horrek aukera asko ekar ditzake gaur tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasun kronikoei aurre egiteko. Bestalde, aukera berriak zabaltzen dira zelula amak teknologia horretan txertatuta, sendagaiak jariatzeko sistemak eta leheneratzeko medikuntza errazago konbinatzen baitira.

Erreferentzia bibliografikoa:
Garate, A., Ciriza, J., Casado, J.G., Blázquez, R., Pedraz, J.L., Orive, G., Hernández, R.M. Assessment of the Behavior of Mesenchymal Stem Cells Immobilized in Biomimetic Alginate Microcapsules. Molecular Pharmaceutics. 2015eko aza. 2a; 12(11): 3953-62.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Zelula ametan oinarrituriko sendagaien garapena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.