Saturnoko atmosfera gas multzo erraldoi bat da, Lurrarena baino hamar aldiz handiagoa, eta batez ere hidrogenoz osatuta dago. Eguzki-sistemako planeta guztiek baino zorrotada korronte zabalagoa eta biziagoa du. Ekuatore atmosferan 1.650 km/h-ko abiadura ere hartzen duten haizeak ibiltzen dira mendebaldetik ekialdera, Lurraren ekuatorean sortzen diren urakan-haize suntsitzaileek halako hiruko indarra dutenak.
Saturnoren atmosferako zorrotada korronte handi horrek 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak elikagaitzat dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik. 2003. urtean UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak ohartarazi zuen dagoeneko, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten bitartez, haizeak hodeien mailara jaitsi zirela gogorki, Voyager zundek planeta bisitatu zutenean behatu zenarekin alderatuta.
“Iazko ekainean, Aula EspaZio Gelako 28 cm-ko teleskopio soil baten bidez, ikusi genuen orban distiratsu bat zegoela Saturnoren ekuatorean eta 1.600 km/h abiaduran mugitzen zela. Abiadura hori ez zen 1980az geroztik inoiz ikusi Saturnon”, azaldu du Agustín Sánchez Lavegak, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko eta Gelako zuzendariak. Handik hilabetera, Zientzia Planetarioen Taldeko kideek atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu ahal izan zuten. Horretarako, taldeak berak garatutako eta Almeriako Calar Altoko behatokiko 2.2 m-ko teleskopioan instalatutako PlanetCam kamera erabili zuten. Ikerketan, beste herrialde batzuetako behatzaileek teleskopio txikiak erabiliz lortutako irudiak ere erabili zituzten.
Ikertzaileek xehetasunez aztertu ahal izan dute fenomenoa; izan ere, Hubble Espazio Teleskopioaren zuzendariak berau erabiltzeko denbora eman zien, Saturnoren irudiak hartu ahal izateko, garai hartan Cassini ontzia Saturnoren orbitan zegoenez ezin zen-eta planeta ondo ikusi. “Hubblen behatzeko denbora lortzea oso zaila da, oso lehiakorra baita, baina haren bidez lortutako irudiak oso kalitate onekoak dira, eta erabakigarriak izan dira ikerketan”, azaldu du Sánchez Lavegak.
Zenbat eta sakonago, haize bortitzagoak
Orban distiratsua osatzen zuten hodeien mugimendua (7.000 km inguruko ekaitz izugarria) eta horien inguruan zeudenena aztertu ondoren, ikertzaileek informazio berri eta baliagarria lortu dute planetaren zorrotada korronte ekuatorial handiaren egiturari buruz. Gainera, ikertzaileek atmosfera egiturek zein altuera lortzen zuten aztertu zuten, eta, horren bitartez, zehaztu zuten zenbat eta sakonago orduan eta gehiago handitzen direla haizeak. 1.100 km/h abiadura lortzen dute goi atmosferan, baina 1.650 km/h abiadurara iristen dira 150 km inguruko sakoneran. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan, korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera oso aldakorrak dira, urte sasoiko intsolazio zikloak Saturnon duen eragina dela eta. Intentsitatea areagotu egiten da, ekuatorearen gainean eraztunen itzala aldakorra delako.
Bada planetaren ekuatorean dagoen beste fenomeno meteorologiko bat, haizean eragin handia izan dezakeena: Urte Erdiko Oszilazioa (SAO). Hodeien sabai gainetik 50 km-ra gertatzen da, gutxi gorabehera; fenomeno horren eraginez, tenperaturak oszilatu egiten dira eta haizeen norabidea eta indarra ekialdetik mendebaldera aldatzen dira.
Saturnoren meteorologia ekuatorialaren konplexutasun hori gutxi balitz bezala, latitude horietan Orban Zuri Handia izenekoa garatu da hiru aldiz, 1876., 1933. eta 1990. urteetan. Planetari bira osoa ematen dion ekaitz erraldoi bat da eta sei aldiz baino ez da ikusi azken 150 urteotan. Zientzia Planetarioen Taldeak eginiko ikerketak iragarri du ekaitz erraldoi hori dela zorrotada korronte ekuatorialean aldaketa eragin duten eragileetako bat.
“Fenomeno horiek guztiak gure planetan ere gertatzen dira, baina beste eskala batean. Hori dela eta, fenomeno horiek beste mundu batzuetan baldintza oso desberdinetan ikertuz gero, horiek hobeto ulertu ahal izango ditugu eta ereduak eraiki”, esan du ondorio gisa Agustín Sánchez Lavega astrofisikariak.
Erreferentzia bibliografikoa
A. Sanchez-Lavega, E. García-Melendo, S. Perez-Hoyos, R. Hueso, M. H. Wong, A. Simon, J. F. Sanz-Requena, A. Antuñano, N. Barrado-Izagirre, I. Garate-Lopez, J. F. Rojas, T. del Rio Gaztelurrutia, J. M. Gómez-Forrellad, I. de Pater, L. Li, T. Barry “An Enduring rapidly moving storm as a guide to Saturn’s equatorial jet complex structure”, Nature Communications, 10.1038/NCOMMS13262.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ezagutarazi dira Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak.