Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Janaria
Animalia asko ura iragaziz elikatzen dira; horietako gehienak urtarrak dira. Ur-bolumen handietan esekiduran dauden janari-partikulak harrapatzen dituzte ura iragaziz eta, harrapatu ondoren, irentsi egiten dituzte. Ur-masa naturaletan partikula asko daude esekiduran. Partikula horiek mikroskopikoak dira, eta oso kontzentrazio altuetan bil daitezke. Ur mililitroko ehun mila partikulatik gora egon daitezke uhertasun handiko uretan, eta oso garbi dagoen urak berak ere mililitroko bost mila partikulatik gora izan ditzake.
Belakiak, bibalbioak, krustazeoak eta beste talde batzuetako espezie asko elikatzen dira horrela. Talde bakoitzak bere metodoa erabiltzen du iragazi behar den ura ponpatzeko, baina gehienek ura mugiarazten dute zilio edo luzakin berezien mugimenduen bitartez. Janariaren ezaugarriei dagokienez, mota askotakoak dira animalia iragazle horiek jaten dituzten partikula mikroskopikoak. Duten elikatze-balioaren ikuspuntutik alga mikroskopikoak dira garrantzizkoenak, baina, mikroalgez gain, badira partikula detritikoak ere, mota askotakoak gainera. Kalitate handi zein gutxikoak izan, janaria dira partikula horiek, materia organikoz osaturik daudelako. Partikula organikoez gain, materia ezorganiko partikulatua ere bada ur-esekiduretan, eta materia horretan ere atxikita egoten da materia organikoa, janari diren bakterioez betea gainera. Modu batera edo bestera, asko dira esekiduran dauden partikulak, eta gehienek badute nolabaiteko elikatze-balioa.
Animalia iragazleak planktonikoak [1] edo bentonikoak [2] izan daitezke. Kopepodo planktonikoak, adibidez, oso ugariak dira eta oso garrantzitsua da sare trofikoan betetzen duten funtzioa. Kopepodoak eta haiek bezalako beste artropodo planktoniko txikiak arrain askoren eta zenbait harrapariren janari dira. Hortaz, lehen mailako zenbait ekoizleren (mikroalgak) eta bigarren mailako beste zenbait ekoizleren (zenbait arrain) arteko lotura egiten dute.
Iragazle bentonikoak ere garrantzi handikoak dira. Bibalbioak dira ugarienak, baina horiez gain badira beste zenbait espezie, hala nola belakiak, gastropodo iragazleak, lanpernak (artropodoak) edo aszidiak. Esan bezala, bibalbioak dira iragazle bentoniko ugarienak, eta ura ponpatzeko ahalmen ikaragarria dute. Adibide gisa esan daiteke gramo bateko masa lehorra (maskorra kenduta) duen muskuilu batek bi edo hiru litro ponpatu ditzakeela orduko. Hau da, bi edo hiru litro ur ―edo gehiago ere― igaroarazten ditu orduro bere brankietatik, brankiak baitira bibalbioen iragazkiak. Horrek esan nahi du tamaina horretako muskuilu batek 60 litro ur ponpatu eta iragaz ditzakeela egun batean. Hori dela eta, eragin handia dute bibalbioek itsasadar, badia eta antzeko ekosistemetan. Bi adibide ikusiko ditugu hemen.
Arosako Itsasadarrak 4.335 milioi metro kubo ur ditu eta, mareak sorturiko ur-mugimenduaren eraginez, 23 egun behar dira, gutxi gorabehera, ur-bolumen hori berriztatzeko. Emankortasun handikoa da: 7.000 milioi gramokoa da estuarioan kultibatzen diren muskuiluen biomasa (maskorrik gabeko masa lehorra). Jakina, margola- eta txirla-populazio handiak ere badira Arosako itsasadarrean, baina horiek ez ditugu hemen kontuan hartu. Bada, muskuilu horiek eguneko 350 milioi metro kubo ur iragazi eta 12 egun behar dituzte itsasadarraren ur osoa iragazteko, badiaren ura berriztatzeko behar den denboraren erdia, hain zuzen ere.
Oosterschelde Herbehereetako estuario handienetako bat da. Azken hamarkadetan bertako biztanleak ekaitzetatik eta uholdeetatik babesteko egin diren lanen ondorioz, nahikoa itxita geratu da. 2.740 milioi metro kuboko ur-bolumena dauka (Arosako itsasadarraren erdia), eta ur horrek estuarioan egiten duen egonaldiaren batez bestekoa 40 egunekoa da. Bada, 8.500 milioi gramokoa da estuarioko berberetxo eta muskuiluen biomasa. Bibalbio horiek 740 milioi metro kubo ur iragazten dituzte eta, beraz, 4 egun baino gutxiago behar dute ur guztia iragazteko, itsasadarraren ura berriztatzeko behar den denboraren hamarren bat, gutxi gorabehera.
Bi adibide horietan ikusi ditugun ura iragazteko denborak ez dira muturrekoak; badira denbora laburragoak eta luzeagoak ere, baina gehienak Oosterscheldeko edo Arosako itsasadarretan kalkulatu direnen antzekoak dira. Bada, denbora horiek argi adierazten dute zer neurritakoa izan daitekeen bibalbioen jardueraren eragina. Jarduera horri esker, esekiduran dagoen materia partikulatua ―etengabe sortua edo ibaiak ekartzen duena― iragazi egiten da. Adibide gisa, ikus honako datuak: Gernikako Itsasadarrean dauden bibalbioek, oso gutxi badira ere, 1’2 milioi metro kubo ur iragazten dute eguneko, eta esekiduran dagoen materia partikulatuko 4 Tn (masa lehorra) hartzen dute ur-masatik denbora horretan. Bibalbioen jarduerei esker, ura garbiago mantentzen da, elikagaiak arinago birziklatzen dira eta, ondorioz, lehen mailako ekoizpena sustatzen da.
Oharrak
[1] Ur-zutabean dauden eta aktiboki mugitzen ez diren bizidunen multzoa da planktona.
[2] Hondoan bizi diren bizidunen multzoa da bentosa.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
1 iruzkina
[…] Iragazle mikrofagoez aritu gara aurreko atalean, baina badira mikrofagoak ―edo mikrofago hutsak― ez diren animalia iragazleak ere, batzuk oso ezagunak gainera. Zenbait arrain ura iragaziz elikatzen dira. Horien artean daude marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus) (13 metroko luzera) eta marrazo […]