Iragazle erraldoiak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


Iragazle mikrofagoez aritu gara aurreko atalean, baina badira mikrofagoak ―edo mikrofago hutsak― ez diren animalia iragazleak ere, batzuk oso ezagunak gainera. Zenbait arrain ura iragaziz elikatzen dira. Horien artean daude marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus) (13 metroko luzera) eta marrazo balea (Rhincodon typus) (23 metroko luzera), ozeanoetako arrainik handienak, hain zuzen ere. Uretan igerian bizi diren animalia txikiak (baina ez halabeharrez mikroskopikoak) iragaziz elikatzen dira biak.

1. irudia: Rhincodon typus espezieko marrazo balea Georgiako akuarioan. (Argazkia: esAcademic)

Hegaztien artean ere badira animalia iragazleak, flamenkoak (Phoenicopterus generokoak) esaterako. Mokoan dituzten lamelei esker harrapatzen dituzte ur-esekiduran eta jalkinetan bizi diren alga eta krustazeo txikiak. Iragazi egiten dituzte eta, iragazteaz gain, jateko onak direnak hautatu egiten dituzte eta baliorik gabeko jalkin-partikulak baztertu.

2. irudia: Flamenkoak uretan zein lurrean bizi daitezkeen hegaztiak dira eta krustazeoz eta algaz elikatzen dira.

Iragazle handienak, bestalde, baleak dira, munduko animalia handienak hain zuzen ere. Euphasiacea ordenako kideak diren “krill” izeneko krustazeo txikiak jaten dituzte baleek; izkirak dira, 3-5 cm-ko luzerakoak. Ozeano Antartikoan 500 milioi tona krill daudela kalkulatu izan da. Multzotan egoten dira eta multzo bakoitzak bi milioi tona izan ditzake. Balea urdinak eguneko lau tona jaten du.

3. irudia: Krill (Meganyctiphanes norvegica) (Argazkia: Øystein Paulsen – Wikipedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Baleek migrazio-bidaia oso luzeak egiten dituzte. Udaberrian poloetara hurbiltzen dira, janari ugaria baitago udaberrian eta udaren hasieran. Poloen inguru horietan hiru bat hilabete egin eta jaten dutenari esker gantz-erreserba handiak pilatzen dituzte. Gantz horren funtzioa bikoitza da, gainera: batetik, larruazalaren azpian gordetzen dutenez, isolatzaile termiko aparta da, eta hori oso ondo datorkie ur hotz horietan bizi ahal izateko, eta, bestetik, ugaltze-sasoian balearen energia-iturri nagusia bilakatzen da koipe edo gantz hori. Udaren amaieran migratzen dute berriro, eta alde tropikal edo azpitropikaletara abiatzen dira, ugaltzera. Ugaltze-sasoian kasik ez dute jaten, baina larru azpiko lipido-geruza ur epeletan behar ez dutenez, energia sortzeko erabiltzen dute.

Azkenean, ura iragaziz harrapaturiko krill hori da baleen energia-iturri nagusia, bai itsas hotzetan bizi diren bitartean bai eta, geroago, ugaltze-sasoia heltzen denean ere.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.